UPV/EHU aitzakiarik gabe gelditu da eta Unibertsitate Planean jasota dauden 100 kontratu AZPren lanpostu finko bilakatu beharko ditu
2016ko iraileko epaiek agerian utzi dute Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren (EBJE) haserrea Espainiar Estatuarekiko behin behineko kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera diskriminatzailea dela eta.
Egun UPV/EHUk AZPko 200 langiletik gora ditu behin behineko iraupena duten kontratu zein izendapenetan. Hauetatik 100 kontratu/izendapenek oraindik orain “ez ohiko” finantziazioa dute Unibertsitate Planaren bidez, nahiz eta bertan aitortu beharrizan estrukturalei erantzuten dietela. “Ez ohiko” finantziazio honen barruan daude ere Lanpostuen Zerrendan dauden beste 50 lanpostu.
UPV/EHUko gainontzeko lan edo zerbitzu zehatzerako kontratazioa eta behin behineko proiektuen garapenerako izendapenak ere iruzurrezkotzat jo ditzakegu, hain zuzen ere hainbat sail eta zerbitzuetako beharrizan estrukturalei erantzuten dietenak, besteak beste, ikerketa, ezgaitasun edo enplegu zerbitzuei dagozkienak.
EBJEren epaien ondoren, laboralen kontratazioan ez ezik behin behineko funtzionarioen izendapenetan ere iruzurra egiteak zein aipatu kontratu/izendapenak konkatenatzeak, “indefinido” izaera aitortza ekar lezake.
Jaurlaritza eta UPV/EHU, Estatuaren konplize dira europar zuzenbidearen arau-urratzean. UPV/EHUn behin behineko kontratazioaren gehiegizko erabilera ukaezina da eta are larriagoa da azken Unibertsitate Planek hainbeste kontraturen estrukturaltasuna aitortu dutenean eta unibertsitate presentzialen artean IIP/AZP zein ikasle/AZP ratioak baxuenak izanik, etengabe behin behineko kontratazioa/izendapena erabiltzera jotzen denean.
UPV/EHU-k autonomia nahikoa du Unibertsitate Planeko 100 kontratu/izendapen Lanpostuen Zerrendako lanpostu bilakatzeko. Baita proiektuz-proiektu kontratuak konkatenatzen dituzten departamenduak lanpostuz hornitzeko eta baita ere UPV/EHUk iraunkorki eskaintzen dituen zerbitzuak behin-behineko kontratazioz bete ez ditzan.
Horregaitik UPV/EHU-k ezin du bere ardura behin behineko pertsonalaren bizkar gainean utzi bide judiziala ekitera derrigortuz. Akordioaren bidea eraginkorragoa dela kontsideratzen badugu ere, LAB badabil indarrean dauden zerbitzu zehatzetarako kontratuak aztertzen eta erreklamazio ereduak prestatzen behin behinean dauden AZP-ko langileek kontratazioan dagoen iruzurra eten dezaten.