A22an Greba! Zerbitzu Publikoaren alde: enplegua egonkortu!

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) langileon artean ezegonkortasuna eta prekarietatea dira azken hamarkadetan pairatzen ari garen sindemia. Sindemia hau sorrera eta eratorri erabat politikoa duen langile eta zerbitzu publikoen aurkako erasoa da.

Eraso honen helburu edota ondorioak agerian dira aspaldi; alde batetik zerbitzu publikoak murriztu eta pribatizatzeko dinamika estrategia neoliberaleko ardatz eta helburu nagusienetarikoa da. Bestetik ondorio nagusia prekarietatea da. Errealitate multidimentsional eta gordin honen adibide dugu UPV/EHU; hamarkadetako behinbehinekotasuna, karrera profesionalik gabeko enplegu publikoa eta soldata-diskriminazioa kasu.

UPV/EHUren bilakaera historikoan parte hartu duten errektore taldeen erabaki politikoen ondorioz, aldi baterako langile kontratuen kopurua jasanezina bilakatu da! Irakasle-ikertzaileen (IRI) kasuan 5.713 pertsonatik %59,2 aldi baterako kontratuak dira (3.381 pertsona). Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalean (AZP) 1.904 pertsonetatik % 68,9ak ez du kontratu finkorik (1.311 pertsona). Beraz bai AZP bai IRIen kontratazio prekarioa larria da, guztira 4.692 pertsona behin-behineko kontratuekin baikaude!

Honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak estutzen jarraitzen du, eta UPV/EHUko aginte berria ere dinamika hau hauspotzera etorri dela erakusten ari da. Egungo eta etorkizuneko belaunaldiek ezegonkortasuna, diskriminazioa eta garapen profesional eza besterik ez dute UPV/EHU barnean. Eta honek unibertsitate pribatuaren eredua hedatzea besterik ez dakar, kalitatezko hezkuntza publikoa kolokan jarriz.

Bada garaia kudeaketa mota honi amaiera emateko! Eta Unibertsitateko langileok ez dugu onartuko Eusko Jaurlaritzatik eta UPV/EHUtik lan baldintza hauen inposizioarekin jarraitzea! Eskaera garbia da, langile finkoen kontratazio kopurua igo behar da, ez dago aitzakiarik esplotazio zerbitzu publikoetan zabaltzeko, eta are gutxiago Euskal Herriko hezkuntza sistema publikoa era larrian ahultzeko.

Horregatik beharrezkoa da apirilaren 22an kalera ateratzea. Zerbitzu publikoen defentsan irmo agertzeko eta beren pribatizazio prozesuari aurre egiteko. A22an denok grebara!

UPV/EHU. Datuak

Administrazioa eta Zerbitzuetako Pertsonalaren egoerari buruzko ohar batzuk

  • AZP funtzionarioen eremuan OPE batetik bestera 20 urte igaro ziren, AZP laboralenean ia 30 urte igaro dira.
  • Esan gabe doa UPV/EHUko zuzendaritzaren arduragabekeria instituzionala lotsagarria dela. Are gehiago Errektore hauteskunde programetan (lau urtez burutzen direnak) errektore askok aitortu dute AZPren eremuan egoera larria zela eta horren aurrean egonkortasuna akordio “berriak” iragartzen zituzten. Ez dute inoiz emandako hitza bete. Egungo errektoreak aldiz ez du ezta larritasun honen aurrean inolako irtenbiderik planteatzen. Hau ere jarrera lotsagarria.
  • Ez egonkortasunak behin betikoen eremuan ere eragin kaltegarriak izan ditu. AZPko langileek ezin izan baitute bere karrera profesionala garatu nahiz eta prestakuntza eta titulazioen aldetik gaituak izan horretarako.
  • AZPren plantillaren ratioak ikasle zein irakasle/ikertzaileekiko estatuko baxuenetarikoa da baxuena ez bada. Eta Europako unibertsitate presentzialekin alderatuz gero ere antzeko emaitza izango genuke.
  • Legez ala moldez AZPko behin behinekoei bere eskubideen aitortza zor zaie. Era orokorrean sententzien bidez zein hautaketa prozesuen bidezko deialdien bidez ezin bada bermatu, premiazko ekimen legegile propioak gauzatu beharko dira

Irakasle eta Ikertzaileen egoerari buruzko ohar batzuk

  • Irakasle-ikertzaileen kolektiboak ez egonkortasunak badu eragin ekonomikoa ere, soldatetan baita soldata osagarriak lortzeko.
  • Urtero egiten badira LEPak, guztiz baldintzatuta daude birjartze tasa dela eta. 300 bat irakasle-ikertzaile akreditatuta daude agregatua edo unibertsitateko titularra izateko. Jakinik zenbat kostatzen duen akreditazioa, urte luzez gogor lan egiten irakaskuntzan eta ikerkuntzan, guztiz prestatuta daude lanpostu iraunkor baten oposaketara aurkezteko.
  • Ikertzaileen egoera are larriagoa da, bakarrik 67 pertsonak daukate lan finkoa, eta bere karrera akademikoan aurrera egitea ia ezinezkoa da.
  • IRIen kolektiboan ere promozioa blokeatzen dute birjartze tasak eta Jaurlaritzaren betoak

Egungo egoera dela eta mugikortasuna mugatutako badugu ere eskubide osoa dugu mobilizazioetara joateko eta hemen topa dezakegun dokumentuan jasotzen denez ezin digute ukatu manifestazio horietara hurbiltzea. Beraz, animatu! Orri hori bete eta mobilizazioetara hurbildu!.