Epaitegi Gorenak atzera bota du Eusko Jaurlaritzaren helegitea behin-behinekoentzako bost urtekoen deialdien kontra

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lan arloko salaren 2016ko maiatzaren 840/2016 sententzia errekurritu zuen, bost urtekoen deialdia behin-behineko irakasleei zabaltzeko UPV/EHU behartzen zuena. Errekurtsoa erabaki arte irakasle-ikerlarien errektoreordetzak behin-behineko irakasleentzako bost urtekoen deialdiak atera ditu baina “betetzeko behin-behinekoz” aipatutako epaia. Deialdietan jasotzen da ere aitortutako merituak ordainduko direla Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuaren aldaketa argitaratuko denean.
Dekretu honen ez-eguneratzea izan da 5 urtekoak ez ordaintzeko EHUko zuzendaritzak erabili duen aitzakia. Hala ere, 2017ko martxoaren sententzia baten ondorioz, behin-behineko irakasle bati ordaindu dio. Sententzia horretan (117/2017) epaileak berak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bost urtekoa ordaintzeko.
Behin-behineko irakasleen kolektiboaren diskriminazio honi irtenbide bat bilatu ordez, UPV/EHUko zuzendaritzak aitzakia ezberdinak erabili ditu eta ez du posizio tinko bat izan Eusko Jaurlaritzaren aurrean.
Epaitegi Gorenaren 816/2017 sententziak, 2017ko urriaren 18koak, gaitzesten du Eusko Jaurlaritzak 840/2016 sententziaren kontra jarritako kasazio-helegitea, aipaturiko sententzia irmo bihurtuz. Honek beste pausu bat suposatzen du. UPV/EHUk bost urtekoen deialdietan behin-behinekoak kontuan hartu behar ditu era normalizatuan.
Ondorio logikoa, behin-behineko irakasleek zenbat diru jaso behar duten zehaztea izango litzateke, baina sententziak ez du jasotzen 41/2008 edota 3/2004 legea aldatu behar denik.
Aurrerapauso bat bai, baina ez dago ezer ziurtatuta momentu honetan.
Europatik jasotzen ari diren sententzien ostean, onartezina da gaindituta dagoen legeria aitzakia bezala erabiltzen jarraitzea irakasleen diskriminazioa mantentzeko.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak osagarriak jasotzetik behin behineko irakasleak kanpoan uzten dituen 41/2008 dekretuaren eta Euskal Unibertsitate Sistemaren legearen egin beharreko aldaketez gain, UPV/EHUri eskatzen diogu aitortutako bost urtekoak ordaintzea jada.
Zentzu horretan, behin behineko langileen diskriminazioa salatzeko eta bost urtekoak ordaintzeko exijitzeko hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu kaltetutako langile guztiei baita UPV/EHUko komunitate osoari. Ez dezatela gehiago luzatu diskriminazio hau.
Aitzakia gehiagorik ez!
Langileen arteko diskriminaziorik ez!