EHUn Palestinaren alde pauso gehiago eman behar badira ere adierazpena positibotzat hartzen dugu

Gaurko Gobernu Kontseiluaren saioan adierazpen bat onartu da “Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean” izenburupean.

Idatzian, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateak Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia errespetatzea eta “genozidio ekintzak saihesteko neurriak hartuz” berehala betetzea eskatzen dio Israeli; nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatuz Gazako zerrendan laguntza berehala sartzen uztea;  biztanleria zibilaren aurkako erasoak nahiz setioa amaitzea; Israelera armak bidaltzearen amaiera; bidegabeki bahituta eta giltzapetuta dauden pertsona guztiak askatzea; berehalako su-etena ezartzea eta nazioarteko zuzenbidea nahiz Israel eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko Nazio Batuen ebazpenak betetzea, eta, azkenik, hamarkada luzetako sufrimendu izugarriari amaiera emateko eta Estatu palestinarra aitortzea ere eskatzen ditu. Aurreko aldarrikapenak egiteaz gain, EHUk CRUEren baitan Gazan berehalako su-etena eskatzeko eta bakea sustatuko duten programak garatzeko egitasmo bateratuak martxan jartzeko konpromisoa hartu du. Azkenik, giza eskubideak, nazioarte zuzenbideak edo Nazio Batuek Palestinako egoerari buruz emandako ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekin Euskal Herriko Unibertsitateak “harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzea eta berrikustea” adostu du, “bereziki Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako campusetan krimenak berariaz gaitzesten ez dituen Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa” hartzen du.

Adierazpena berandu heltzen dela nabarmendu behar dugu, urte erdi bat pasatu baita Estatu sionistak sarraski operazioa hasi zuenetik. Arestian aipatutako aldarrikapen eta konpromisoak hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren unibertsitate publikoaren Zuzendaritzak orain arte izan duen jarrera eta egin dituen adierazpenak onartezinak eta irakasle-ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasle gehienen iritziaren kontrakoak zirela jakitun. Horren adibide izan dira campusetan egindako mobilizazioak, EHUko klaustrokideen gehiengoak sinatutako adierazpena, bilera informatiboak eta gero eta sail gehiagok hartutako erabakia Israel Palestinan eta, zehazkiago, Gazako zerrendan egiten ari den sarraskiaren kontra. Hala eta guztiz ere, positiboki baloratzen dugu Gobernu Kontseiluan onartutako adierazpena.

Argi dago testuak ez duela Palestinan azken 75 urteetan gertatzen ari den okupazioaren osotasuna aintzat hartzen, baino edozein kasutan, unibertsitate moduan, aurrerapauso bat da, eta beste unibertsitateei begira eredu bat izan daiteke.

Testuak elementu interesgarriak ditu, tartean Palestinako Estatuaren aitortza edota, Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa. Adierazpena positibotzat hartzen dugu, EHUri dagozkion neurriak betetzea bermatzeko tresnak definitu eta sortu behar badira ere. Horretan jarri beharko da arreta hurrengo hilabeteetan, sor daitezkeen beste ekimenekin batera. Palestinako herriaren genozidioarekin bukatzeko eta sionismoarekiko konplizitatea apurtzeko pauso asko eman daitezke oraindik, euskal jendartearen gune eta maila askotan, baita EHUn bertan ere.