Hiriburuetan mobilizazioak egingo ditugu apirilaren 27an, Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan.
BILBO 12:30ean Manifestazioa Plaza Zirkularretik
DONOSTIA 11:30ean Bilbao plazatik manifestazioa
GASTEIZ 11:30ean Landatxo Gizarte Etxetik manifestazioa
IRUÑEA 11:00etan Gurutze plazatik manifestazioa
Apirilaren 28 honetan, lan istripuek eragindako osasun galera eta heriotzak salatzearekin batera, arreta jarri nahi dugu Laneko Gaixotasunetan. Ikusezinak eta ahaztuak izaten jarraitzen dute. Europako Lan Osasunaren Agentziaren arabera, lan istripuek eragindako laneko heriotz bakoitzeko 18 langile hiltzen dira lan gaixotasunagatik, baina berehalako ondorioak ez dituztenez, behar baino gutxiago deklaratzen dira eta jatorrian dauden arriskuei aurre egiteko beharra alde batera uzten da.
Iaz baja eragin zuten laneko gaixotasunak %25,9 igo ziren. Egunero 12 laneko gaixotasun sortzen da; deklaratutako laneko gaixotasunen %90etik gora patologia muskulo-eskeletikoak dira, gainerakoak, berriz, produktu toxiko edo arriskutsuen eraginpean aritzeak eragindakoak, eta ia guztiak arintzat hartuak izaten dira. Atzemandako gaixotasunen %70 gaixotasun arrunt bezala ezkutatu eta sistema publikora bideratzen da. Gaixotasun profesionala modu horretan ezkutatzeak zer ikusi handia du baja horiei loturiko planteamendu ekonomikoekin, izan ere, gaixotasun bat laneko gaixotasun gisa aitortu ala ez, mutuak ala osasun sistema publikoak, batak ala besteak hartzen du bere gain. Mutualitateeek, gaixotasunen prebentzioa egin beharrean, kontingentzia profesional gisa ez aitortzeko irizpidearekin dihardurte, eta hala, gaixotasuna artatzea eta hari dagokion prestazio ekonomikoa osasun sistema publikora bideratzen dute.
Estatistika ofizialek ere ezkutatzen dituzte gaixotasun profesionalak; hainbat azterketaren arabera munduan sortzen diren gaixotasun guztien %10 eta 20 artean lanari zuzenki lotuak egon litezke. Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) dio laneko gaixotasunen %83 ez direla hala aitortuak; Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, Europan 167.000 heriotz gertatzen dira, haietatik 8.000 lan istripuen ondorioz, eta 159.000 laneko gaixotasunetatik eratorriak. Uste da urtero estatuan 9.550 heriotz inguru gertatzen direla lanarekin lotutako minbizien ondorioz.
Euskal Herrian han laneko gaixotasunen estatistiketan ez da jasotzen laneko gaixotasunak eragindako heriotz bakar bat ere, nahiz eta, amiantoaren eraginez, 1993tik hona 1.494 pertsona baino gehiago hil diren.
Aipamen berezia merezi du emakumeen egoerak, izan ere, baldintza eta posizio sozial eta ekonomiko kaskarragoak dituzte eta arrisku ezberdinak, laneko prekarietatea gehiago sufritzen dute, enplegu prekarioekin, lanaldi partzialekin eta soldata baxuagoekin. Emakumeek, gainera, ordaindu gabeko lanak egiten denbora gehiago ematen dute. Lan feminizatuek osasunean duten eragina epe luzera agertzen da eta guztiz ikusezinak bihurtzen dira, etxeko langileekin gertatzen den moduan, zeinak prebentzioaren inguruko arauditik kanpo geratzen diren.
Laneko gaixotasunen zerrenda guztiz osatu gabe dago eta behar direnak ere ez dira deklaratzen. Hala izatekotan, laneko gaixotasunagatiko lehen heriotz kausa minbiziarena litzateke. Laneko gaixotasunak ikusarazteak da prebentzio aldetik eta sindikalki erronka nagusiena. Ezkutatuak diren neurrian, gaixotasunen jatorrian dauden zergatiak saihesteko arrazoirik ez dago, eta lan baldintzak hobetzeko beharra ere alde batera geratzen da.
Mutualitateak dira egoera larri honen erantzuleak. Patologiak duen laneko jatorria ukatu egiten dute sistematikoki. 100 kasutik 40 baja bakarrik ematen dituzte. Eta egoera honen onuraduna patronala da, patologiaren jatorria lanean dagoela ukatzea aitzakia baita prebentziorik ez egiteko.
Praktika horren ondorioz osasunari eragindako kaltearen kudeaketa Osakidetzak edota Osasunbideak hartzen dute beren gain, Mutuen ordez. Alegia, Mutuen praktika desegokia jendarteak ordaintzen du, denon artean ordaintzen dugu laneko gaixotasunen jatorriaren aitortza eza.
Lanean jarraitu behar dugu, lakra sozial honen aurkako borroka egin eta gaurko lan osasuneko ereduaren alternatibak garatzeko. Osasunaren babesera sistema alternatiboa aldarrikatzen dugu, pertsonen bizitza eta osasuna erdian jarriko dituena.
LABetik salatzen eta borrokan jarraituko dugu prekarietatearekin amaitzeko, enpresen gaineko kontrolak eta ikuskapenak areagotzeko eta prebentzio neurriak hartzea exijitzeko. Politika publikoak aldatu behar dira lan osasunerako eskubidea bermatzeko; laneko gaixotasunen erregistro bat sor dadila eskatzen dugu.
Patronala neurriak hartzera behartzeko mobilizatuko gara, instituzioak interpelatuz, egoeraren erantzule zuzenak seinalatzeko. Erantzun sozial masiboa artikulatzeko unea da, langileen kontrako indarkeria patronalarekin amaitzeko.