2018ko abenduaren 5ean UPV/EHUko Erretiroei Buruzko Batzorde Teknikoak onartu zuen langile laboralentzako erretiro partzialerako akordioa, 2019 eta 2020an indarrean egongo dena.
Lehenik, salatu behar dugu Zapaterok 2011ean bultzatu zuen pentsioen erreforma (Toledoko itunean horren aldeko jarrera izan zuten patronalaren eta CCOO eta UGTren onespenarekin), orain sartuko dela indarrean bete-betean, 2018 arte aurreko araudiaren luzapena mantendu baita. Honek esan nahi du 2019tik aurrera langileen aurkako eraso hau bete beharrekoa izango dela. Horregatik, erretiro partziala hartzeko baldintzak ere okerrera aldatuko dira hemendik aurrera, besteak beste erretiro partziala eta arrunta hartzeko adinak luzatuko direlako (modu desberdinetan kotizatutako urteen arabera) eta lanaldiaren murrizketa %50ekoa izango delako.
Edozein modutan, UPV/EHUko Batzorde Teknikoan LABek egin dituen alegazioei esker Unibertsitateak proposatutako akordioa hainbat puntutan hobetzea lortu dugu:
- Hasieran Gerentziatik iritsi zitzaigun proposamenean erretiro partziala langile finkoentzat soilik aurreikusten zen, eta LABek gogoratu behar izan zuen 2013 eta 2015eko akordioetan ez zegoela horrelako baldintzarik. Ondorioz, Gerentziak testua aldatu zuen eta onartu den akordioaren arabera, behin-behineko langileek ere eskatu ahal izango dute, plaza huts bat betetzen ari badira eta sei urteko antzinatasuna badute.
- Bestalde, irakasleen arloan Unibertsitateak proposatzen zuen txanda kontratua duen langileak astean 4 orduko kontratua izatea, erretiro partziala hartu duen irakasleak bere lana metatzen duen bitartean. Horren aurka agertu ginen eta azkenean kontratu horiek astean 6 ordukoak izango dira.
- Unibertsitateak proposatu zuen testuan esaten zen txanda kontratua duen langileari lanaldi osoko kontratua “egin ahalko” zaiola erretiro partzialeko langileak bere lana metatu ondoren bizitza laborala amaitzean, eta LABek eskatuta, onartutako testuan adierazten da lanaldi osoko kontratua “egingo” zaiola.
Lehenago aipatu dugun moduan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak ezarritako erretiroen araudi berriaren ondorioak, orokorrean, kaltegarriak dira langileontzat, eta hemendik aurrera jasan behar izango ditugu. Baina egia da ere, Espainiako estatutik datozkigun baldintza murriztaileak kontuan hartuz, eta LABek eraman duen negoziazio prozesuari esker, ahalik eta baldintza hoberenak lortu ditugula UPV/EHUko langile laboralentzat. Edozein modutan, onartutako akordioa 2019-2020 epealdian egongo da indarrean, eta bi urte hauetan gerta daitezkeen aldaketen arabera akordio berria egin beharko dugu hurrengo urteetarako.
2018ko udazkenean ez zen egin erretiro partzialarekin lotutako deialdirik, eta 2018/19 ikasturtearen amaiera arte itxaron behar izan dugu araudi berriaren deialdiak ezagutzeko. Ba zen garaia!