Errektore andreak langileentzako gabonsaria berreskuratu du

Egun horietako lan-tradizioetako bat gabonsaria edo espezieko saria da, eta langileen lana eta konpromisoa aintzatesten ditu. Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak ez du gutxiago izan nahi izan, eta 2022an, zoriondu eta onena opatzeaz gain, bere langileei “gabonsari” bat emateko ekimenarekin bat egin du.

Baina… UPV/EHUko langileek jasoko duten gabonsariak ez du bere inplikazioa, ahalegina eta lana aitortzeko eta saritzeko helbururik, baizik eta bere plantillaren lan-baldintzak prekarizatzen eta okertzen sakontzeko balioko du:

  • UPV/EHUk plantillari ezarri beharreko lan-baldintza orokorrak desarautzeari ekin dio, ilegalak eta zigorgarriak diren alde bakarreko erabakiekin ordezkatuz.
  • Batzuetan eskubideak murrizteko argudio erreakzionarioak erabiltzen dituzte, besteetan, jendarteren eskaerak manipulatzen dituzte baldintza ultraliberalak ezartzeko, unibertsitatean adostutako ohiko markoa hautsita.
  • Erretirorako akordioak ezabatzea eta giza-baliabideak arrazionalizatzeko ustezko plana unibertsitateko zuzendaritza taldeak darabilen jokaeraren adibidea besterik ez dira.
  • Zuzendaritzak bere akordioak bertan behera uzteko orduan ez ditu erabili legez onartuta dauzkan bide legalak, horrek bere argudioen faltsukeria agerian utziko lukeelako, eta aldi berean, plantillari onartutako eskubideak ezabatzeko helburuak erakutsiko lituzkeelako.
  • Ez baita egia akordioak deuseztatzeko betebeharra zegoenik. Negoziazio-prozesuan zuzendaritzak ez zituen akordioen kostuak eztabaidatu nahi izan, eta argi geratu zen erretiroa hartzeko adina luzatzearen aldeko jarrera bi sindikatuk besterik ez zutela babesten –UGTk eta CCOOek, “itun soziala” deiturikoaren sinatzaileak–; ez euskal gehiengo sindikala, ezta UPV/EHUko plantillaren gehiengoa ere, ordezkatzen ez duten sindikatuak.
  • Duela gutxi onartutako Giza-baliabideen arrazionalizatzeko plana, indarrean dauden akordioak deuseztatzeko ke-lainoa besterik ez da, kudeaketa ultraliberala lan arloko eskuzabaltasunez mozorrotzeko trikimailua. Ez da kasualitatea unibertsitateko zuzendaritzak Estatutuetan aurreikusten den plantilla planifikatzeko tresna erabili ez izana, horren ordez Gobernu Kontseilua behartuz UPV/EHUk berak dituen prozeduren aurka joka dezan.
  • Ildo berean, zuzendaritzaren jokabidea unibertsitateko klaustroaren aurrean iragarritako jarduera-planaren aurka doa, eta zuzendaritzari egiten zaizkion galderei erantzuterakoan ez du azalpenik eman nahi edo aitzakiaz irteten da.
  • Zeren eta 2021ean iragarritako AZPkoen lanpostuen zerrenda (RPT) 2022an baloratzeko konpromisoa ez baita bete. Zeren eta IRIen ordainsari osagarriak 2007tik eguneratu gabe baitaude. Zeren eta, azken batean, zuzendaritzak legeen, sententzien eta “joeren” irakurketa interesatua egiten baitu zentroen eta zerbitzuen itxierak inposatzeko; edota oporrak, ordu extrak, “urruneko” lana eta lanerako erabateko disponibilitatea ezartzeko ere.

Hau da Errektore andrearen eta bere taldearen gabonsaria: eskubideen murrizketa, akordioak ez betetzea, plantilla eta honen ordezkaritza baztertzea eta ondorio ultraliberalen abar luze bat. Beldur gara gabonetako luntxa eskaini ordez, mihia bridatzea ez ote digun eskatuko.

Eskubide indibidual zein kolektiboen aurkako aurrekaririk gabeko eraso honen aurrean LABek ekimen desberdinekin erantzun du. Haien artean, hiru campusetan egindako mobilizazioak, indarrean dauden akordioen deuseztatzea eta plan berria onartzea gelditzeko Gobernu Kontseiluan izandako parte-hartzea, negoziazio kolektiboan egiten ari garen protesta eta salaketak, eta azkenik, zuzendaritzaren erabakien aurkako helegiteak aurkeztea. Ildo honetan, epaitegietan egon daitekeen ibilbidea aztertu ondoren, LABek erabaki du bi errekurtso jartzea, eta ez dugu baztertzen gure afiliatuek sar ditzaketen errekurtso indibidualetarako bidea irekiko lukeen hirugarren helegite bat jartzea ere.

LABek UPV/EHUko langileen aldeko bere konpromisoa berresten du. Eta zuzendaritzaren eta bere bufoien jarrera antisindikalen aurrean –zuzendaritzak baduelako bere Toni Cantó propioa gehiengo sindikala iraindu eta zikintzera jokatzen duena–, LABek erantzungo du orain arte bezala, boterearen aurkako konfrontazio estrategiarekin UPV/EHUko plantilaren defentsan, eta Euskal Herriaren zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren alde.

      Erantzun bat “Errektore andreak langileentzako gabonsaria berreskuratu du” bidalketan

      Iruzkinak itxiak daude.