EHUren barneko iritzi eta jarrera kontrajarriak elkarrizketa eta adostasunaren bidez konpontzea aldarrikatzen du LABek

Atzo arratsalde eta gauean Bilboko Ingeniaritza Eskolan burutzen ari ziren Herri Unibertsitatearen ekimenaren harira izandako gertaerak direla eta, LABek honakoa adierazi nahi du:
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eztabaida, ekimen eta pentsamendu kritiko eta autokritikoaren gune izan behar du.
Era berean, unibertsitate-komunitate osoaren eta horren baitan, sektore ezberdinen eskubide demokratikoak bermatu behar dira. Ekimenak antolatzea, unibertsitatearen instalazioak erabiltzea eta itxialdia egitea ere eskubide horien adierazle dira.
Arauak, edozein arau, sektore guztiok ditugun eskubideen bermatzaileak izan behar dira. Eskubide horien egikaritzean, baina, elkarren arteko begirunea eta errespetua ezinbestekotzat jotzen dugu.
EHUren egunerokotasunean sor daitezkeen ezberdintasun, iritzi kontrajarri eta abarri era elkarrizketatu eta adostuaren bidez konponbidea topatzeko benetako saiakerak egiteko deitzen ditugu ikasle eta agintariak.
Horregatik, gaurko ordu txikietan Bilboko Ingeniaritza Eskolan identifikaturiko 200 ikasle horiei ezelako oinarri eta babes demokratikorik ez duen Mozal Legea aplikatzeko edozein ekimen bertan behera uztea aldarrikatzen dugu.