2020ko azaroaren 12ko Klaustroan errektoregaiari LABetik sostengatutako galderak eta jasotako erantzunak

Errektore hauteskundeetan ohikoa denez, errektore izateko hautagaiak programa aurkezteko Klaustroa burutu zen azaroaren 12an. Eva Ferreira errektoregaiak  bere programa aurkeztu zuen eta ondoren klaustrokideek aurkezturiko galdereei erantzun zien. Besteren artean, LABetik sostengatutako 19 galderak erantzun zituen.

Hona hemen erantzunak:

1. Osagarriak

Deigarria da programa osoan “soldata” eta “osagarriak” hitzak ez agertzea. Izan ere, azken urteetan EHUko irakasle eta ikertzaileen kezka handi bat izan da gai hau. Soldata osatzeko sortutako ordainsari hauen deialdiak normalizatuko liratekeela ematen zuenean, egoera berri batekin topatu gara non deialdiak atzeratu diren, langileei kalteak sortzen.

Zein neurri zehatz hartuko du errektoretzara aurkezten den taldeak deialdiak urtero ateratzeko eta garaiz ateratzeko, hau da, deialdia ateratzen den urte berean osagarriak ebazteko, hurrengo urtean jasotzen hasi ahal izateko?

Erantzuna:

Ulertzen dugu, bai, urtero osagarri deialdia normaltasunez argitaratu behar dela eta urte horretan bertan ebazteko ahalegina egin behar dela. Prozesuan agente batek baino gehiagok hartzen dute  parte, eta gure asmo da haiekin guztiekin lan egitea hala izan dadin, haien beharrak eta lan zamak ere kontuan hartu behar ditugulako.

2. Seiurtekoak aldi baterako irakasle/ikertzaile

Badaude EHUn irakasle eta ikertzaile asko ikerketa meritu nahikorekin ikerketa osagarriak (seiurtekoak) jaso ahal izateko. Hala ere, beren alde baterako kontratuen izaeragatik ezin dituzte eskatu. Egoera hau diskriminazio bat suposatzen du, zeren eta kasu batzuetan, meritu batzuk aurkeztuta, irakasle/ikertzaile iraunkor batek eskatzen eta lortzen ditu seiurtekoak eta artikuluen beraien egilea den irakasle/ikertzaile ez iraunkor batek ezin baititu eskatu.

Zuen programaren “Pertsonak” atalean “Banakako eta taldeko lanaren prestigioa eta aintzatespena.” Aipatzen da. Zein neurri hartuko du errektoretzara aurkezten den taldeak irakasle ez-iraunkorrek sei urtekoak eskatu ahal izateko eta, aitortuak izatekotan, osagarri ekonomikoa jaso ahal izateko?

Erantzuna:

Egia da, erreposizio-tasaren ondorioz, iraunkor izan behar lukeen irakasle-ikertzaile batzuek ez dutela kontratu edo lanpostu iraunkor bat lortzeko aukera izan, eta, ondorioz, nahiz eta seiurtekoa eskatzeko meritu nahikoak izan, ezin izan dutela bide normalean lortu. Halere, orain dela gutxi hasita, zenbait irakasle ez-iraunkorrek badute seiurtekoa eskatzeko aukera  baldin eta bitarteko kontratu baten bidez lanpostu iraunkor bat betetzen bada. Bada aurrerapausu nabarmena.

3. Kolaborazioa armagintzarekin

Zuen programan, aipatzen dira maiz GJHak. GJHen artean 16. dago, “Bakea, justizia eta erakunde sendoak” leloa daukana. Hala ere, aurreko urteetan EHUk partu hartu ditu hainbat ekimenetan helburu horietatik nahiko urrun daudenak (Ikastaroak eta mintegiak Defentsa Ministerioarekin, Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean parte-hartzea armagintza enpresen patronalarekin edo Defentsa Ministerioaren organo ezberdinekin, edota armagintzan parte hartzen duten zenbait euskal enpresekin -ITP, Aernnova, Sener…- hitzarmen eta ikerketa kolaborazioak izatea).
Errektoretzara aurkezten den taldeak konpromiso bat hartuko du armagintzarekin erlazioa daukaten eragileekin ez kolaboratzeko?

Erantzuna:

Gure unibertsitatearen estatutuak argiak dira zentzu horretan. Gure unibertsitateak bake- eta elkarbizitza-balio demokaratikoak sustatuko ditu, eta euskal gizarteak garapen justu eta jasangarria izatera lagunduko du,  indarkeria eta terrorismoa ukatuz.
Balio horiekin, indarkeriazko edo indarkeriara bultzatzen duen ekintza edo jarduera zehatz bakoitza baztertu eta, hala badagokio, debekatu egingo dugu.

4. Irakasle osoek errektore izan ahal izatea

Unibertsitateen Lege Organikoak errektorea izateko katedraduna izan behar dela ezartzen du. EHUn irakasle osoak parekatuta daude katedradunekin esparru gehienetan baina ezinezkoa daukate errektore izan, diskriminazio bat suposatzen duena (beste figurak okupatzen dituzten irakasle/ikertzaileen ezintasun berarekin sartu gabe…). Errektoretzara aurkezten den taldeak ekimenen bat egingo du aipatutako legearen balizko aldaketan alderdi hau kontuan hartuta izan dadin?

Erantzuna:

Hain zuzen ere, irakasle funtzionarioen eta lan-kontratudun irakasleen estatusa parekatuta dago gure unibertsitatean, eta, horregatik, katedradun baten eta irakasle oso baten arteko eskubideak eta betebeharrak, adibidez, ia berdinak dira. Gai horrek gure eskumena gainditzen du, baina Unibertsitateen lege organikoaren erreforma planteatzen denean horretan eragiten saiatuko gara.

5. Gainontzeko irakasle/ikertzaileak azpiordezkatuta

“Gobernantza eta baliabideak” atalean “Unibertsitateko kolektibo guztiek gobernantza-estrategietan parte-hartze handiagoa izan dezaten sustatzea.” jasotzen da.
2020ko urriaren datuen arabera Gainontzeko Irakasle eta ikerlarien kolektiboan 2081 irakasle eta 1204 ikertzaile agertzen dira. Irakasle eta ikertzaile ez iraunkorrak EHUko irakasle eta ikertzaileen % 58,56 dira (%54,54 lanaldi osoaren pareko bezala zenbatzen badira). Hala ere, irakasle eta ikerlari ez iraunkorren kolektiboa minorizatuta dago EHUko ordezkapen gune guztietan:

  • Klaustro honetan irakasle iraunkorrek 153 ordezkari dituzte (ordezkarien %63,75) eta gainerako irakasle eta ikertzaile kolektiboak 5 ordezkari baino ez ditu (%2,09).
  • Gobernu Kontseiluan irakasle eta ikertzaile iraunkorren kolektiboak 10 ordezkari dauzka, eta Gainontzeko irakasle eta ikerlarien kolektiboak bakarrik bat.
  • Ikastegien batzarren kasuan, Ikastegien arautegi markoan irakasle eta ikerlari iraunkorren ordezkaritza %60-65ean ezarrita dago, gainontzeko irakasle eta ikerlarien kasuan %2-5a izanda.

​​​​​​​Begi-bistako desberdintasun honen aurrean eta gainontzeko irakasle eta iraunkorren minorizazio honen aurrean, zein neurri hartuko du errektoretzara aurkezten den taldeak kolektibo honen presentzia handitzeko EHUko ordezkaritza guneetan? Prest al dago EHUko Estatutuak aldatzeko kolektibo zabal honen ordezkaritza handitzeko?

Erantzuna:

Ondo esaten duzuen bezala, gai honek estatutuen erreforma eskatzen du; horrek eskatzen eta suposatzen duenarekin. Portzentai hori handitzeko, beste kolektibo baten ordezkaritza murriztu beharko da, noski. Ez dut arazorik ikusten eztabaida hori sortzeko. Baina egitekotan, epe ertainean islatu nahi dugun presentziaren ikuspegitik aztertu behar da. Nolanahi ere, gure lehentasuna irakaslegoaren iraunkor-ezaren tasa, ahalik eta gehien murriztea izan behar da.

6. Ikertzaileen ibilbidearen definizioa

“Pertsonak” atalean ““Ikertzaileen figurak garatzea eta finkatzea, ikerketa-taldeentzako laguntza gisa.”

2024an: Figura horiek irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrendan sartzea, eta haien funtzioak hobeto argitzea.”

Gaur egun ez dago oraindik EHUn Ikerketa irakaslerik, nahiz eta legean aspaldi jasota egon. Era berean, Ikertzaile doktore lanpostua lortzeko prozedura eta irizpideak ez daude guztiz zehaztuta (I3a akreditazioa izanda, zein beste irizpide bete behar dira?). Aldi berean, ikertzaile iraunkorrentzako plazak pilatzen dira lehiaketara atera gabe eta batzuk galtzeko arriskuan daude. Honek guztiak indefinizio bat sortzen du ikerketa ibilbidea aukeratu duten ikertzaileengan. Deigarria da irakurtzea 2024rako ikertzaileen figuren funtzioak hobeto argitzea helburu bat dela.

​​​​​​​Zehaztuko du errektoretzara aurkezten den taldeak ikertzaileentzako ibilbidea egoera honekin amaitzeko?

Erantzuna:

Ikertzaileen figurak garatzea eta finkatzea gure programan agertzen den asmoetako bat da. Horretarako araudia egon badago, orain baliabideak izatea eta barne akordioak lortzea da behar duguna aurrera pausuak eman ahal izateko. Hainbat muga direla eta, ez bakarrik ikertzaile iraukorren plazetan, beste figura batzuetan ere pilaketak sortu dira. Halaber, akreditazioaz gain, lehiaketan aintzat hartu beharreko irizpideak finkatu beharra dago edozein figuraren kasuan, ikertzaile irakaslearena barne. Espero dugu hurrengo urteetan gai horiei eutsi ahal izatea. Esan bezala, gure intentzioa figura horiek lanpostuen zerrendan sartu eta haien funtzioak definitzea da.

7. Euskara masterretan

“Prestakuntza” atalean honako hau jasotzen da: “Orobat, ingelesezko masterren eskaintza zabaltzea, beste herrialde batzuetako ikasleak erakartzeko, bai euskarazko lanbide masterren eskaintza ere.”

Errektoretzara aurkezten den taldeak, gainontzeko masterretan euskaraz ikasteko aukera alde batera utzi du jada?. Ez al du neurririk hartuko gainontzeko masterretan euskararen presentzia handitzeko?

Erantzuna:

Uste dugu ahalegin berezia egin behar dela eta zaindu egin behar direla euskarazko masterrak, batez ere gizartearen aldetik eskaera dagoenean. Eta zaintza hori bateragarria izan behar da masterren nazioartekotasunarekin; izan ere, gure ikasle guztiek (euskaldunek ere) interes gero eta handiagoa erakusten baitute masterrak ingelesez egiteko aukerarekin.

8. Arreta euskaraz bermatzeko neurriak

EHUko gune batzuetan oraindik ez da jasotzen arreta euskaraz (eraikin batzuen atezaintzetan, EHUko zerbitzu batzuetan, azpikontratatutako zerbitzu batzuetan…)
Zein neurri hartuko du errektoretzara aurkezten den taldeak ikasle eta langile euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatuak izango direla bermatzeko?

Erantzuna:

Beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu horretarako dauden tresnak erabiliz (euskalduntze plana, hizkuntza irizpideak kontratazioan, ..).

9. Harremanak EHko beste unibertsitateekin

“Prestakuntza” atalean honako hau jasotzen da: “4. Euskampus-Bordele Mugaz Gaindiko Campusa eta atzerriko beste unibertsitate batzuekiko harremanak sendotzea, baita Graduondoko Sare Latinoamerikarra ere.”

Urruneko unibertsitateekin harremanak sendotzea aipatzen da. Errektoretzara aurkezten den taldeak Euskal Herrian dauden beste unibertsitate publikoekin harremanak gehiago sendotzeko neurriak pentsatuta dauzka?

Erantzuna:

Nafarroako zein Iparraldeko unibertsitateekin harremana bultzatzea garrantzitsua deritzogu, batera antolatutako ekimenak sustatuz eta proiektu amankomunak abian jarriz. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko harremanak areagotu nahi ditugu, batez ere Master titulazio bikoitzak eta bateratuak ezarriz. Titulazio horiek dagoeneko martxan dauden Ingurugiroaren Agrobiologia Masterrari, Kultura Zientifikoa Masterrari edo ikasturte honetan bertan abian jarri den Enologia Berritzailea Masterrari gehituko zaizkie. Bordeleko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeari dagokionez, hemen ere titulazio bikoitzak eta titulazio bateratuak jarriko ditugu abian. Horien artean, nabarmentzekoak dira dagoeneko martxan daudenei gehituko zaizkien Erasmus Mundus Masterra Datu Zientzian eta Kirola Kudeatzeko Masterra. Gainera, aipagarria da Mugaz Haraindiko Lankidetza laborategiak aitortzen eta Jakintza Guneak garatzen jarraituko dugula, bi unibertsitateetako ikerketa-taldeen arteko lankidetza-jarduera berritzaileak garatze aldera. Gainera, UPV/EHUren eta UBren mugaz gaindiko lurraldean eragin handia duten gure unibertsitateen artean estrategia partekatua eta programa operatiboak ezartzeko lan egingo dugu. Halaber, gure esku dagoen guztia egingo dugu Sokoako Gotorleku enblematikoan egoitza izango duen Ozeano Berrikuntzako Plataforma proiektua aktibatzeko, zeina oso lotuta baitagoen ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak kontserbatzearekin zerikusia duen 14garren garapen jasangarrirako helburuarekin. 

10. Haurren zaintza eta kirola campusetan

“Pertsonak” atalean “Campusak atseginak izatea, eta unibertsitate-bizitza areagotzea.” Aipatzen da.

Errektoretzara aurkezten den taldeak asmoa dauka haurren zaintza zerbitzua campus guztietan sortzeko? Eta kirola egiteko aukera eskaintzeko (kirol-ekipamenduak, gimnasioak, aldagelak…)?

Erantzuna:

Errektoretzara aurkezten den talde honen helburua da berton ikasten edota lanean dihardugun pertsonon baldintzak ahal bezain onenak izatea eta kontziliazioa sustatzen duten ekimenak bultzatzea. Haurren zaintza zerbitzuari dagokionez, kasuan kasuko azterketa egingo da bideragarria den ala ez ikusteko (adibidez: Bizkaian badago, Gipuzkoan 2016 urtean deialdi bat egin zen zerbitzu hau eskaintzeko eta hutsik gelditu zen, Araban orain dela urte batzuk gai hau aztertu zen baina ez zela bideragarria ondorioztatu zen ).

Kirol eskaintzari dagokionez, UPV/EHUren kirol eskaintza 3 campusetan nahiko zabala dela esan dezakegu ze horretarako tokian tokiko agente publiko zein pribatuekin hainbat akordio bereziak lortzeaz gain, ahal izan den neurrian, ekimen propioak ere sustatu dira.

11. Arau orokorren kontsulta publikoaren izapidea

“Gobernantza eta baliabideak” atalean honako hau jasotzen da: “7. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioak betetzea: beharra, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

2024an: Erregelamenduzko arau orokorren % 80tan, gutxienez, kontsulta publikoaren izapidea egingo da, onartzeko aurkeztu aurretik.”

​​​​​​​ Zergatik ez %100a?

Erantzuna:

Hala da, araudi osoarekin egiten saiatuko gara. Baina zuhurra iruditzen zaigu tarte bat uztea “larria eta premiazko” egoerentzat.

12. EHUko finantzaketa pribatuaren arriskuak

“Gobernantza eta baliabideak” atalean honako hau jasotzen da: “4. Finantzaketa publikoa eta pribatua hobetzea. Funts publikoen erabilera eraginkorra sustatzea, eta unibertsitatearen garapenean lagundu nahi duten pertsona, enpresa edo erakundeen funts berriak erakartzea.

2024an: Mezenasgo-programa bat onartzea eta finantzaketa pribatua nabarmen handitzea.”
​​​​​​​
Zein kontrol-neurri ezarriko du Errektoretzara aurkezten den taldeak kanpoko eragile pribatuek EHUren izaera, funtzioak eta autonomia ez baldintzatzeko?

Erantzuna:

Gai horri dagokionez, finantziazio publikoa zein pribatua handitzea defendatzen dugu gure programan. Erronka sozialei erantzuna eman nahi diegu, prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta dibulgazioaren bidez. Gizartera hurbiltzea erakunde publikoekin zein pribatuekin lankidetzan aritzea da. Erakunde pribatuekin lankidetzan ari garenean, gure ezagutza transferitzen dugu era askotan: prestakuntza-ikastaroak, txostenak, norbaiten eskariz egindako artikuluak edo baterako proiektuak, esaterako. Kasu horietan, giza kapitala eta gure unibertsitatearen azpiegiturak jartzen ditugu gizarte-eskari pribatu baten zerbitzura. Gure ustez, logikoena da lankidetza horiek baliabide iturri izatea unibertsitatearentzat, eta ez alderantziz. Era berean, mezenasgoa eta unibertsitateko ondarearentzat interesgarriak izan daitezkeen dohaintzak jasotzea sustatu nahi dugu.

13. Lanaldi partzialeko irakasleen soldatak

“Pertsonak” atalean “Lan-baldintza egokiak eta etorkizuna duten lanpostu egonkorrak izatea” eta “Banakako eta taldeko lanaren prestigioa eta aintzatespena” aipatzen dira.
Arduraldi osoko irakasleei JAPak hainbat ordu aitortzen dizkie oinarrizko gestioa, formazioa eta eskolak prestatzeko ordu-kopuru gisa; ez, ordea, arduraldi partzialekoei. Hala ere, nahiz eta ez ordaindu, hiru jardun-mota horiek ere egiten dituzte eskolak eman ahal izateko (eta hori, aitortu gabe lanaldi partzialeko irakasle askok egiten duten ikerketa kontuan hartu barik…). Hurrengo taulan jasotzen dira lanaldi osoko irakaslearen oinarrizko soldatarekin alderatuta zein portzentaje kobratzen duten lanaldi partzialeko irakasleek eta zein portzentaje kobratuko luketen aipatutako aktibitateak (klaseen prestatzea + formazioa + kudeaketa) kontuan hartuko balira:


Kredituak Klaseak
(orduak/asteko)
Tutoretzak
(orduak/asteko)
Soldataren portzentajea (41/2008 Dekretua) Proposatzen den proportzionaltasuna (%)
Jardunaldi osoko irakaslea 24 8 6 % 100 %100
BIK6P 18 6 6 % 34.29 %60
BIK4P 12 4 4 %22.86 %40
BIK3P 9 3 3 %17.14 %30

​​​​
Honen guztiaren aurrean:

  • Behin behineko irakasle partzialak langile prekarioak direla kontsideratzen al duzu?
  • Bidezko eta beharrezko ikusten duzu irakasle hauei klaseen prestakuntza eta irakaskuntzari lotutako formazioa eta kudeaketa aktibitateak kontutan hartzea? Zein modutan egingo zenuke?
  • Bidezko eta beharrezko ikusten duzu 41/2008 dekretua aldatzea? Prest al zaude Hezkuntza sailari dekretua aldatzeko eskaera egiteko irakasle hauen lan hau kontuan izateko?

Erantzuna:

Lanaldi partziala bitarteko kontratuak beste kontratu batzuekin bateragarriak dira, eta maiz lanaldi partzialeko ikertzaile kontratuekin batera gauzatzen da. Ezin dira, oro har, modu proportzionalean lanaldi osoarekin alderatu. Dena dela ez da, gure ustez, orokorrean erabili beharreko figura bat. Horrregatik, ondo ikusten dugu gaur egun egiten dena: sail batean bi bitarteko kontratu partzial bat badaude, ez da hirugarrenik sortzen: aurreko bietako bati kontratu osoa egiten zaio.

14. Aldi baterako ikertzaileen soldatak

Zuen programaren “pertsonak” atalean kolektibo guztientzako lan-baldintza egokiak ezartzea jasotzen da. Lan-baldintza garrantzitsuetako soldatak dira. Baina doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak guztiak oraindik ez dira EPIPFera (Estatuto del personal investigador predoctoral en formación) egokitu. Beste aldetik doktoretza ondoko ikertzaileen kasuan alde nabariak daude soldatei dagokienez. Noiz aplikatuko duzu EPIPFen ikertzaile guztiei? Behar diren atzerapenak ordainduko dituzu? Badaukazu asmoa doktoretza ondoko ikertzaileen soldatak osatzeko, denak berdin eta modu duinean kobratzeko?

Erantzuna:

Zientziaren Legearen 21. Artikuluaren arabera kontratatutako EPIPF guztiak antzeko baldintzetan aritzea nahi dugu, eta uste dugu berdintze hori dagoeneko gauzatzen ari dela haien kontratuen oinarriek baimentzen dutenean. Gaur egun aurreko baldintzetan jarraitzen dutenen egoera hobetu nahiko genuke.

15. Genero berdintasuna

Azken urteotan aurreratu da asko genero-berdintasuna eta batzuk dira programan honen inguruan azaltzen diren helburuak eta asmoak:

Erreferentziazko unibertsitatea izatea genero-berdintasunean eta, oro har, ezagutzaren eta prestakuntza handiko giza kapitalaren aprobetxamenduan, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH)lortzeko.

Genero-berdintasuna sustatzea unibertsitateko lidergoan. Gizartean genero-berdintasunerako politikak diseinatzen eta aztertzen laguntzea, eta politika horiek unibertsitatean bertan aplikatzea.

2024an: III. Berdintasun Planaren jarraipena egitea eta beste plan bat egitea.
Genero-berdintasunari buruzko foroetan edo azterlanetan parte-hartzea, eta horiek antolatzea; bereziki, emakumeen lidergoa eta STEM titulazioen ezagutza ez-alboratua bultzatuz.
​​​​​​​
Horren harira honako galderak egin nahi ditugu:

  1. Gure ustez, Berdintasun Zuzendaritzak izaera propioa izan beharko luke. Horretarako baliabideak behar ditu, giza-baliabideak barne. Gaur duen aurrekontua txikia geratu da dauden erronka guztietara aurre egiteko, baina horretaz gain, berdintasun zuzendariak % 100 liberazioa izan beharko luke, eta ez, gaur bezala,%50a. Badago asmoa zuzendaritza indartzeko?
  2. Indarkeria matxistari aurre egiteko, ezinbesteko neurria da emakumeek* erreferentziazko lekua izatea. Protokoloaren lanketan argi geratu zen langile eta ikasleen eskura egongo litzatekeen (publikoari irekita, Lankidetza bulegoa bezala, adibidez) bulego baten beharra Campus ezberdinetan. Badago asmorik horrelako zerbitzua jartzeko urratsak emateko?
  3. Akademe eta Batera programekin jarraitzeko asmoa dago (AZPko langileei irekitzeko asmoa dago, behin eta berriz kolektibo horretatik eskatu duten bezala)?
  4. Gaur Genero eta LGTBI ikuspegia lantzen duten GrAL eta MALak saritzeaz haratago, Feminismo eta Genero-ikerketa laguntzeko lerroak zabaltzeko asmoa dago?

Erantzuna:

  1. Berdintasunerako Zuzendaritzari ikusgarritasun eta presentzia handiagoa eman nahi diogu. Gure ustez, gainera, haren helburuetako batzuk zeharkako proposamenekin eta gobernantzarekin lotuta daude. Horregatik, errektore hautatua izanez gero, Idazkaritza Nagusiari atxikitzeko asmoa dut.
    Bere plantilla eta aurrekontua indartzea, jakina, unibertsitatearen aurrekontu orokorraren eta erabilgarri dauden baliabideen araberakoa izango da.
  2. Hemen aurreko galderan esandakoa esan behar dut.
  3. Emaitzak ebaluatuko ditugu, eta egokia iruditzen zaigu AZP-ko sarrera aztertzea.
  4. Proposamen eraikitzailea eta interesgarria da eta baloratuko dugu, jakina.

16. Beste herrietako unibertsitateekiko mugikortasuna

Programan aipatzen den bezala, nazioarteko unibertsitateen artean ikerlarien mugikortasuna bultzatuko da. Azken urteetan, aldiz, garapenean dauden herrietako unibertsitateetatik gero eta lankidetza-eskaera gehiago daude. Ez da erraza, unibertsitate horiekin hitzarmenik ez daudelako. Badago lankidetza-hitzarmenak bultzatzeko asmorik?

Erantzuna:

Gure asmoetako bat unibertsitateen arteko lankidetza gehiago ezartzea da, administrazio-trabak ahalik eta gehien murriztuta, beharrezkoak direnean hitzarmenak bultzatuz.

17. Lankidetza-bulegoaren aurrekontua

Berdintasun Zuzendaritzarekin gertatzen den bezala, Lankidetza Bulegoak gero eta erronka gehiago eta handiagoetara aurre egiteko beharra du: gero eta gehiago dira Euskal Herriratzen diren pertsona migratzaile eta errefuxiatuak. Horietako asko ikasketa unibertsitarioak dituzten gazteak dira. Jakitun gara beren herrietan egindako ikasketak homologatzeko prozesuak luzeak eta zailak dira, eta zentzu horretan goraipatu behar da lankidetza-bulegotik egiten den lan ona, kontuan hartuta baliabideen urritasuna. Lankidetzarako aurrekontua handitzeko asmoa dago?

Erantzuna:

Hain zuzen ere, bulegoaren lana eta gizarte-onuraren emaitzak aztertu behar ditugu. Gero, aurrekontua indartzeko, unibertsitatearen aurrekontu orokorraren eta erabilgarri dauden baliabideen araberakoa izango da. 

18. Oinarrizko gradu berrien eskaintza

Gradu berriak eta modernoak ezartzea unibertsitate guztien asmotan dago. Hala ere, UPV/EHUk, unibertsitate publikoa den heinean, oinarrizko graduen eskaintza akademikoa bermatu beharko luke unibertsitateko jakintza-arlo ezberdinetan. Hasteko, ezinbestekoa izango litzateke unibertsitate honek oinarrizko prestakuntza horretan dituen gabezien diagnostikoa egitea, eta horrekin batera, gaur egun UPV/EHUn ez dauden graduen eskaintza ziurtatuko lukeen plan estrategikoa diseinatzea. Besteak beste, faltan diren oinarrizko horietako gradu batzuk hauek lirateke: agronomia, albaitaritza edota itsas-zientziak.

UPV/EHUn ikasketa horiek egiteko aukera balego, besteak beste, honako gai hauek bermatuko lituzke:

  1. Ikasleak bere herritik urrundu gabe egin ahal izango lituzke bere ikasketak, eta horrela familiak kanpora bidaltzeko jasan behar duen karga saihestuko litzateke. Kasu askotan, karga hori ekiditeko, ikasleak gustuko dituen ikasketak egin gabe geratzen da.
  2. Arlo horietan sortutako ezagutza, gizarteari transferituko litzaioke, eta horrela, gure herriko sektore sozioekonomiko estrategikoa bultzatuko litzateke.
  3. ​​UPV/EHUk oinarrizko ezagutza osoa bermatuko luke, jakintzaren sortzaile eta eragile den heinean, independentzian eta autonomian irabaziz.

Talde honek pentsatu du estrategiaren bat arlo horren inguruan? Oinarrizko ezagutza horiei dagokienez, egungo egoeraren diagnosia egiteko asmorik badago? Egutegirik dago gaur egun ez dauden gradu horietako batzuk martxan jartzeko?

Erantzuna:

Egungo graduko eskaintza zabala eta orekatua iruditzen zaigu. Itsas-zientzien arloan baditugu, gaur egun, bi gradu eta bi master, eta haietan dagoen eskaera suspertu nahiko genuke. Prest gaude, oro har, eskaera berrikusitzeko eta zentroetatik proposatu daitezkeen gradu berrien bideragarritasuna analizatzeko, baldin eta proposamen jasangarriak eta erakargarriak badira.

19. Digitalizazioa eta pribatizazioak

UPV/EHUko zuzendaritzak irakasle-ikertzaile,administrazio eta zerbitzuetako pertsonala eta ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratzen hasi da erabiltzaileei beste aukerarik eman gabe.

Unibertsitateko komunitatearen 700 kidek eta LAB, ELA, Steilas, CCOO eta CGT sindikatuek adierazpen bat sinatu dute aurtengo uztailean. Bertan UPV/EHUko errektoreari ondokoa eskatzen zaio: komunitatearen datu pertsonalak enpresa pribatu baten esku ez uztea, Informazio eta komunikazio teknologien kudeaketan pribatizazioa baztertzea eta software librearen alde benetako konpromisoa hartzea. Erregistro bitartez egin zen eskaera eta oraindik ez da erantzunik jaso.

Zuen programan digitalizazioari buruz , honakoa eskatzen duzue: “teknologia berriak erabiltzean beharrezkoak ez diren trabak sortzea, malgutasun edo konfiantza handiagoa behar dugula erabakiak hartzen dituzten organoen diskrezionalitate teknikoan, eta ez dela hain beharrezkoa erabaki guztiak ahalik eta xehetasun txikienarekin barematuta, tasatuta eta araututa egotea, gardentasun eta objektibotasun handiagoa lortzearen alde”. Organo batzuen diskrezionalitate teknikoak UPV/EHUren dirua azpikontratazioetan dirua xahutzea eta multinazional baten produktuekiko mendekotasuna suposatzen badu, UPV/EHUko komunitateak trabak jarri beharko lituzke teknologia horiek erabiltzeko. Burujabetza teknologikoa eta unibertsitate publiko baten alde egiten duen komunitate bat izango bada.

Bi galdera gaiarekin lotuta:

  1. ​​​​​​​Ordenagailu eta IKTen erabilera ikaragarri hazi da azken urteotan. Baina UPV/EHUko IKT zerbitzuetan ez dira lanpostuak, ez eta baliabide teknikoak behar beste handitu; aitzitik, aplikazio eta zerbitzari batzuen kudeaketa (UXXI, Egoitza elektroniko berria, …), enpresa pribatuen esku utzi da eta beste kasu batzuetan garapena edota kudeaketaren parte bat azpikontratatu egin da (GAUR, eGela, Meta4, …). Zure programan agertzen den esaldia “AZPkoen eta irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrendak egokitzea, digitalizazioak eta unibertsitatearen helburu estrategikoek ondorioztatutako premia berrietara” zer esan nahi du? Digitalizazioaren aitzakiarekin IKT zerbitzuak pribatizatzea eta lanpostuen zerrenda etorkizunean beharren arabera ez handitzea?
  2. Microsoft Office 365 aplikazioen erabiltzaileek beraien datuak saltzen dizkiote Microsoft-i; aplikazio horiek ez dira dohainik. UPV/EHUko komunitatea osatzen duten pertsonek beraien datuak saldu nahi dituzten edo ez erabakitzeko aukera izan beharko lukete. Hori kudeatzea teknikoki erraza da, oraintxe posta elektronikoa Unibertsitateko zerbitzarietan dagoelako. Zure hautagaitzak emango dio aukera pertsona bakoitzari bere posta elektronikoa Microsoft-era pasatzeko edo ez? ​​​​​​​

Erantzuna:

  1. Inola ere ez zaigu bururatu zerbitzua pribatizatzea. Gure asmoa da langile guztien (Irakasle-ikertzaileen eta AZPkoen)  prestakuntza eguneratzea eraldaketa digitala eta lan-ingurune desberdinekin bateragarriak diren tresnen erabilera kontuan hartuta.
  2. Ez dugu asmorik inor behartzeko Microsoft erabiltzera, beste aukera batzuk ere badaude.