Abenduaren 22an LOSU legea onartu da Estatu espainiarreko kongresuan, bi urte baino gehiagoko beste eragileekiko eztabaida prozesu baten ostean. 2023ko lehenengo hilabeteetan Senatuak onartzean, BOEn argitaratu eta indarrean sartuko da. Prozedura honek ibilbide luzea izan du eta, Castells ministroak burututako lehenengo testu eta proposamenetik bere ondorengo Subirats buru duen Ministerioak aurkeztutako proposamenera, aldaketa nabariak egon dira. Eragile ezberdinek egindako ekarpenek, eskaerek eta presioek, eta azken hilabeteetan alderdi politikoek egindako zuzenketek forma eman diote azkenengo idazki honi. 2022ko otsailean publiko egin genuen LABen irakurketa, momentu horretan zegoen LOSUren aurreproiektuaren inguruan. Balorazio horretan aipatzen genuenez, LOSU lege arrotza eta inposatua da; ez da gure legea ezta behar dugun legea. Hala ere, aztertzeari ekin genion eta garapena gertutik jarraitu dugu, etorriko diren neurri zehatzen jakitun izateko eta gure eskaerak eta aldarrikapenak plazaratzeko.
Balorazio orokorra egiteko orduan, esan behar dugu LOSU ez dela Estatu espainiarraren menpean gauden herriok behar dugun legea ezta langileen aldeko lege bat.
Alde batetik, LABen aldarrikatzen jarraitzen dugunez, Euskal Herriak bere hezkuntza ereduaren jabe izan behar duelako eta, unibertsitate-eremuari dagokionez, unibertsitate-esparrurako lege propio eta burujabeak behar dituelako. Euskal Herri osoa kontuan hartuko duten legeak behar ditugu, bertan eginda euskal jendartearen beharrei erantzuteko asmoz, hain zuzen ere.
Beste alde batetik, LOSU ez delako langileen beharrak aseko dituen legea, baizik eta, unibertsitateen arazo batzuei aurre egiteko eta gobernantza zertxobait demokratizatzeko saiakera herabeen aurrean, gaurko estatusa mantendu nahi duten botere faktikoek baldintzatutako legea. Beste eragile batzuez gain, CRUEren presio atzerakoia antzeman da prozesuaren hasieratik. Izan ere, azken hamarkadetako aurrerakoiena omen den gobernu espainiar honek Aznar garaietako LOU legea (2001) eta honen erreforma-legea (LOMLOU, 2007, Zapatero gobernuarekin) atzera utzi ditu, baina benetako aldaketa bat gauzatu gabe. Alderdi positiboak baditu ere, alde asko berdin utzi dituzte eta, kasu batzuetan, atzerapausoak egon dira. Jarrera ahul batetik abiatuta, Unibertsitateko espainiar Ministerioa ez da gai izan hainbat neurri aurrerakoi legean txertatzeko. Hitzaurrea irakurrita, konpondu beharreko egoera batzuetan jartzen da arreta, baina egiazko irtenbidea bideratzeko neurriak definitzeko orduan zehaztasun falta nabaria da. Amaierako emaitza ikusita, esan dezakegu hain bide luzea ez zela beharrezkoa. Hots, unibertsitate araudia ezkerretik aldatzeko aukera galdu dute.
LOSUn jasotzen den elementu zehatzei begira, eta aurreko unibertsitate-legearekin alderatuta, hainbat aurrerapen eta atzerapen daude, baita zeuden bezala geratzen diren aldatu beharreko alderdi batzuk eta, positiboak izan arren, anbiguetatean geratzen diren beste batzuk ere.
Aurrerapenen atalean, neurri nabarmenena, errektore izateko aukera katedradunetik gainerako irakasle doktore iraunkorrei zabaltzea izan da (irakaskuntzan eta ikerketan eskarmentu handia frogatuta eta pertsona bakarreko kargu batean kudeaketa nahikoa izanda). Hau izan da irakasleria propioaren aldarrikapenarekin bat zetorren eskaera zahar bat. Aldaketa hau, azken momentura arte unibertsitateko estamentu atzerakoien presio oso gogorra jaso duena, unibertsitatearen demokratizazioan aurrerapausoa da eta, gai honetan bada ere, bide laborala funtzionario-bidearen maila berean jartzen du.
Beste alde batetik, kontratatutako lan bitarteko irakasle doktoreei lan-irakasle iraunkor gisa egonkortzeko bidea irekitzen zaie, lanpostu honetarako akreditazioa badute. NUPn halako egoeran dauden ehun bat irakaslerentzat positiboa da neurri hau.
Koofizialak diren hizkuntzen promozioa jasotzen da legearen puntu batzuetan, hasierako bertsioetan jasota ez zegoena.
Mugen gaineko kooperazio hitzarmenetan kokatuta, Estatu ezberdinetako ikasleei ikasketen aitortza automatikoa bideratzen da. Nola garatzen den ikusteko badago ere, Ipar eta Hego Euskal Herriko ikasle euskaldunak beste Estatuaren menpeko unibertsitate batean ikasketa unibertsitarioak egiteko bidea erraztu beharko luke puntu honek. Beste aldetik, Europar Batasunetik kanpoko ikasleek ikasketen homologazioa eta ikasteko eskubidea mugatuta izaten jarraituko dute.
Unibertsitateek izan behar dituzten oinarrizko unitateetan, laguntza psikologikoarena gehitu da.
Klaustroan kolektibo bakoitzak izango duen ordezkaritzari dagokionez, LOSUk irakasle iraunkorren ordezkaritza % 51 izango dela ezartzen du. EHUko Estatutuetan ehuneko hau 56,25ekoa da. Beraz, kolektibo honen pisua gutxituko da, eta honek azpiordezkatuta dauden beste kolektiboena handitzeko aukera emango du. Honi lotuta, ikasleen ordezkaritza gutxienez % 25 izatea agintzen du LOSUk, ikasle erakundeek azken urteetan egindako lanari esker. EHUko Estatutuek ikasleen ordezkaritza % 22,08an ezartzen dute. Unibertsitateetan botere-gordetzaile den irakasle iraunkorren kolektiboak, gehiengoa izaten jarraituko badu ere, ordezkaritza pixka bat txikiagoa izango du. Erabaki-guneen demokratizatzeko bidean aurrerapauso txikia, baina inolaz ere nahikoa.
Irakasle atxikien kasuan (“ayudante doctor/a”), gaur egungo 24 kredituen ordez (240 klase-ordu), LOSUk 18 kredituko irakaskuntza-betekizuna definitzeak (180 klase-ordu) kolektibo honi ikertzea eta formatzea erraztuko dio.
Atzerapenen atalean, nabarmenena Gobernu kontseiluaren osaerari buruzkoa da. Izan ere, errektoretza taldeari botere gehiago ematen zaio, errektoreak Gobernu kontseiluaren heren bat zuzen izendatzeko agindua ezarrita (berezko kideak barne: errektorea, idazkari nagusia eta gerentea). EHUko Estatutuen arabera, Gobernu kontseiluko 45 kideetatik 11 errektoretza taldekoak dira: aipatutako 3 berezko kideak gehi errektoreak izendatutako 8 errektoreorde. Aldaketa honekin, errektoretza taldeak 15 kide kontrolatuko luke era zuzenean. Gobernu kontseiluan jada errektoretza taldeak daukan ordezkaritzarekin eta kolektibo batzuen hainbat ordezkariengandik daukaten konplizitatearekin, errektoretza taldeak arrabola aplikatzen du eta zuzendaritzaren oniritzirik ez daukan edozein ekimen ia bideraezin bilakatzen du. Adibide moduan, erretiroen hitzarmena alde bakarretik bertan behera uztea dugu. Kontrako erantzun zabala egon bazen ere, beren nahia ezartzea lortu zuten. Ordezkaritza handiagoarekin zuzendaritzaren asmoen kontra egitea edo beste proposamen alternatiboak aurrera ateratzea are zailagoa izango da. Kontraesankorra da oso LOSUren hitzaurrean unibertsitatearen demokratizazioa eta parte-hartzea bermatzea aipatzea eta, artikuluetan, kontzeptu hauen kontrako halako neurri larria ezartzea, unibertsitateetako sektore atzerakoiei men eginda.
Badira alderdi batzuk, gure ustez aldatu beharrekoak izanik ere, bere horretan mantenduko direnak. Alde batetik, Gobernu espainiarrak ezetz biribila eman dio EAEko autonomia Estatutuan eta Nafarroako Foru Hobekuntza Legean jasotako eskumenak transferitzeari. Honek unibertsitateko pertsonal osoaren eta titulu ofizialen homologazioa Hego Euskal Herrian kudeatzea ahalbidetuko luke, baita hezkuntza burujaberako bidean erabakiak Nafarroa Garaian eta EAEn erabaki ahal izatea.
Bestetik, Errektorea aukeratzeko kolektibo ezberdinen ehunekoei dagokienez, aldaketa batzuk egon arren, botoen haztapenean irakasle-ikertzaile iraunkorrek gutxienez % 51 izaten jarraituko dute.
Funtzionarioen pisuari dagokionez, LOSUk unibertsitate bakoitzaren irakasle eta ikertzaile kolektiboan funtzionarioak gehiengoa izan behar izatearen ezarpena mantentzen du, bide laboralaren garapenaren kalterako.
Klaustroari dagokionez, unibertsitateko ordezkaritzaren organo gorena izaten jarraituko du, eta Estatutuak garatzeko, onartzeko eta aldatzeko eskumena mantenduko du, izaera hura eta eskumen hori kentzeko saiakera egon bada ere.
Era berean, ordainsari osagarrietarako kudeaketa merituak ere kontuan hartuko dira, legearen hasierako bertsioetan agertzen ez bazen ere.
Legearen hitzaurrean irakaskuntza lanpostuetarako lehiaketetarako objektibotasuna indartzen dela esaten bada ere, legearen hasierako bertsioetan agertzen zen Estatu ala nazioarte mailako epai-mahaietarako hautagaien datu-basearen asmoa desagertu da. Hala ere, epaimahai independenteagoak definitzeko hasierako asmo honi eutsi ordez, unibertsitatearen esku utzi da lanpostu bakoitzerako epaimahaikideak proposatzea (gehiengoa unibertsitate berekoa izan ezin izango badute ere). Honek, praktikan, sailaren esku uztea suposatuko luke, eta honek jokabide endogamikoak orain arte elikatzen jarraitzea ahalbidetuko du. Itxura gordetzeari begirako beste neurri hutsa.
Ordezkapenei dagokienez, ordezkapena sortu zuen arrazoia mantentzen den bitartean kontratua mantenduko bada ere, ordezko irakasleei ikerketa egin ahal izatea ukatzen zaie, ordezkapena partziala zein osoa izanda. Zentzu horretan, adibidez, kargu akademikoengatiko ordezkapenak (haututako pertsona bakarreko organoen kasuan 4 urtetik 6 urtetara pasatuko dena) irakaskuntza jarduetara mugatuko dira. Ordezkapenetan hilabete batzuk edo urteak egongo diren irakasleei funtzio hau ukatzeak prekarizazioa suposatuko du eta beren ibilbide akademikoan oso ondorio negatiboak izan ditzake.
Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren kasuan, legeak kolektibo honi eskainitako tartea oso mugatua da eta ez dago berrikuntza handirik. Aipagarrienetako bat, Idazkari nagusia pertsonal teknikoko langilea izan ahal izatea da, unibertsitate-titulazio izanda.
Asmo hutsetan geratzeko edo oso garapen txikia izateko arriskuan dauden gaiak ez dira gutxi. Haien artean, BPGren % 1 unibertsitate-hezkuntzara bideratzea dago. Eragile aurrerakoien aldetik gai hau behin eta berriro azpimarratu bada ere, asmo bat moduan jasota geratzetik ez da pasatu. Izan ere, erkidego autonomoen, unibertsitateen eta Estatuaren aurrekontu orokorren artean ehuneko horretara heltzeko helburua aipatzen da, hainbat urtetarako izaerarekin eta ekitaldi bakoitzaren aurrekontu bitartekoen arabera. Idazketa honek, helburua ez betetzeko aitzakiak topatzeko aukera handia ematen du.
Era berean, unibertsitateetan hain hedatuta dauden prekarizazio egoerak mugatzea helburu garrantzitsutzat hartzen da LOSUn, eta unibertsitate publikoetako aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratuen gehienezko ehunekoa irakasle-ikertzaileen % 40tik % 8ra pasatzen da (zenbaketa honetatik irakasle atxikiak eta osasun zientzietako elkartuak kenduta). Neurri hau aurrerapausoa bada ere, gauzatzea ez da batere erraza izango. Izan ere, orain arte indarrean egon den unibertsitate legea ez da bete gai honi dagokionez, eta ez da ezer gertatu. Zentzu horretan, LOSUk ez du neurririk aurreikusten aipatutako % 8a gainditzen bada. Eta ez dugu ahaztu behar, halako helburuak lotura zuzena daukatela unibertsitatearen finantzaketarekin, kontratu horiek (lanaldi partzialekoak, nagusiki) lana egiteko era merkeenean erabiltzen baitira, EHUn ere. Hitz politak, beraz, baina sinesteko zailak.
Aipatu dugun bezala, ondorio positibo batzuk aurreikusi badaitezke ere, LOSUk ez ditu behar besteko hobekuntzak ekarriko unibertsitatearen funtzionamenduan, kalitatean eta lan-baldintzetan. Estatu espainiarreko zentralismoak eta lobby atzerakoien botereak unibertsitateak, Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoak barne, menperatzen jarraituko dute.
LABek Euskal Herriko unibertsitateetako langileen lan-baldintzen defentsan jarraituko du lanean. Era berean, unibertsitate sistema propio eta burujabearen bidean, Euskal Herriko unibertsitateak hemen ezaugarrituak eta kudeatuak izan daitezen, eta gure herriaren beharren zerbitzura jardun dezaten bultzatuko du.