UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzari emandako datuen arabera 718 dira irakasle ez iraunkorrei aitortutako baina ez ordaindutako bosturtekoak. Horrela jasotzen da otsailaren 27an Cristina Uriartek Legebiltzarrean emandako informazioan. Hemen topatuko duzuen dokumentuan ikus daitekeenez, honako datu hauek jasotzen dira:
- Aldi baterako irakasleen 720 bosturteko eskaera onartuta daude.
- Aldi baterako irakasleen 718 bosturteko eskaera onartuta daude baina ez dira ordaindu (beraz, aitortutako 2 eskaera ordaindu dira).
- Aitortuak bai baina oraindik ordainduak izan ez diren bosturteko hauen zenbateko ekonomikoa zein den galdetuta, “aldez aurretik kalkulatzeko oinarriak ezarri ezean, ezin da zenbateko ekonomikoa kalkulatu” erantzuten da. Beste modu batean esanda: 41/2008 dekretuan jasota ez dagoenez, ezin dute kalkulatu…
- 2018ko aurrekontuetan bosturteko hauek ordaintzeko aurrekontu-partidaz galdetuta, erantzuna orokorra izan da: EHUko funtzionamendu-gastuetarako aurrekontu-partida bat dagoela, non pertsonalaren gastua sartzen den…
LABetik aspaldidanik ekimen batzuen bidez salatu dugu aldi baterako irakasleei bosturtekoak ez ordaintzeak eragiten duen diskriminazioa. Oraingo datuak ikusita egindako irakurketa eta eskaerak berrezten ditugu, hain zuzen ere:
- Aldi baterako irakasleen diskriminazio hau arazo kolektibo bat da, irakasle askok pairatzen dutena, eta ez auzi indibiduala, epaitegietan irakasle bakoitzak konpondu behar duena. Irtenbideak kolektiboa izan behar du.
- Irtenbide zuzenena Eusko Jaurlaritzak 41/2008 dekretua eguneratzea da, aldi baterako irakasleentzako bosturtekoen diru-kopurua zehaztuz. Paradoxikoa da Cristina Uriartek esatea oinarriak ezarri ezean zenbatekoa kalkulatu ezin dela, hau egitea beraien esku dagoenean. Haiek dira, hain zuzen, dekretua aldatzera -eta, beraz, kopuruak ezartzera- erresistitzen ari direnak.
- Halaber, eta erantzunean bertan jasotzen denez, ordaindu dira bi bosturteko eskaera aldi baterako irakasleei. Eta hau egin da legea urratu barik eta epaileek horrela ebatzi dutelako, ez ordaintzeak bidegabeko harreman desberdinkeria delako. Beraz, UPV/EHUko zuzendaritzak baditu bideak aitortutako bosturtekoak ordaintzeko. Baina horretarako borondatea behar da.
- Otsailaren 1eko Gobernu Kontseiluan, LABek 9 zuzenketa aurkeztu zizkion UPV/EHUko 2018ko aurrekontu proiektuari. Horietako bat aldi baterako irakasleek aitortuta baina ordaindu gabe dituzten bosturtekoentzat diru-partida bat onartzea zen. Hala ere, atzera bota zen emendakin hau, errektoretza taldeak ere kontra eginda. Aukera polit bat galduta kaltetutako irakasle horien aldeko borondatea erakusteko… Hala ere, errektoreak konpromisoa hartu zuen bosturtekoak ordaintzeko proposamen bat sindikatuei helarazteko udaberriko oporrak baino lehen. Espero dugu diskriminazio honekin behingoz bukatzeko proposamena izatea.
- 41/2008 dekretua eguneratzeko beharra aipatu dugunean ezin dugu ahaztu, aldi baterako irakasleentzako bosturtekoen diru-kopurua definitzeaz gain, seiurtekoena ere zehaztu behar dela, etorkizunean, auzi berberarekin topo egin nahi ez badugu, behintzat. Hori dela eta, eskatzen dugu aldi baterako langileez gehiago trufa ez egitea eta dekretua aldatzean alderdi hau ere sartzea. Horretaz gain, LABetik seiurtekoen deialditik Errektoretzak kanpo utzi zituen irakasle eta ikertzaileen merituak ere aitor daitezen lan egiten ari gara.
Bosturtekoak eta seiurtekoak eskatzeko eta kobratzeko aukera irakasle guztiontzat!
Diskriminazioarekin bukatu!
Eusko Jaurlaritza eta EHUko zuzendaritza, bete zuen ardurak eta ez egin langileen kontra!