Martxoaren 17an mobilizazioak egin genituen EAEko hiriburuetan
EAEko administrazio publikoetan egoera jasanezina da. Egiturazko lanpostuetan behin-behinekotasun tasak %40 ingurukoak dira administrazio gehienetan, milaka langile egoera ezegonkorrean mantentzen dira urte luzez. Langile horietako askok lanpostuen zerrendetan existitzen ez diren lanpostuetan daude; agintariek ezkutuan mantendu nahi dituzten milaka lanpostu daude administrazio publikoetan. Hau guztia gutxi balitz, pribatizazioen dinamikak aurrera jarraitzen du, zerbitzu publikoen bidez negozioa sustatzen delarik. Zerbitzu publikoak indartu eta kalitatea hobetu baino, ikuspegi merkantilista geroz eta hedatuago dago; lan zama altuak, eskubideen murrizketak edota kidegoa gaztetzeko zailtasunak egoeraren adierazle nagusia ere badira.
Pandemia garaian langile publikoak ezinbestekoak garela ikusi dugu. Tamalez, aurretik zeuden arazo larri berdinak oso presente ditugu gaur egun. Administrazioetan dauden kudeatzaileek bestelako lehentasunak dituzte eta ez dute proposamen egokirik aurkeztu nahi izan. Eusko Jaurlaritzari lege propioak garatzeko eskaera egin diogu behin eta berriz. EAEn dagoen egoerari aurre egiteko Madrilen erabakitzen diren arauak ez dira nahikoak. Eusko Legebiltzarrak bere gaitasun legegile osoa garatu behar du bizi ditugun arazoei behin-betiko soluziobideak emateko. Honekin batera, negoziazio kolektiboa aktibatzea ezinbestekoa da. Onartezina da administrazio publikoetan ematen den inposizio jarrera orokortua. Era berean, bide judizialak izan dezakeen emaitza ez da batere garbia. Europako Auzitegiak emandako sententziek ez dute Estatuan jurisprudentzia garbirik sortu; epaitegiaren arabera emaitza kontrajarriak dauzkaten sententziak irakurtzen ari gara azkenaldian, langileen artean anabasa areagotuz. Oraingoz, epaitegien bidea eraginkorra ez dela pentsatzen dugu, batez ere langileak finkatzeri dagokionez.
Bizi dugun salbuespen egoera honetan erabaki bereziak hartu behar direla defendatzen ari gara eremu guztietan. Ez dugu momentuz, ez Eusko Jaurlaritza ez eta udal eta foru administrazioetan, horrelako jarrerarik ikusten. Irekita dauden negoziazio eremuak ez dira emankorrak izaten ari; gure ustez, sektore publikoan dagoen gatazka giroa baretzea besterik ez da bilatzen. Akordioak behar ditugu eta horretxegatik dei egiten dugu apirilaren 22an sektore publikoan greba egitera:
- Kontsolidazio Lege propio bat behar dugu, behin-behineko kontratazioaren abusua sufritzen duten langile guztien egoera egonkortzeko.
- Lanpostuen zerrendetan agertzen ez diren lanpostuak egiturazkoak bihurtu behar dira.
- Egoera hau berriro eman ez dadin, lege propioek tresna egokiak eskainita, negoziazio kolektiboaren bidez mekanismo ezberdinak adostu behar ditugu. Administrazio publikoetan zerbitzua kalitatez aurrera ateratzeko beharrezkoak diren lanpostu guztiak sortu eta prekarietatearekin amaitzea da gure helburua.
- Pribatizazioekin amaitu eta publifikazio plan bat aldarrikatzen dugu.
- Galdutako eskubide guztiak berreskuratu eta bereziki langile guztientzat erretiroa errazteko neurriak behar dira.
- Berdintasunean eta euskaraz funtzionatzen duen sektore publikoa nahi dugu; horretarako, plangintza eraginkorrak aldarrikatzen ditugu, azaleko ekimenez harago.
Mobilizazio eta greba asko egiten ari gara sektore publikoan azken hilabete hauetan. Oso beharrezkoa ikusten dugu EAEko agintariak eta bereziki Eusko Jaurlaritza interpelatzea. Enplegua sortu eta egonkortzeko bidea ez dago Madrilen ezta epaitegietan ere; bidea Gasteizera eta gure erakundeen aurrera eraman behar gaitu ezinbestean. Negoziazio kolektiboan eta kalean egiten ari garen lan guztia borobiltzeko deitzen dugu apirilaren 22ko greba. Ez gaitezen despistatu eta ardura duenari, arazoa sortu duenari, soluzioak exijitu diezaiogun.