Diskriminazioaren eta prekarietatearen aurka
Azkenaldian, Eusko Jaurlaritzaren eta Unibertsitatearen negoziatzeko borondate eskasa dela eta, bide judiziala lehenetsi da lan arazoak konpontzeko orduan. Osagarrien gatazkaz gain, orain dela gutxi behin-behineko irakasle-ikertzaileek bosturtekoak lortzeko eskubidearena ireki da. Berriki Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren sententzia batek behin behineko irakasle baten demanda onetsi eta irakaskuntzari lotutako bosturtekoen deialdietan parte hartzeko eskubidea aitortu dio. Honen aurrean epaiaren aurkako helegiterik ez jartzea erabaki du Unibertsitateak.
Iazko abenduan behin-behineko 60 irakasle inguruk bosturtekoak eskatu zituzten 2015eko deialdian. Azken egunotan Irakasleen Errektoreordetzak bidalitako gutunak jasotzen hasiak dira, non eskatutako bosturtekoak aitortzen zaizkien. Hala ere, unibertsitateak ez du osagarri horien ordainketa onartzen, Eusko Jaurlaritzak baimena eman arte. Bestalde, behin-behineko irakasle eta ikertzaile gehienek ez zuten eskaerarik egin, deialdiak behin-behinekoak espresuki baztertzen zituelako.
LAB eta Steilas sindikatuok, IIP laboralaren esparruan gehiengoa osatzen dugunok, formalki eskatu diogu UPV/EHUri mahai negoziatzailea irekitzeko gai honen inguruan baina Unibertsitateak berriro huts egin digu. Ez du asmorik bere ardura onartzeko eta gatazka hau negoziazioaren bidez konpontzeko. Alderantziz, nahiago du bidegabekeri eta diskriminazio egoerak luzatzea, eta logikaz eta justiziaz egin behar diren ebazpenak ez aplikatzea epai irmo bat egon arte. Egoera hau are lazgarriagoa da pertsona horietako askok bete dituztelako plaza finkoa oposaketaren bidez lortzeko baldintzak eta, hala ere, inposatutako birjartze tasa baxuaren ondorioz prekarietatean blokeatuta egon behar dutelako.
Steilas sindikatuak 2015eko bosturtekoen deialdiaren aurka, behin behinekoak kanpo uzteagatik, bideratutako lan-gatazkaren baitan, atzo PRECO-n egindako bitartekaritza saiakerara ez zen agertu UPV/EHU, zoritxarrez. Unibertsitatearen negoziaziorako borondate ezaren froga da hau eta ordezkari sindikalei eta langileei dien errespetu gutxiaren adibide.
Talde errektoralak ez luke horrela jokatu behar, ez dugu onartzen jarrera hori. Bide juridikotik aritu behar bagara egingo dugu, baina LABek beti lehenetsiko du negoziazio kolektiboa. Horregatik, ahaleginak bikoiztuko ditugu beste sindikatuekin batera behar diren pausuak emateko, mobilizazioak barne, bosturtekoak lortzeko eta kobratzeko eskubidea negoziatzeko, bai eta seiurtekoak ere, behin behineko irakasle-ikertzaileentzat.
DISKRIMINAZIOAREN ETA PREKARIETATEAREN AURKA!
BOSTURTEKOEN ETA SEIURTEKOEN AITORPENA IRAKASLE-IKERTZAILEEI!