Azaroak 25: Epaitegietan emakumeontzat Justiziarik ez!

Azaroaren 23an, ostiralarekin, egingo ditugu mobilizazioak, “Epaitegietan emakumeontzat Justiziarik ez ¡No a este sistema que nos maltrata!” leloarekin. Hala, epaitegietan mobilizatuko gara ostiralean, eta, igandean, mugimendu feministaren deialdiekin egingo dugu bat. Hauek dira sindikatuak 23rako deitutako protestak, epaitegietan: Bilbon, 10:30ean; eta Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 11:00etan.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Epaitegien egoera jasotzen duen txosten bat osatu du LABek egoeraren diagnostikoa ez ezik, hutsuneak konpontzeko proposamenak ere planteatzen dituena.

Azken urteotan, mugimendu feministak eta LAB bezalako beste eragile batzuk behin eta berriro eta gero eta ozenago salatu izan dugunez, indarkeria matxistari aurre egiten dioten
emakumeei bide instituzionalek sufrikario erantsia dakarkie. Estatuan, duela 14 urte, Genero Indarkeriaren kontrako Lege Integrala onartu zenetik eta “Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Epaitegiak” martxan jarri zirenetik, gai honen inguruan itzalak gehiago izan dira argiuneak baino.
Epaitegi hauen jarduera egoera benetan txarretan ateratzen ari da aurrera, LABen azken urteotan salatu dugunez. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean justizia aldarrikapena gero eta indartsuagoa zen momentuan sortu ziren epaitegi hauek, aldarrikapena zelanbait apaltzeko eta, hortaz, ikusten ari gara ezarri zuten eredua hutsunez beterik dagoela.
Hasteko, justizia kontzeptua bera: hau sari eta zigorretan oinarritzen da, kondenak eta espetxe urteak banatzen dira arazoaren konponbidea hori balitz bezala eta gatazkaren sustraiak ez ditu zalantzan jartzen. Eta, jarraitzeko, salaketa jartzen duten emakumeak berriro biktimizatzen dituen sistema osoa daukagu: txarto egokituta dagoen justizia zerbitzua, langile gutxi, behar besteko formakuntza ematen ez duena, arretarako ingurune aproposik ez daukana, tratu egokirik ez… Hau da, epaitegiak martxan ipini ziren, baina baliabide material zein giza baliabide nahikorik gabe.
Guk ez dugu justizia horretan sinisten, ez dugu sinisten justizia patriarkal, klasista, arrazista eta misoginoan… justizia hori amesten dugun jendartetik, bizi garen eta erabaki nahi dugun Euskal Herritik, benetan dago urrun. Arazoak konpontzeko modua ez dadila izan zigor eta mendekuaren bitartez, baizik eta bizitza ulertzeko beste modu batean oinarriturik, pertsonen arteko harremanak botere harremanetan oinarrituta egongo ez diren jendartea nahi dugu.
Bestelako justizia nahi dugu, non langileak eta erabiltzaileak, denaren gainetik, pertsonatzat hartuak izango diren eta halaxe tratatuak izango diren. Honengatik guztiagatik:
GENERO IKUSPEGITIK DERRIGORREZKO FORMAZIOA emateko exijitzen dugu. Formazio hau indarkeria matxistarekin zerikusia daukaten prozedura judizialetan parte hartzen duten guztiek hartu beharko lukete: epaileek, fiskalek, Balorazio Forentse Integralerako Unitateko langileek, abokatuek, poliziek, interpreteek eta administrazio arloko langileek.
Hego Euskal Herrian burutzen diren ezkutuko guardien afera BEREHALA KONPONDU behar da. Izan ere, indarkeria epaitegietako langileek euren jardunaldia luzatzera behartuta egoten dira bazkaltzeko orduan atsedenaldirik izan gabe; epaitegian dauden adintxikikoak zaindu behar izaten dituzte… Hau da, ezkutuko guardia egitera beharturik daude, arautu gabe eta ordainketarik jaso gabe.
INTERPRETEN PROFESIONALEN ZERBITZUA ezinbestekoa da. Kasu hauetan akats edo txarto ulertzeren batek ondorio larriak ekar litzake; honetaz gain, genero formakuntzan dagoen gabezia gehitzen badugu, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen babesgabezia erabatekoa izan daiteke.
Indarkeria gaietarako txandan ABOKATUEN LAGUNTZA ez da nahikoa. Akordioak gaur egungo errealitatera egokitu behar dira, momentu honetan dauden itxaronaldi luzeak
ekiditearren.
BALORAZIO FORENTSE INTEGRALERAKO UNITATEAK BEHAR BESTEKO BALIABIDEAK IZAN BEHAR DITU indarkeria prozedurei behar den bezala ekin ahal izateko. Gogoratu dezagun unitate honen zeregina biktimei egindako kalteak baloratzea dela eta, honetaz gain, indarkeriazko jokabideen balizko errepikapena ebaluatzea.
Indarkeria epaitegietan BIKTIMAREN ARRETA ZERBITZUA hobetu behar da, lehen momentutik arreta profesional zuzenagoa eman ahal izateko, aholkularitzan, informazioan eta laguntza emozionalean
Indarkeria epaitegietan SALAKETA JARRI DUEN EMAKUMEAREN ETA ERASOTZAILEAREN ARTEKO KONTAKTUA ekidin dadila eta ADIN TXIKIKOEI ERE ARRETA EMAN DIEZAIELA exijitzen dugu. Hego Euskal Herriko indarkeria epaitegiek biktimen babeserako Europako arauak hausten dituzte. Gelak ez dira batere egokiak: biktimak eta erasotzaileak askotan elkarrekin egoten dira, egoera fisikoak negargarriak dira (toki eskasa, tenperatura, aireztapena…). Adin txikikoek ez daukate gela egokiturik bertan hartuak izan daitezen.