Akordioan jasotzen diren puntu azpimarragarrienak honako hauek dira:
- Aitortutako bosturtekoak (2015, 2016 eta 2017ko deialdietakoak) hasiko dira ordaintzen era erregularrean 2018ko urtarrilaren 1eko efektuekin. Data horretatik aurrera kobratu beharrekoak beranduenez uztailaren 31n ordainduko dira, eta momentu honetatik aurrera, hilero ordainduko dira.
- Irakasle bakoitzari zor zaizkion atzerapenak (hau da, 2015 edo 2016ko deialdietan aitortutako bosturtekoak, eta, beraz, 2016/2017tik kobratu beharrekoak) bi epetan ordainduko dira: heren bat beranduenez 2018ko abenduaren 31n eta gainerako bi herenak beranduenez 2019ko ekainaren 30rean.
- Ordaintzeko kantitatea 41/2008 dekretuan irakasle lankide iraunkorrentzat definitutakoa da: 1257,24 euro/urte.
- Eusko Jaurlaritzak 41/2008 dekretua eguneratzen duelarik (aldi baterako irakasleentzako diru-kantitateak ezarriz) han jasotakoa kobratzera pasatuko da. Hala ere, ordaindu beharreko atzerapenen kopuruak, behin kalkulatuta eta irakasle bakoitzari ebazpenaren bidez jakinarazita, ezin izango dira aldatu.
Akordio honekin irtenbidea ematen zaio gatazka luze bati, era guztiz aproposean ez bada ere. Izan ere, 2015ean hasi ziren kaltetutako kolektiboaren aldarrikapenak sozializatzen eta mahai gainean jartzen, manifestuen, kontzentrazioen, prentsako artikuluen eta beste ekimen batzuen bidez. LABetik hasieratik sostengua eman diegu aldarrikapen zuzen horiei eta kolektiboari berari, baita horrek pairatu izan duen diskriminazioa salatzeko ekimen batzuk antolatu ere.
Momentu honetan gogorarazi behar da zuzendaritzak akordio bat sinatzea onartu izan badu egondako sententzia batzuek eta egindako borrokak eragindako presioagatik izan dela. Horrek argi erakusten du borrokaren eta mobilizazioaren ezinbestekotasuna. Ildo horretan, zorionak azken urte hauetan beren eskubideen alde mobilizatu zareten irakasle guztiei!
Dena den, ezin gara triunfalistak izan. Aipatu dugu akordioari “era guztiz aproposean” irtenbidea ez zaiola eman. LAB izan da zuzendaritzak aurkeztutako proposamenari zuzenketak aurretik egin dizkion bakarra. Horren ondorioz lortu da atzerapenen ordainketa aurreratzea (eta ez luzatzea 2020ra arte). Atzerapen guztiak 2018an ordaintzea, aldiz, benetan zaila da, aurrekontuetan aurreikusita ez dagoelako. Baina badago aukera 2019ko aurrekontuetan partida hau handitzeko 2019an bertan ordainketa burutzeko. Era berean, gogoratu behar da LAB-ek 2018ko aurrekontuei emendakin bat egin ziela aldi baterako irakasleen bosturtekoak ordaintzeko partida bat sortzeko, eta Gobernu Kontseiluak atzera bota zuela. Orduan onartua izan balitz, atzerapenen ordainketa lehenago gauzatuko zitekeen.
Zuzendaritzaren eskaintzari LABek egindako beste bi aldaketa-proposamenak honako hauek ziren:
- Irakasle atxikiek eta, atxiki izan ostean, bitartekari irakasle kontratatuek kobratzeko diru kantitatea proportzionala izatea beste irakasle figuren soldata eta bosturtekoaren zenbatekoaren arabera (41/2008 dekretuan jasota daudenak), eta ez irakasle lankide iraunkorrena. Kalkulu logikoena da, eta irakasle hauentzako diru-kopurua pixka bat altuagoa izango litzateke.
- 2015 eta 2016ko deialdietan onartutako bosturtekoen atzerapenak (2016/2017tik ordaindu behar ziren kantitateak) atzerapen-interesarekin ordaintzea. Langileen Estatutuaren 29.3 artikuluan jasotzen denez, soldata ordainketaren atzerapenei %10eko interesa ezarri behar zaie. Bosturtekoen inguruan egondako sententzia batzuetan epaileek irizpide hau aplikatu dute (eta, espresuki eskatu denean, kasu guztietan aplikatu dute). Gure ustez, bere momentuan aitortutako bosturtekoak administrazioak 2 edo 3 urte beranduago ordaintzeak konpentsazioa izan behar du langileentzat.
Pena izan da sindikatu guztiok batera ez egitea eskaera hauen alde, akordio hobea ahalbidetuko zukeena.
Orain arte azaldutako guztia kontutan hartuz, LABen erabakia akordioa sinatzea izan da. Nahiz eta dagoen terminoetan guztiz aproposatzat ez hartu, gure proposamenak borrokatzeko indar sindikal nahikorik ez dagoela ikusita, lehenesten dugu irakasleek behingoz bosturtekoak kobratzen hastea, bai atzerapenak baita hemendik aurrera modu erregularrean ere.
Pasa den ostiraleko bileran bertan aipatu genuenez, nahiz eta akordio hau sinatu, bosturtekoen gaia ez dago guztiz itxita. Izan ere, lanaldi partzialeko irakasleei ere irakats merituengatik bosturtekoak jasotzeko eskubidea aitortzea (eta, beraz, ordaintzea) aldarrikatzen dugu. Gai hau irakasle kolektibo honen inguruko negoziazio mahaira eramango dugu, aurreko mezuetan aipatu izan ditugun beste eskaerekin batera.
Bukatzeko, aldi baterako irakasleen seiurtekoen kasuan, hurrengo bilera baterako utzi da negoziazioa. LABen argi daukagu aitortutako seiurtekoak ordaindu behar direla bosturtekoen termino berdinetan. Horretaz gain, seiurtekoen deialditik kanpo geratu ziren eta ikerketa egiten duten beste figura ez-iraunkorrak hurrengo deialdiak sartzea exijituko dugu. Hartarako, Bitartekaritza Zerbitzura (PRECO) eskaria eraman dugu jada.
Zorionak lortutakoagatik!
Lortzeko dagoena borrokatzen jarraituko dugu!
Irakasle-ikertzaileen arteko diskriminaziorik ez!
Erantzun bat “Aldi baterako irakasleen bosturtekoen akordioa: urrats garrantzitsua” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.