AZPko 2019ko LEParen Akordioa ez du sinatu LABek

2019ko LEParen inguruko Batzorde Negoziatzailearen azken bilera akordiorik gabe bukatu da. LABek unibertsitatean urte askotako zerbitzuak dituen pertsonalaren egonkortasunarekiko UPV/EHUren zuzendaritzaren konpromiso falta salatu du.

Enplegu-galeraren arriskua minimizatzeko baldintza nahikoak egon bazeuden eta, hala ere, zuzendaritzak aukera hau alferrik galtzen utzi du AZP-ren behin-behinekotasuna LEP zabal bat eta bermedun baten bitartez era esanguratsuan txikitzeko.

Akordio falta egonda ere, zuzendaritzak aurtengo abenduaren 12ko Gobernu Kontseiluan Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) iragarpena onartzeko asmoa duela adierazi du. Iragarpenak erreposizio-tasaren 49 plaza eta Estatuaren 2018ko Aurrekontuen Legean agertzen den tasa gehigarriaren 542 plaza bilduko ditu. Gainera, iragarpenak karreradun funtzionarioen barne promoziorako 44 plaza gordeko direla aurrekikusten du.

Negoziazio mahaira zuzendaritzak ekarri duen Akordio-proposamenak 2018an Montoro ministroarekin UGT, CCOO eta CSIFek sintutako akordioaren translazioa baino ez da. Sindikatu horiek onartu zuten ordura arte erreposizio-tasara mugatuta zeuden LEPetan plaza hutsen tasa gehigarriak eskaintzea, baina “ahaztu” zuten behin-behineko eta aldi baterako langileen eskubideak aitortzea.

2004an egin bezala, Euskal Unibertsitate-Sistemaren Legean AZP-ren egonkortasun-klausula sartzeak 620 pertsonaren egonkortasuna aitortu zuenean, LABek jarraitu du aldarrikatzen behin-behineko eta aldi baterako AZP-koon eskubideen aitortza Mahai Orokorrean, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluan eta Eusko Legebiltzarrean. Bien bitartean, EHUn zuzendaritzaren eginkizuna, hauteskundez hauteskunde, inoiz heldu ez den akordio berria eskaintzera mugatu da.

Erantzun positiborik gabeko urteen ondoren, tramitazio fasean dagoen Euskal Enplegu Publikoaren Lege egitasmoak aurreikusten du -19. eta 20. Xedapen Iragankorretan- egonkortze LEPen aukera. Zehazki, deitutako plazen %60a txanda itxiaren bidez ahalbidetzen du 20. Xedapen Iragankorrak, behin-behinekotasun tasa %40 baino handiagoa den lan-eskala edota kategorietan. Deialdi horietan EHUko eskala edo kategoria horietan 8 urte baino gehiagoko zerbitzuak emanak dituena soilik aurkeztu ahalko litzateke. Gainera, txanda librean deitutako plazen %40ari dagokionean, eskala edo kategoria bakoitzean emandako zerbitzuak EHUn, modu espezifiko, bereiztu eta osagarrian baloratu ahalko lirateke beste edozein administrazio publikotan emandakoekiko alderatuta (19. Xedapen Iragankorra).

Jaurlaritzak Euskal Enpleguaren Legea aurrera ateratzeko dituen zailtasunen aurrean, Elkarte Autonomoko Kidego eta Eskalen Legera “transferitu” dira xedapen bi horiek. Lege horren tramitazioa ere martxan dago eta epe laburrean onartua izatea aurreikusten da.

Testuinguru horretan, EHUko zuzendaritzaren aldetik egonkortasun-proposamen faltan, LABek zera proposatu zuen: Enplegu finkorako sarbidea errazteko beharra behin-behineko eta aldi baterako pertonalaren eskubideak onartuko zituen LEP handi baten bitartez. Ildo honetan, LABek gutxieneko hiru puntu proposatu zituen Akordioan jasotzeko:

  • Euskal Enplegu Publikoaren Lege egitasmoaren xedapen iragankor bien aplikagarritasuna EHUn bermatzea.
  • Ordezkaritza sindikalarekin partekatzea 19. Xedapen Iragankorrean aurreikusten diren txanda libreko plazen balorazio espezifiko, ezberdindu eta osagarria EHUn emandako zerbitzuei dagokienean.
  • LEParen esleipenen ondorioz desplazatutako behin-behineko edo aldi baterako pertsonalaren birkokapenerako konpromisoa.

Gure atsekaberako, EHUko zuzendaritzak gorrarena egin du LABen eskakizunen aurrean eta, txarragoa dena, bere plantillan %60tik gorako behin-behinekotasun tasak pairatzen ari den Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsoanala, beste behin ere, gutxietsi egin du.

Egonkortasun Akordio bat onartaraztea lortu genuenetik 15 urte baino gehiago igaro eta gero, unibertsitateko zuzendaritzaren zabarkeriak LAB AZPko plantilla prekarietatera ez zigortzeko gure borrokan berrestera garamatza. Horregatik dei egin dugu oinarri orokor eta espezifikoak argitaratu baino lehen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsoanalaren eskubideen defentsan akordioa lortzeko.