
Aurreko komunikatu batean ordezko irakasleen baldintzen okertzearen arriskua ohartarazten genuen. Orain gure kezka errealitate bilakatu da. LOSU lege berria bere erara interpretatu du EHUko zuzendaritzak. LOSUren 80. artikuluak dio ordezkapen bat egingo duen unibertsitateko irakasleak ezingo duela ikertu edo egiturazko kudeaketa eta koordinazio funtziorik izan (1). Hori baliatuz, EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izatea ahalbidetzen duen. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei askoz jota soldata osoaren % 34,29 bakarrik ordainduko zaie (astean 6 ordutakoak baldin badira) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Hau da, 6 ordutakoen soldata gordina 11.360 € eta 4 ordutakoena 7.584,37 € urtean. EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten!
EHU lanpostu prekarioak ugaritzen ari da, eta unibertsitatearen irakaskuntza kalitatea zein langileen bizi baldintzak larriki urratzen. Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina eta lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu. Bi akordio horietan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren (2) (3), adibidez, lan poltsen akordioan “bi ordezko badaude arduraldi partzialean, eta plantillako irakasleen ordezkotza egin beharra suertatzen bada arduraldi partzialean, arduraldi osoko kontratua egingo da”. Egoera berrian hau aldatu da, baina aldaketa indarrean jarri da IRIen ordezkaritza sindikalarekin inongo negoziazioa saiatu gabe.
Orain dela gutxi ordezkapen poltsen deialdira hainbat pertsona aurkeztu dira ordezkapen osoak egiteko esperoan; gehienek horiek bakarrik hartu ditzakete bizitza duina izateko. Iruzur egiten zaie pertsona horiei. Antza, irakasle ordezkoa izateko ikerkuntzak ez du balio, baina bai baloratzen da baremoan, are gehiago, doktoreek lehentasun osoa dute besteen aurretik. Nola ulertzen da?
Irakasle-ikertzaileak, ordezkatuak izan behar direnean (bajak, baimenak, eszedentziak…), jakinda bere kideengan erortzen dela askotan beraien lan karga, eta gaizki ulertutako arduragatik, epe hori minimizatzen saiatzen dira. Egoera berrian hau betikotuko da hein batean. Non daude osasun eskubideak? Non dago kontziliazioa, edo zaintzak errazteko aukera? Non daude ardura politikoak edo sindikalak hartzeko eskubideak?
Ordezkapen politika honek arlo instituzionalean ere izango ditu eragin negatiboak. Askoz zailagoa izango da irakasleek baldintza kaskar horiekin ordezkapenak onartzea, eta, nolanahi ere, lanaldi osoko plazen ordezkapenak partzialekin betetzeak sailetako benetako irakaskuntza ahalmena murriztuko du. Beraz, saileko irakasle-ikertzaileen lan-karga handituko da eta irakasgaien esleipena birplanifikatu beharko da. Kontuan hartu behar da sail/jakintza arlo batzuetan gainzama dutela Bestalde, zeinek hartuko ditu ordezkapena ekartzen duten kargu akademikoak EHUn?
Aspaldi Errektoretza esaten ari da balizko IRIen plan zuzendari batean sailei emango zaiela irakaskuntza ahalmen nahikoa ordezkapenen beharra ez izateko. Ez dakigu noiz egongo den plan utopiko hori, baina nahiko argi daukagu ordezkapen luzeak direnean ez dela justua izango sailentzako. Eta, badakigu, gaur egun, irakaskuntza-zama oso handia duten sailei oztopoak jartzen dizkietela plaza gehiago emateko.
LABetik eskaera zuzena egiten diogu Errektoretzari:
- Lanaldi osoko IRI lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
- Lanaldi partzialerako kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa eta formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
Lan-baldintza duinak IRI guztiontzat!
(1) LOSUren 80. Artikulua:
“b) El contrato comprenderá la actividad docente lectiva y no lectiva prevista en el artículo 75, y no podrá superar la asignada a la profesora o profesor sustituido, ni podrá extenderse a actividades universitarias de otra naturaleza en la universidad de contratación, como las de investigación o el desempeño de funciones estructurales de gestión y coordinación, salvo que tengan directa relación con la actividad docente.”
https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2023-7500
(2) IRIen II. Lan-hitzarmenaren 16.artikulua:
“4.– Kontratua ordezkatua itzuli bitartean edo lanpostua arauei jarraituz bete bitartean luzatuko da; arduraldia, ahal dela, osoa izango da. Arduraldi osoko irakasle baten ordezkoa egiteko ez dira sekula kontratatuko arduraldi partzialeko bitarteko irakasle kontratatu bi.
5.– Sail berean ordezkapenak egiteko arduraldi partzialeko bi kontratu badaude, eta behar berriak sortzen badira plantillako lanpostuak betetzen dituzten pertsonak arduraldi partzialean ordezkatzeko, arduraldi osoko kontratuak egingo dira. Kasu horietan uneoro bermatuko da lan poltsen ordenari jarraituko zaiola langileei ordezkapenetarako dei egitean, eta bete egiten dela ordezkapenetarako lan poltsen gestiorako arautegiak ezartzen duena.”
https://www.euskadi.eus/web01-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2010006538
(3) UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen negoziazio mahaiaren akordioa, UPV/EHUko irakasleen ordezkoen zerrendak osatzeko eta gestionatzeko arautegiaren 7.2 artikulua:
“e) Sail batean, jakintza arlo berean, bi ordezko badaude arduraldi partzialean, eta plantillako irakasleen ordezkotza egin beharra suertatzen bada arduraldi partzialean, arduraldi osoko kontratua egingo da. Horrelakoetan, arduraldi osoko kontraturako deia egiterakoan, lan poltsaren hurrenkerari jarraituko zaio. Edozelan ere, aipatutako bi ordezkoak izanik beste bi ordezkotza egiteko premia sortzen bada, ez da handituko arduraldia, eta zuzenean eskainiko da arduraldi osoko kontratua.”
https://www.euskadi.eus/web01-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2022002095