Azken Plangintza Batzordean Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak harritu gintuen ezusteko aldaketa batekin. Izan ere, 2020ko EPEra aterako diren plazak erabakitzeko irizpide berri bat ezarri dute Unibertsitateko Irakasleen Batzordean (UIB).
Azken hamarkadan espainiar estatuko gobernuak ezarritako birjartze tasak sor daitezkeen irakasle-ikertzaile plaza iraunkorrak mugatu du asko. Aurreko urtean egondako jubilazioen kopurua aintzat hartuz definitzen da sortzeko plaza iraunkorren kopurua. 2011tik 2014ra birjartze tasa %10 izan zen, 2015ean %50ekoa eta 2016tik aurrera %100koa. Birjartze tasak, administrazio publikoko langile iraunkorren kopurua larriki gutxitzeaz gain, unibertsitateko aldi baterako irakasle-ikertzaileentzat lanpostua egonkortzea nabari atzeratu du. EHUn lanpostu iraunkorretarako akreditatuta zeuden irakasle-ikertzaileen kopurua sortzen ziren lanpostu iraunkorrak baino askoz altuagoa zen, “botila-lepo” bat sortuz. EPEra aterako ziren plazak zehazteko irizpide batzuk ezarri ziren: atxiki -edo atxiki ondorengo Bitarteko Irakasle Kontratatua (BIK)- izandako urte bakoitzeko 0,5 puntu eta agregatu edo titularrerako akreditazioa lortu zenetik puntu bat urteko. Momentu horretatik hona irizpide horien arabera osatu dira zerrendak, eta irakasle bakoitzak ikusten zuen zein postutan zegoen, berak eskatutako plaza iraunkorra konkurtsora noiz aterako zen aurreikusiz (neurri batean bada ere).
Ordea, bat-batean eta aldebakartasun osoz, irizpide bat gehitu dute: gutxienez 2,5 urte atxiki bezala egondako irakasleak lehenestea. Honek suposatuko luke zerrendaren lehenengo postuetan dauden irakasle batzuk “saltatzea” eta lanpostu horien sorrera atzeratzea. Begiratzen badugu 2020ko EPErako zerrenda, ikus dezakegu lehenengo bi orrietan 69 irakasle agertzen direla (kontuan hartu behar dugu EPE honetan 64 agregatu plaza aterako direla, gehi 8 titular plaza atxikitik edo BIKetik). 69 horien artean 16 ez dira heltzen 2,5 urtetara atxiki bezala (guztiak, momentu honetan, atxikiak badira ere), baina lehenengo postu horietan daude aspaldidanik akreditatuta daudelako. Urte batzuen ostean, langile hauek itxaroten ari ziren lanpostu iraunkorra sortu behar zen momentuan (hurrengo hilabeteetan jada oposaketa egiteko), egoera berri batekin topatzen dira, gehiago itxarotera behartzen dutena.
Honengatik guztiagatik, LABetik eskatzen diogu Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari irizpide berri hau bertan behera uzteko (bera izan baitzen UIBra eraman zuena). Ez da inondik ere zuzena orain arte erabilitako irizpideak modu honetan aldatzea. Horrek birjartze tasaren ondorioak pairatu dituzten langile askoren egoera, etorkizunerako lanbide-planifikazioa baita bizitza pertsonala ere lardaskatzen ditu. Joko arauak ezin dira aldebakartasunetik aldatu. Irizpideak birformulatu behar badira langileen ordezkariekin negoziatu behar dira.
Irizpide baztertzaileen inposaketarik ez!