2019ko IRIentzako Lan Eskaintza Publikoa: LAB Jo ta Ke lanpostuak egonkortzearen alde

UPV/EHUko zuzendaritzak abenduaren 12an egingo den Gobernu Kontseilura eramango duen IRIentzako 2019ko Lan Eskaintza Publikoaren proposamena aurkeztu digu. Aurreko urteetan bezala, birjartzetasa % 100 izango da, eta orotara 146 lanpostu eskainiko dira. Horietako % 87,6, hau da 128, gaur behinbehinekoak direnak egonkortzera zuzenduta daude. Gainera, 9 irakasle oso plaza sortuko dira eta 18 katedra sortuko dira, barne promozioz beteko direnak (azken hauek ez dute birjartzetasa kontsumitzen). Dena den, esandakoa, oraindik onartu behar da Gobernu kontseiluan.

LABek lortu du administrazioaren lehenengo proposamena moldatzea bi plaza gehiago irakasle-ikertzaileak egonkortzeko dedikatzea. Honek zain daudenen zerrenda arintzeko balioko du. LABek irmoki defendatzen du plaza gehiago erabili behar direla IRIen behin-behinekotasun tasa jaisteko eta salatzen du irizpide ekonomikoengatik administrazioa bide horretatik ez joatea (iraunkorra izatearekin batera seiurtekoak jasotzeko eskubidea dago, besteak beste).

Halaber, aipatu Ikertzaile Egonkorra izateko ez dela derrigorrez Ramon y Cajal izan behar, hori bai, I3 akreditazioa eskatuko da.

Honako taula honetan ikus daiteke azken urteotan LEPak izan duen bilakaera, baita aurtengo proposamena ere:

LABetik positibotzat jotzen dugu plaza gehienak irakasle-ikertzaileak egonkortzeko dedikatzea (% 87,6), baina gogoratu behar dugu birjartzetasak eta irizpide ekonomizistek mugatzen dutela figura iraunkorretarako akreditatuta dauden 130 irakasle (2018-12-31 datan, orain gehiago izango dira) baino gehiagoren lanpostua egonkortzea. Era berean, ikertzaileei ibilbide akademikoan aurrera egiteko eta baldintza berdinetan irudi iraunkorretara igarotzeko eskubidea izan dezaten lan egingo dugu; hori bai, euskararen eskakizuna duten plaza kuota bat negoziatu behar dela exijitzen dugu.

Bestalde, gogoratzen dizuegu “Irakasle agregatua, doktore kontratatua edo titularra izateko akreditazioa duten irakasle atxikien eta postu hutsak betetzen ari diren lan kontratudun bitarteko irakasleen zerrenda” hemen argitaratu dela. Gogoan izan Irakasle bakoitzaren puntuak kalkulatzeko honako irizpide hauek erabili direla (2018-12-31 datan): agregaturako/titularrerako akreditazioa lortu zenetik urte bakoitzeko puntu 1, eta irakasle atxiki bezala egondako urte bakoitzeko 0,5 puntu. Komenigarria da zerrendak dakarren puntuazioa ondo ote dagoen begiratzea, eta akatsik sumatuz gero, jakinarazi Irakasle eta Ikertzaileen arloko errektoreordetzari (vrprofesorado@ehu.eus) –eta guri nahi izanez gero– akatsa zuzen dezan.

Web orri berean erretiroen kontura katedradun/oso plazen zerrenda dago, UIBren aldeko txostena izan dutenak, lehentasunaren arabera. Baita ere titularrerako akreditazioa duten agregatuen/doktore ikertzaile iraunkorren zerrenda.