Indarrean dugun jubilazio akordioa borrokatuko dugu
Aste hauetan Hego Euskal Herriko langile publikoak Madrilgo negoziazio kolektiboaren antzerkiari begira jarri gaituzte. Azken urteotan geure lan baldintzak dekretuz edo legez han inposatzea modan jarri da aitzakia bat edo beste dela medio. Urkulluk eta Txibitek dagoeneko bere egin dute Madrilgo inposizioa. Langileok medioetatik jasotzen ari garen informazioak osorik ez izanagatik, murrizketa gehiago datozela ohartarazten dute.
Murrizketa horien adierazle ugari ditugu UPV/EHUn, haien artean, ikasturte berriarekin batera, zuzendaritzak aurkeztu digun erretiroen pizgarriak murrizteko proposamena. Ez da kasualitatea zuzendaritzak, Madrilen sinatu duten gizarte-itun gisa mozorroturiko akordioa erabiltzea bertan dugun jubilazioaren akordioa bertan behera uzteko. Beraien esanetan “tendentzia” horiek dira UPV/EHUko lan harremanak arautzeko irizpide nagusia.
LABek gogor salatzen du unibertsitateko agintariek eta Jaurlaritzak espainiar aginduekiko erakutsitako morrontza. Bertan, egon badaudelako tresna legal nahikoak pizgarriak mantentzeko; hala ere, benetako negoziazioa sustatu beharrean, guztiz onartezina den proposamena helarazi digu berriro zuzendaritzak.
Hori dela eta, Hego Euskal Herriko gainerako langile publikoekin batera, urriaren 14ean LABek kalea hartuko du. Inposatu nahi dizkiguten murrizketak salatzeko eta langileen eskubideak defendatzeko mobilizazioen abiapuntua izango da, baita unibertsitatean ere. Horretaz gainera, EHUko agintariei exijitzen diegu langileon eskubideak defenda ditzaten Madrilgo inposaketak zuzenean aplikatzen dituen Jaurlaritzaren aurrean.
Soldatak murrizten jarraitzen dute
Zor zaiguna argi zehaztu eta itzuli baino, beste behin formula nahasgarri batzuk aurkeztu dituzte langileok eztabaida marko antzuetara eramateko. 2010ean kendutako %5 hartan galtzen jarraitu duen eros-ahalmena berreskuratu ez, eta galtzen jarraitzea adostu dute. Oso argi dago Madrilen adostu dutenarekin ez dela aurtengo KPIaren galera berreskuratuko, ez aurtengo igoerarekin, ez eta hurrengo urtekoekin ere. Are okerrago, datozen urteetako igoerak langileon eskuetatik kanpoko faktoreetara zeharo baldintzatuta egongo dira, beti ere KPIaren azpitik geldituz (gogoratu aurtengoa %10aren bueltan dabilela).
Akordio arrotzak errealitate arrotz baterako
35 orduko lan-astea, aldi baterako ezintasunagatiko ordainketa osoa eta aurretiko erretiroagatiko ordainsariak bezalako gainerako akordioak baliagarriak eta garrantzitsuak izan daitezke estatuko administrazioetan. Baina Hego Euskal Herriko errealitatean oso eragin mugatua izango dute: aurre-erretiroa soilik langile finkoentzat izatea, erretiro primak kendu izana, edota irakaskuntzako lan legepeko hainbat eremuk 35 ordu ez izatea, errelebu kontratuak… Adierazgarri ezin argiagoa da hain zuzen ere negoziazio kolektiboa tokian tokiko errealitatera lotuta egon behar dela. Euskal Herriko zerbitzu publiko euskaldunak eta bere langileon baldintzak bertan negoziatu eta adostu behar dira ezinbestez.
Enplegu publikoa sortu eta egonkortu
Onartezina da «historiako gobernurik ezkertiarrenak» delako elkarrizketa sozialaren bidez «klase sindikatuekin» enplegu publikoa galtzen jarraitzea ahalbideratzen duen akordio bat sinatzea. Dagoen erretiro maila handiarekin birjartze tasak kentzeari buruzko aipamenik ez, eta ondorioz enplegu eta zerbitzu publikoak husten jarraituko dute.
Europak behin-behinekotasun tasa jaisteko agindu zuen, eta ikusten ari garen dekretu txapuzeroen bitartez etxeko lanak egin dituztela esango dute, eta horrekin konformatuko dira Madrilen, Iruñean eta Gasteizen. Borondate eza baino, prekarietatea eta enplegu suntsiketa betikotzeko benetako borondatea antzematen da.
Pribatizazioek aurrera darraite
Enplegu publikoaren suntsiketak zerbitzu publikoak enpresa pribatuek eskuratzea suposatzen du. Estrategia hori betikotzeaz gain, ez da inolako neurririk aurreikusten zerbitzuak publifikatzeko, hain zuzen inoiz baino beharrezkoagoa denean. Hornidurez (ura, argia…) eta azpikontratez gain, zaintza sektorea ia osorik dago pribatizatuta, zerbitzuaren eta lan baldintzen kaltetan eta gutxi batzuen mesedetan. Pribatizatzen jarraitzeko borondateak jarraitzen du.
LAB urriaren 14an mobilizatzen hasiko da
Sektore publikoaren Negoziazio Kolektiboa ukatuta dago Euskal Herrian. Madrilgo erabaki zentralistagatik, eta hemengo agintariak erosoago daudelako gainetik kendu ezkero. Madrilek ez du Euskal Herriko errealitatea errespetatzen, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ere ez dituzte errespetatzen bertako gehiengo sindikalak, langileak alegia. Hori da LABek exijitzen diena: bertako negoziazio kolektiboaren eskubidea errespetatuz, inposizioei uko eginez eta akordio propioak bermatuz, bere langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko borondate irmoa euskal erakundeei. Horretarako mobilizatzen hasiko gara urriaren 14tik aurrera, eta dei egiten diegu langileei borroka honekin bat egiteko.
Erantzun bat “EHUn inposatu nahi dituzten murrizketak salatzeko abiapuntua izango da LABek urriaren 14an deituriko mobilizazioa” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.