Bihar, ostiralean, Ibaetako campusean giza-katea: LAN DUINA, BIZI DUINA!!!

Unibertsitatean prekarietateak aurpegi desberdinak ditu, gazteak batez ere

Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalean behin-behinekotasun tasa ikaragarria da, %60a hain zuzen ere, eta egoera askoz larriagoa da laboralen kolektiboan non %83koa den.
Irakasle-ikertzaileentzat kontratu finko bat lortzeko bidea, prekarietate aldi luzeak edukitzeaz gain, oztopoz beteriko urte askoko lasterketa bilakatzen da. Prekarietate kasu mingarriena arduraldi partzialeko irakasle kontratatuetan ematen da, beren soldatak iraingarriak direlako. Arduraldi erdiko irakasle batek kontratu osoko baten soldataren laurdena jasotzen du. Bakarrik ordaintzen zaizkio eskolak eta tutoretzak, baina ez ezinbestez egin behar dituen beste lanak, eskolak prestatu eta azterketak zuzendu besteak beste. Gainera, soldatarako ez zaio ikerketa-lana kontatzen, askotan bere jardunaren zatirik handiena izanik. Egoera honetan daude bitarteko irakasleen (interinoen) laurdena, 170 lagun, gutxi gora behera. Salatzekoa ere lan berdina egiten duten irakasleen arteko diskriminazioa, iraunkor izatearen ala ez izatearen arabera, antzinakotasuna kobratzeko orduan, esaterako.
Ikertzaileentzat berriz, egonkortzea oraindik ere zailagoa da, ikerlari egonkor oso lanpostu gutxi sortzen baititu UPV/EHUk. Curriculum bikaineko ikertzaileak egonkortzeko aukerarik gabe geratzen dira unibertsitatean urte asko eman ondoren. Ikertzaile ez-doktoreen lan baldintzak desberdinak dira deialdien arabera, beraz, ez da betetzen “lan berdina, soldata berdina” araua, eta gainera soldatak oso eskasak dira. Proiektuetan denbora baterako kontratatutako pertsonalaren kontratuak motzak dira eta oso gutxitan arduraldi osokoak. Langile hauek kontratutik kontratura doaz, nahiz eta plaza batzuk estrukturalak direla nabaria den.
Bitartean, UPV/EHU nazioarteko rankinetan aurrera doa, bikaintasunaren bidean, bere langile guztien lan baldintzak prekarietatearen zulotik atera gabe.
Horregatik, UPV/EHUn ere lan-baldintzak duindu behar ditugu: LAN DUINA, BIZI DUINA!!!
Bihar, Azaroaren 3an, 12:00etan GIZA KATEA Barriola aulariotik. PARTE HARTU!!!