LABetik abenduaren 14rako kontzentrazio bat antolatu dugu Leioako Campusean (12:00etan Areto Nagusiaren eskaileretan, Errektoretza eraikinaren alboan) EHUk bere langileekiko duen diskriminazio eta prekarizazio jarrera salatzeko. EHUko langile-kolektibo ezberdinen aldarrikapenen artean (ikusi LABeko atal sindikalak garatutako Aldarrikapen dekalogoa) seiurtekoena daukagu. Izan ere, lanpostu iraunkorra betetzen duten aldi baterako irakasle-ikertzaileen salbuespen bakarrarekin, gainerako aldi baterako irakasle-ikertzaileei (atxikiei, BIK/LIUei, ikertzaileei, kolaboratzaileei…) seiurtekoak eskatu ahal izatea ukatzen diete, nahiz eta kasu askotan seiurteko bat (edo gehiago) lortzeko meritu nahikoak izan. Ukatze hau diskriminazio argi bat da beren lankide iraunkorrekin alderatuta. Izan ere, maiz, artikulu beren sinatzaile bezala batera agertzen dira. Iraunkorrak direnek posible dute meritu hauek aurkeztea seiutekoak eskatu eta kobratzeko eta aldi baterakoei aukera hori ezeztatzen zaie.
LABetik EHUko zuzendaritza taldeari diskriminazio egoera honekin bukatzeko eskatu diogu behin eta berriro. Hala ere, erantzuna posiblea ez dela izan da. Bosturtekoekin ere ezinezkoa zela esan ziguten, eta gero frogatu zen bai zela posible. Seiurtekoen kasuan posible ez zela esaten zuten ere, ANECAk ez zuelako biderik ematen. Hala ere, hau aldatu zen 2020ko deialdian, ANECAk aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeari atea ireki baitzion, unibertsitate bakoitzak (edo erkidego autonomoaren ebaluazio-agentziak) ANECArekin eranskin bat sinatzekotan. Beste unibertsitate batzuk (Nafarroako Unibertsitate Publikoak kasu) aukera honetaz balio badira ere, Unibasq-ek ez du horrelakorik egin, eta EHUko zuzendaritza taldeak ez du bultzatu eranskin hori sinatua izateko. Otsailaren 23an, LABek deituta, dozenaka irakasle-ikertzaile kontzentratu ginen Unibasq-en aurrean aipatutako abagunea aprobetxatzeko eskatzeko (JARRI HEMEN KONTZENTRAREN BERRIAREN LOTUTA) eta urte honetan zehar gune ezberdinetan eskaera hau plazaratu dugu behin baino gehiagotan. Era berean, kaltetuek Unibasq-eko zuzendariari eta EHUko errektore eta errektoreordeari eskaera-eredu bat igortzeko ekimena jarri genuen martxan. Horrez gain, aldi baterako irakasle batzuen demandak bideratu genituen eta hurrengo urtean epaiketak izango dira.
2020ko deialdian ANECArekiko eranskin hori ez bazuten sinatu, ia urte bat izan dute 2021eko deialdiari begira zegozkien kudeaketak egiteko. Hala ere, horretarako borondatea behar da, eta argi dago ez daukatela ez Unibasq-ek, ez EHUko zuzendaritzak ezta Eusko Jaurlaritzak ere inolako asmorik langile hauei dagokiena aitortzeko. Horregatik, kolektibo zabal hau berriz baztertuko duen seiurtekoen deialdi berria ateratzear dagoenean, EHUko errektoretza eraikinaren alboan kontzentratuko gara, diskriminazio honekin bukatzeko exijitzeko.
Abenduaren 14an, 12:00etan denok Leioako Campus-eko kontzentraziora!
Kaltetuak ez badira mugitzen, eskubidea ez da zerutik etorriko (are gutxiago Administrazioaren eskutik…).
Seiurtekoak ikerketa-meritu nahikoak dauzkaten guztientzat!
Diskriminazioari ez!
Erantzun bat “Abenduaren 14an kontzentrazioa: seiurtekoak ikerketa-meritu nahikoak dituzten guztientzat!” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.