Pandemiak azkartu egin du lehendik zetorren krisia: larrialdi klimatikoa, energia iturri eta materialen agortzea, lehia inperialista, migrazio mugimendu masiboak, zaintza sistemaren gabe-ziak, enplegu suntsiketa. Sistema hau, bidegabea ez ezik, eutsiezina ere bada. Aldaketa ekidinezina da, hala nazioartean nola Euskal Herrian, baina afera da: aldaketa nork eta zertarako?
Europako funtsekin ikusi den bezala, kapital trasnazionalak energia iturriak ordezkatu besterik ez du nahi, bere etekinei eusteko asmoz; horixe da estatuek nahiz bertako instituzio nagusiak kudeatzen dituzten alderdi sistemikoek hartutako bidea. Aldiz, Euskal Herrian badago bigarren aukera baten aldeko esparru sozial, sindikal eta politiko zabala: herri burujabetzan sakondu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizio ekosozialista eta feminista.
Izan badugu aukera norabidea aldatzeko, antolatu eta borrokatuz gero. Milaka gara horretan ari garenak, azken hilabeteotan nabarmendu denez. Zaintza sistema publiko komunitarioa, eta oro har, zerbitzu publiko sendoak aldarrikatzeko grebak egin ditugu. Eskualdez eskualde enplegua defendatzeko herri harresia osatzen ari gara. Prekaritatearen kontrako borrokak pizten ari gara. Eta pentsio duinen alde mobilizatzen ari gara astelehenero.
Maiatzaren Lehenean bultzada emango diogu borroka aldi berri honi. Beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta, kaleak hartuko ditugu eskualdez eskualde. Elkar zaintzea, elkartasunez jokatzea eta elkarrekin mobilizatzea da bidea!