Aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko aukeraren aurrean

Jarri zure zentroan!!!

Badirudi momentu erabakigarri batean aurki gaitezkeela. Izan ere, ematen du LABetik hainbeste denboran borrokatutako seiurtekoak eskatu eta lortutakoak kobratu ahal izateko aukera ireki daitekeela. ANECAk eskubide hau onartu du eta orain unibertsitate bakoitzaren esku dago bide hau zabaltzea edo ukatzea. Gure kasuan, UPV/EHU eta UNIBASQen esku dago aukera hau zabaltzea, Estatuko beste unibertsitate batzuk jadanik egin duten moduan.

Zentzu honetan LABetik egiten dugun eskaera argia da: aspalditik aldarrikatzen dugun eskubide hau, berehala eta behin betikoz, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektibo osora zabaltzea. Hau da, irekita dagoen 2020ko deialdian bertan eskubidea onartua izatea ahalik eta arinen, eskaerak otsailaren 8an beranduenez egin behar direlako ANECAren web orrian.

LABetik deia luzatu nahi dizuegu seiurtekoak lortzeko aukera erreala daukazuen irakasle-ikertzaileoi zuen merituak aplikazioan sartzeko eta eskaera egiteko, hori baloratzen ari bazarete. Aplikazio informatikoak baimentzen du. Momentu honetan ezin da jakin zer gertatuko den hurrengo egunetan, baina presioa egiteko modu bat da, baita zuen eskubidea aldarrikatzeko ere. Agian aldi baterako irakasle eta ikertzaileek seiurteak eskatzea ahalbidetzen da aurrerago eta, horrela, aurkeztu izanaren ziurtagiria izateak etorkizunean erreklamazioa egiteko elementu bat izan daiteke.

Instituzioei berriz eskaera hauek zuzentzen dizkizuegu:

  1. UNIBASQek beharrezko den adenda egitea eta sinatzea ANECArekin.
  2. UNIBASQek eginiko 2020ko seiurtekoen deialdia aldatzea, aldi baterako plazak betetzen dituzten irakasle-ikertzaileak ere deialdian sartuz.
  3. UPV/EHUk ANECAren ebaluazio positiboa lortzen duten irakasle-ikerlariei dagokien soldata gehigarria ordaintzeko akordioa sinatzea sindikatuekin, plaza iraunkorrak okupatzen duten aldi baterako irakasleen kasuetarako dagoen akordioa aplikatuz.

LABetik, jadanik, bilerak egitea eskatu dugu bai UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen errektoreordearekin eta bai UNIBASQeko zuzendariarekin ere, goian zerrendatutako eskaerak luzatzeko.

Gai honen inguruan informazio gehiago izan bezain pronto jakinaraziko dizuegu.

Borroka luze honen historia gogoratzeak merezi du:

Urte asko daramatzagu aldi baterako irakasle eta ikertzaileek pairatzen duten diskriminazioa salatzen eta konponbideak eskatzen, bereziki bosturteko ([1], [2], [3], [4], [5], [6], [7]) eta seiurtekoei dagokienez. ([1], [2], [3], [4], [5], [6], [7]).

Era berean, eta seiurtekoen gaiari mugatuz, galderak luzatu zitzaizkion aurreko gobernu taldeari zein oraingo errektore berriari bere programa aurkeztu zuenean, bati zein besteari diskriminazio honekin amaitzeko pausuak emateko eskatuz: 2019ko azaroaren 12ko Klaustroan 2019/2020 ikasturteko Eginkizunen Programaren aurkezpenaren harira egindako galdera eta erantzuna; 2020ko azaroaren 12ko Klaustroan errektoregaiaren programaren aurkezpenaren harira egindako galdera eta erantzuna.

Orain arte eskaera hauen aurrean EHUko errektoretza taldeetatik jasotako erantzuna beste alde batera begiratzea izan da. Gainera, langileen aldeko sententziak egon direnean, EHUk berak errekurtsoak jarri ditu langileei aitortutako eskubideak gauzatzea oztopatu nahian. Gauzak horrela, aldi baterako irakasleek bosturtekoak eskatu eta jaso ahal izatea sententzia judizial batzuk zein salaketa eta mobilizazio kanpaina baten ostean lortu zen.

Seiurtekoen kasuan, antzeko jarrera egon da aurreko gobernu taldean. Alde batetik, 2018ko urtarrilean ireki zen aukeraren aurrean EHUk interpretazio murriztailea egin zuen eta plaza iraunkor bat betetzen duten aldi baterako irakasleei mugatu zuen aukera hori.

Horrez gain, LABek aurkeztutako helegite bati erantzunez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salaren sententzian ikerkuntza ebaluatua izateko baita aitortutakoa kobratzeko eskubidea aitortu zitzaien aldi baterako irakasle eta ikertzaileei, eta behartzen zituen UPV/EHU, Unibasq eta Eusko Jaurlaritza epaia betearaztera. Hala ere, beste behin ere, beren erantzuna (EHUkoa barne), langileen aldeko sententziaren kontra helegitea jartzea izan zen, gaia Auzitegi Gorenera eramanez. Oztopoz oztopo, prozesu judizialak oraindik jarraitzen du.

Aurreko Errektoretza taldeak, egindakoak kontrakoa erakusten badu ere, beren “esku dauden bitarteko guztiak” erabiltzen zituztela kolektibo horren defentsan adierazten zuen, eta muga eta euskarri juridikoen falta aitzakiatzat hartzen zuen.

Gaur egun bada momentua hitz horien benetako erabilera burutzeko. Gainera, irekitzen den aukera honekin, UPV/EHUko errektore talde berriak benetako aukera du aldi baterako irakasle-ikertzaileei zor zaien aitorpena ematen hasteko.

Horretan bultzatzen jarraituko dugu LABen!

Seiurtekoak ikerketa merituak dauzkaten guztientzat!

Edozein zalantza argitzeko jarri LABekin kontaktuan.

2 erantzun “Aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko aukeraren aurrean” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.