XXI.en mendean aurrera goaz, jendarteak sekulako bilakaera izan du eta sinesgaitza bezain onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Hori da egunero milaka langilek bizi duten errealitate gordina. Lan istripuen kopurua gora doa eta gehiegi dira lanean ari direla hiltzen diren langileak. Datuak hor daude, 2015ean 55 heriotz istripu izan ziren eta 2016an jada 16 langile hil dira lan istripuren baten ondorioz. Kopuru hau gorantz doa.
Lanean gaixotu egiten gara. Egun oraindik errealitate hori ezkutatu egin nahi izaten da, hain zuzen ere kalkulatzen da laneko gaixotasunen %83 ez dela hala aitortzen. Lanean erabilitako produktuengatik (amiantoa, silizea….) gaixotu diren langileen zerrenda luzea da, baita hil diren langile kopurua ere. Adibidez, amiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz bakarrik, azken sei urtetan, 153 langile hil dira, estadistika ofizialeetan agertu ez arren. LNE, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, gaixotasun profesionalek lan istripuek baino 6 aldiz heriotz gehiago eragiten dute. Hau gutxi balitz, krisiak eragin kaltegarria izan du gure lan osasunean. Langabezia eta prekarietatea ez dira murrizten eta langileek bizi duten ziurgabetasun egoerak, lan erritmo altuek, etengabe mehatxu eta txantaipean lan egiteak etab… langileak gaixotu eta lan istripu gehiago gertatzea dakar: hala nola, gihar eta hezurduraren lesioak, antsietatea, depresioa, infartuak, suizidioak, etab. gero eta gehiago gertatzen dira. Baina faktore asko tarteko, adibidez mutualitateak egiten ari diren lana, esker, datu hauek ez dira agertzen laneko estatistika ofizialetan, gaixotasun arrunt moduan agertzen dira. Izan ere, lanean jatorria duten lesio edo gaixotasunen ondorioz hartutako 100 bajatatik 41 soilik ematen ditu mutualitateak, besteak Osasun Sistema Publikoak ematen ditu.
Errealitate horren arrazoiak ezagunak dira, prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak. Arrazoiak bezain ezaguna eta jakina da egoera horrek nori egiten dio mesede, patronalari noski, horrela kostuak murrizten dituelako. Etekinak bakarrik axola zaizkio, langileon bizitza arriskuan jartzeraino. Zenbaki hutsa gara.
Instituzioen aldetik ez dago benetako politika eraginkorrik arazo hau konponbidean jartzeko, alderantziz, instituzioek azken hamarkadetan hartu dituzten neurriak, lan merkatu prekarizatu edo OSALAN eta ISPLNren baliabideak murriztea, gure osasunaren kalterako izan dira. Aski da, egoera honen aurrean, mobilizazioan sakontzea dagokigu, arazoaren larritasuna jendarteratzen jarraitu behar dugu, lanera joatea ez dadin bizitza arriskuan jartzea izan.
LABek lan osasuna eskubidea izan dadin borrokatzen jarraituko du, horretarako egin dezakegun borrokarik hoberena prekarietatearen kontrako borroka indartzea dela ulertzen dugu eta horrekin batera lantokietan prebentzio neurriak exijitzeko ekintza sindikala indartuko dugu.
Datorren hitzordua jarrita dago, apirilaren 28an, Lan Osasunaren Nazioarteko egunean, mobilizatuko gara.