Seiurtekoak ikerketa merituak dauzkaten guztiontzat!
Dakizuenez, irakasle eta ikertzaile ez iraunkorrek seiurtekoak eskatzeko aukera ireki da eta Estatuko unibertsitate batzuetan aukera hori bideratu dute ANECArekin adenda bat sinatuz (Euskal Herriko kasuan, NUPen bertan).
EHUri dagokionez, Unibasq eta ANECAren artean sinatu beharko litzateke adenda hori, baina, oraingoz, ez dago adendarik eta, gainera, egoeraren inguruko jakinarazpenik ere ez zaie igorri EHU edo Unibasq-etik interesa izan dezaketenei.
Honek guztiak ez gaitu harritzen, ordea. Seiurtekoekin bezala, bosturtekoen eta ordainsari gehigarrien inguruko aurreko esperientziak dauzkagu buruan, non Eusko Jaurlaritzak, Unibasq-ek eta EHUko gobernu taldeek, langileei zegozkien mota desberdineko osagarriei oztopoak jartzeaz baino ez diren arduratu. Merituen araberako aitorpen eta ordainketaren kontua saltzen digute, baina, errealitatean, erabilitako irizpide nagusiak, irizpide ekonomiko hutsak dira.
Unibasq-eko Gobernu Kontseiluari dagokio auzi honen inguruko erabakia hartzea, eta kontrako presioak badirela jakin arren, azken erabakia irakasle-ikertzaileen aldekoa izatea espero dugu. EHUko gobernu taldeak bere papera jokatu behar du, bere langileen eskubideen alde argi eginez eta adenda hori bideratuz.
Agertoki honetan eta eskaera hauekin heldu ginen atzo Plangintza Batzordera. Irakasle eta ikertzaileen errektoreorde berriak argi izpi bat irudikatu zuen gai honen inguruan, egoera aztertzen ari direla jakinaraziz eta erabaki bat hartzeko denbora gehiago behar dutela esanez. Kolektibo hau irekita dagoen deialdira aurkezteko aukera ez omen du erabat itxita ikusten, epea otsailaren 8an bukatzen bada ere. Laster izango du gobernu talde berriak bere asmoak erakusteko aukera, jasotako eskaerei lotutako aldi baterako irakasle-ikertzaileen zerrenda Unibasq-en eskuetan jarri ala ez berehala erabaki beharko du eta.
Hurrengo bi asteetan errektoreordearen erantzunen bat espero dugu, eta espero dugu, halaber, irakasle-ikertzaileon interesen aldekoa izatea.
Aitzakiarik ez dago irakasle eta ikertzaileen arteko diskriminazio hau mantentzeko. Aldeko sententzia judizialak daude eta ANECA ez da oztopo. Kasu honetan (eta gure ikerketa merituak Euskal Herrian ebaluatu behar direla ahaztu gabe), oztopoa ez dago Madrilen, baizik eta Gasteizen eta, agian, Leioan. Beharrezkoa dena borondatea da, eta bide batez, aurrekontuetan osagarri hauek ordaintzeko kopurua behar beste handitzea (kantitatea ez litzateke handia izango). Hala ere, momentuz, borondaterik ez da ikusten, eta isiltasuna da nagusi.
Errektoretza taldea berria denik ezin dugu ukatu, baina gatazka zaharra da, eta errektorearen curriculuma kontuan hartuta ez zaio ezezaguna izango. Administrazioaren jarrera zein den laster jakin beharko genuke irakasle-ikertzaileok. Hurrengo bi asteetan gai honi irtenbide bat ez bazaio ematen, mobilizazioak egongo dira.
Seiurtekoak ikerketa merituak dauzkaten guztientzat!
Irakasle eta ikertzaileen arteko diskriminaziorik ez!
Erantzun bat “Aldi baterako seiurtekoen inguruko jarrera argi bat eskatzen diogu EHUko zuzendaritzari” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.