Enplegua kontsolidatzeko eta egonkortzeko lege propio bat behar dugu

Egoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontuan hartuko dituen Enplegu Egonkortze Eredu propioa arautuko lukeen legea eskatzen diogu Jaurlaritzari

Salbuespen egoera larrian gaude euskal administrazioetan. Enplegu publikoaren eremuan egin diren politika publikoen ondorioz, langileen ikuspegitik anabasa eta ezegonkortasuna nagusi da erakunde ezberdinetan. Azken hamarkadan, orokorrean behin-behinekotasun tasa %25etik %40ra igo da, eta eremu batzuetan 20 urte daramate deialdi publikorik egin gabe. Langile finkoen batez besteko adina 50 urtekoa da EAEko administrazioetan, eta datozen 10-15 urteetan, sektorearen arabera, langileriaren erditik %70era jubilatu egingo da behin-behinekotasuna ikaragarri igoaraziz.

Honek guztiak behin-behinekotasunari beste ezaugarri batzuk gehitzera ekarri du. Hamarkadez behin-behinean dauden langileak biderkatzen dira, beraien plaza egonkortzeko inolako aukerarik izan ez dutelako. Adineko eta antzinatasun luzeko behin-behineko langileen kolektiboa gero eta handiagoa da, eta eremu batzuk oso feminizatuak dira.

Gobernuak Madriletik etorritako debekuak aitzakia gisa jartzen ditu, baina debekurik ez zegoenean ere euskal administrazioetan ez ziren beharrezkoak ziren lanpostu deialdi publikoak gauzatzen, Jaurlaritzak beste lehentasun batzuk dituelako. Madrilen dekretuen menpe, eta inoiz positiboak direnean, berriro ere propaganda eta elkar-lehiarako erabiltzen du Lakuak neurriak aurretik iragarriz, beti ere Madrilen baimenaren zain egongo direnak, eta domina bere buruari jarriz. Zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizazioaren eta merkantilizazioaren joera indartzeko estrategia garbi baten gatibu gaude Euskal Herrian ere.

LABek, behin eta berriz, enplegu planak negoziatzeko beharra aldarrikatu du. Tamalgarria da Eusko Jaurlaritzak enpleguaren gaian daukan jarrera: Propaganda egitea eta iritzi publikoa bereganatzeko zenbaki potoloetako deialdi publikoak iragartzea arduragabekeria da eta ez dio inolaz ere euskal administrazioetan dagoen egoerari erantzuten. Ahoa beterik, legegintzaldi osoan 13.500 lanpostu ateratzeko plan estrategikoa aurkeztu zuen, benetako premiak aurreikusiz gero oso kopuru txikia dela jakinda ere, eta errua kanpora botaz hitza berriro jan egingo du. Esan bezala, propaganda hutsa.

Urteetan bakante egon diren eta dauden lanpostu guztiak deialdi publikora atera behar dira, baina deialdi horiek aurretik azaldu dugun egoera kontuan hartuta egin behar dira. Lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren pertsonei, betiere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren.

Beraz Eusko Jaurlaritzari bere ardura har dezan exijitzen diogu eta berak sortutako egoera konpondu dezala. EAEn administrazioetan egonkortze prozesuak egiteko lege tresna propioak behar ditugu, egoerak sortzen dituen beharrei aurre egingo dietenak. Horretarako, Legebiltzarrera lege proposamen bat aurkeztu dezala eskatzen diogu Gobernuari. Parlamentuan aurrera aterako ez dela jakitun, aurkeztu duen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektuak enpleguaren arazoak okertzeaz gain, arlo publikoarentzat mehatxu gehiago ere jasotzen ditu, eta eztabaidaren markoa horra desbideratzea txantaje hutsa da LABen iritziz. Behar dugun Enplegu Kontsolidaziorako Lege Propio batek administrazioetan dauden egoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontuan hartu behar ditu.

LABek ez du inolaz ere onartuko politika neoliberalek sortutako egoera bat langileen bizkarrean jartzea. Milaka langile eta pertsonen egoera kolokan dago eta hori botere publikoen ardura da. Tresnak badaude, lehentasun kontua da, eta borondatea da oraingoan ere falta dena.