KOMUNIKATU BATERATUA: LAB eta STEILAS
UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen (IIP) ordainsari osagarrien berraktibatze prozesua luze bezain konplikatua suertatzen ari da, prozesua oztopatzeko Eusko Jaurlaritzaren presio eta trikimailuen ondorioz. LAB eta steilas sindikatuok jarritako salaketaren epaia, 2014ko martxokoa, argia zen: osagarrien deialdiak berrabiarazi egin behar dira, urteroko maiztasunarekin. Epai horri erantzunez, UPV / EHUko Gizarte Kontseiluak, gai honetan eskumena duen organoa eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza esanguratsuena duena, argi berdea eman zion 2015ko deialdiari. Deialdi murriztua hau, 2011‐2014 epealdian egin ez ziren deialdien atzera eragina barneratzeari uko egin ziolako, Eusko Jaurlaritzaren
presioen aurrean amore emanez.
Hala ere, azken orduan, Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren eskutik eta zirrikitu legal batez baliatuz, helegitea jarri du Madrilgo Auzitegi Gorenaren aurrean, epaia bera eta ondorengo jarduera guztiak baliogabetzeko eskatuz, aurtengo deialdia ere kolokan jarriz. Zalantzarik gabe, beraien legeria propioaren aurkako helegitea da honako hau. Zein da helburua? Egin ez diren deialdien aurkako erreklamazio posibleak oztopatzea? Ebaluatu bai, baina ez ordaintzekoa?
Cristina Uriarte, unibertsitate honetako irakasle izanik, jakitun da azken urteetan deialdirik ez egoteak irakaslerian diskriminazioa egoerak sortu dituela. Badaki ere gaur egungo ordainsari gehigarrien sistema UPV/EHUko irakasle‐ikertzaileen soldatak duintzeko eskuragarri zegoen bide bakarra izan zela. Badaki 2006ko Akordio Sindikalean funtsezkoak zirela unibertsaltasuna, urterokotasuna eta deialdien aurrekontu‐estaldura. Eta horrela dago jasota Eusko Jaurlaritzak prestatu eta onartutako Dekretuan. Hala eta guztiz ere, Cristina Uriartek dekretuaren esentzia (edukia) berresten duen epaiaren aurka errekurtsoa jartzeko agindua eman du.
Hezkuntza Sailburua, Cristina Uriarte, UPV/EHUko langileen soldata murrizketen, unibertsitateak izan dituen finantzaketa arazoen eta, 2011 urteaz geroztik, osagarrien kostu ekonomikoa aurrekontuan nahikotasunez ez barneratzearen erantzule da. UPV/EHUko zuzendaritzan eta Gizarte Kontseiluan presioa eta trikimailuak erabili ditu osagarrien deialdien etetea lortzeko. Eta orain irakasleak eta ikertzaileak zigortzen dituen maniobra judizial berri honen erantzulea ere bada, soldata baxuenak dituztenak bereziki kaltetzen dituena, bigarren hezkuntzako irakasleen soldatetatik ere urrun dabiltzanak.
Horregatik guztiagatik Cristina Uriarte sailburuaren dimisioa eskatzen dugu,
baita Eusko Jaurlaritzari exijitu ere kentzea Epaitegi Gorenean jarritako
helegitea.
SOLDATA DUINAK IRAKASLE ETA IKERTZAILE GUZTIONTZAKO!
DISKRIMINAZIORIK EZ