Aldi baterako irakasle-ikertzaileentzako seiurtekoak 2022ko deialdian!

EHUko zuzendaritza, baliatu jada dagoen aukera diskriminazioarekin bukatzeko

2021eko ikerketa-seiurtekoen deialdiaren harira komentatu genizuenez, nahiko ikerketa-merituak dauzkaten irakasle-ikertzaile guztiek seiurtekoak eskatu eta jaso ahal izatea LABen sail sindikalaren aldarrikapen historikoa da, bosturtekoen kasuan egin genuen bezala. Hala ere, EHUko azken zuzendaritza taldeen jarrerak langileen arteko diskriminazio hau mantendu du. Haien esanetan, kolektibo honetara zabaltzea ezinezkoa zen, ANECAk ez baitzuen posible egiten (geroago ikusi bazen ere EHUn 5 urtez atxiki bezala egondako bitarteko irakasle kontratatuei aukera hori ireki zitzaiela).

Hala ere, 2020ko deialdian ANECAk ireki zuen aukera aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko, unibertsitate bakoitzak (edo erkidego autonomoaren ebaluazio-agentziak) ANECArekin eranskin bat sinatuta. Aipatutako komunikatuan jakinarazten genuenez, 2021eko deialdian 13 unibertsitatek eranskina sinatuta zuten eta beren aldi baterako irakasle-ikertzaile kolektibo batzuek (nagusiki irakasle atxikiak) seiurtekoak eskatu ahal izan dute. Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle atxiki batzuek zein bitarteko irakasle kontratatu doktore batzuek seiurtekoak aitortuta dauzkate jada eta kobratzen ari dira, iraunkorrak izan gabe.

Kasualitatez edo ez, 2021eko deialdian parte hartzeko azken egunean, 2022ko otsailaren 7an, ANECA eta Unibasq-en arteko hitzarmen berria sinatu zen, 2022ko otsailaren 22ko BOEn argitaratu zena. Hitzarmen horretan ikus daitekeenez, “iraunkorra” hitza jada ez da agertzen, aurreko hitzarmenetan gertatzen zen moduan. Honek irekitzen du aukera EHUko aldi baterako irakasle eta ikertzaileak seiurtekoen deialdietan sartu ahal izateko.

EHUko zuzendaritza taldeak, ordea, ez zuen aukera baliatu 2020ko deialdian, ezta 2021ekoan… nahiz eta LABetik gune ezberdinetan behin eta berriro eskatu (mobilizazio batzuk tartean). Aipatutako aukera berriarekin, berdinetan mantenduko dira? 2022an gai hau mahai gainean jarri diogu une ezberdinetan irakasle-ikertzaileen errektoreordeari. Erantzuna beti berdina izan da: begiratzen ari direla, begiratzen ari direla… Urriaren 20ko Gobernu Kontseiluan galdera egin zen eta Errektorearen erantzuna antzerako zehaztasun gabekoa izan zen: lanean ari direla posible egiteko, ez dela euren kontua… eta horretarako finantziaziorik ez dagoela ulertaraziz.

Aipatutako azken ANECA-Unibasq hitzarmen hau kontuan hartuta, LABen ez daukagu zalantza handirik aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontra eta Europako zuzentarauaren aurka EHUk mantentzen duen neurri honen zergatiak borondate eza zein arrazoi ekonomikoa direla. EHUko zuzendaritzak kolektibo honetara deialdia zabaltzea nahi izatekotan, ez luke arazorik egon behar Unibasq-en deialdian horrela agertzeko. Unibasq-en papera teknikoa da. Deialdia kolektibo berri batera zabaltzea erabaki politikoa da gaur egun, bere osagai ekonomikoarekin, noski. Eta guztiok dakigunez, EHUz gain, Eusko Jaurlaritzak ere badu zer esan…

LABetik, oinarrizko soldatak igotzea eta, kasu honi dagokionez, seiurtekoak Euskal Herrian bertan ebaluatzea aldarrikatzen jarraitzen badugu ere, dagoen aukera hau erabiltzea exijitzen diogu EHUko zuzendaritzari, onartezina baita EHUren aldeko ikerketan dabilen irakasle-ikertzaile kolektibo zabal hau diskriminatzen jarraitzea. EHUko zuzendaritzak EHUko langileen lanaren aitortza babestu beharko luke, baita diskriminazio-egoerak bukatu. Zoritxarrez, zuzendaritza taldeak daukan norabidea oso bestelakoa da, azken Gobernu Kontseiluan erretirorako pizgarrien akordioa aldebakartasunez bertan behera uzteko erabakiarekin argi geratu denez.

Era berean, diskriminazio egoera hau pairatzen duzuenoi deia egiten dizuegu azaroaren 16an 12:00etan Errektoretza eraikinaren aurrean egingo dugun elkarretaratzera gehitzeko. Seiurtekoen 2022ko deialdia ateratzetik 2 hilabetetara gauden honetan, orain da momentua aldarrikapen hau errektoretzaraino ozenki eramateko. Borrokaren bitartez baino ez baitugu lortuko dagozkigun eskubideak aitortuak izatea.

Aldi baterako irakasle-ikertzaileen diskriminaziorik ez! Seiurtekoak ikertzen duten guztiontzat!

EHUko zuzendaritza taldea: aitzakiak alboratu, aurpegia eman, babestu zure langileak eta amaitu diskriminazioa!