Errektoretza taldetik Grebaren arrazoiei zilegitasuna kentzeko Errektoretza taldetik hedabideetan plazaratutako adierazpenen aurrean

Ziurrenez, azken egun hauetan hedabideetan grebaren inguruan zabaltzen ari diren berriak eta adierazpenak entzun/irakurri dituzu. EHUko greba deialdiaren harira eta, bereziki, ordezko irakasleen kontuarekin, EHUko errektoretza taldetik adierazpenak egin dira grebaren arrazoiei zilegitasuna kentzen saiatzen. Besteak beste, urriaren 27an, Radio Euskadi-n Eva Ferreira errektoreari egindako elkarrizketa batean, honako adierazpenak entzun genituen:

  • “La noticia de la huelga nos llega de una manera sorprendente porque no ha habido ninguna petición previa de ningún tipo de reuniones específicas”
  • “Estamos hablando de una centena de contratos en toda la universidad. Los contratos a tiempo parcial en nuestra universidad son los menos”.
  • “La mayoría de las sustituciones que hacemos en la universidad son a tiempo completo, porque son en vacante”.
  • “Hay que entender que hay sustituciones que son muy cortas. Lo que se nos ha trasladado siempre desde el Ministerio es que lo que se trata de evitar que la sustitución sea la puerta de entrada; es algo con lo que puedo estar de acuerdo”
  • “Habíamos hecho una enmienda para poder hacer sustituciones a completa; sustituciones de larga duración, que no tuvo éxito”.
  • “No hemos abusado nunca de esa figura, ni de tiempo parcial ni de falsos asociados. Eso no hemos tenido en nuestra universidad”
  • “Yo diría que somos la universidad que mejores condiciones laborales tiene”.

(Elkarrizketa entzungai hemen: https://www.eitb.eus/es/radio/radio-euskadi/programas/boulevard/detalle/9317600/eva-ferreira-la-noticia-de-huelga-nos-llega-de-manera-sorprendente/)

Jendartearen aurrean, baita EHUko langileen aurrean, errealitatea makillatzeko saiakera horri erantzuna ematea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, zabaldu dituzten adierazpen batzuk ez baitira egia. Erantsitako dokumentuan irakur dezakezu, datu eta argudioetan oinarrituta, sindikatuok aipatutako egoerari buruz egiten dugun irakurketa. Era berean, urriaren 11ren grebarako aldarrikapenak eransten dizugu beste dokumentu batean. Irakurri eta zabaldu.

Azkeneko egunetan, Errektoretza taldeak hedabideetatik ahaleginak egin ditu irakasle-ikertzaileen urriaren 11n deitutako grebaren argumentuei aurre egiteko. Errektoretza taldeak ordezkapen politika berriak sortzen dituen arazoak gutxietsi ditu eta EHUko oasia goraipatu du, EHUn bizi dugun lan-baldintzen atzerakadak sortutako haserre eta salaketei bizkarra emanez. EHUko langileen egonezinak bere zuzendaritzak azkeneko urteetan erakutsitako jarreretan du iturria: ordezkoekiko politikaz gain, aipa ditzakegu, besteak beste, erretiroaren akordioaren apurketa, arazoen etengabeko judizializazioa negoziazioa baztertuz, zentroen itxiera, edota beroketaren mozketa ez negoziatuak. Gai hauen inguruan bilerak egon dira, baina sindikatuekiko negoziazio erreal eta leiala izatea ez dute izan nahi.

EHUko sindikatuok urteak daramatzagu greba honetan jasotako eskaerak gobernu taldearen mahai gainean jartzen, behin eta berriro. USLOren aplikazioa dela eta, bilera eskatu genuen uda baino lehen. Ordezkapenen gaiaren inguruan bileran jasotako jarrera guztiz itxia izan da: legez pertsonen ordezkapenak partzialak izan behar zirela. Hala ere, USLOk ez du inon esaten irakasle ordezkoak lanaldi partzialean egon behar direla eta bai onartzen zaie ikerkuntza eta kudeaketa egitea zenbait baldintzatan, ordezkoen alde interpreta daitezkeenak. Bestalde, ordezko irakasleei ezartzen zaie 41/2008 Dekretuan bitarteko irakasle kontratatuentzat definitutako soldata. Zein lege/dekretutan dago hori jasota?

Kaltetutako ordezko irakasleen kopurua

Datu zehatza izan gabe, zalantzan jartzen dugu USLOren aplikazioak kaltetutako ordezko irakasleen kopurua ehun baino gutxiagokoa dela. Izan ere, 2023ko uztailaren 13an 616 irakasle zeuden bitarteko irakasle kontratatu moduan (BIK/LIU). Arduraldi osoaren parekoak 532 izango litzateke. Ezberdintasuna 84 pertsona dira. Berez, 84 baino askoz irakasle gehiago daude lanaldi partzialean. Gutxienez, bikoitza. Arduraldi osoko irakasleak 532 izango balira, 532 x 24 kreditu = 12.768 kreditu izango lirateke. Demagun, EHUn dauden arduraldi partzialeko ordezko irakasle guztiak 18 kreditutan daudela (errealitatetik oso urrun, asko baitaude 12 kreditutan), arduraldi partzialeko ordezko irakasleak ahalik eta gutxien izateko. Modu horretan, arduraldi partzialeko 18 kredituko irakasleak 336 izango lirateke, eta arduraldi osokoak 280: (336 x 18) + (280 x 24) = 12.768 kreditu. Hau da, abiapuntu horretatik, arduraldi partzialeko ordezko irakasleak 336 izango lirateke. Baina kopurua askoz handiagoa da, besteak beste, bi arrazoirengatik:

– Arduraldi partzialeko ordezko askok 18 kreditu baino gutxiagoko kontratuak dauzkatelako

– uztailetik ona egin diren ordezkapen kontratu berri gehienak arduraldi partzialekoak izan direlako (lehen 24 kreditukoak izango liratekeenak, orain 18 kreditukoak dira)

Edozein kasutan, hurrengo hilabeteetan, progresiboki, kopuru hori handituko da. Besteak beste, gaur egun ordezkapenean arduraldi osoan aritzen diren irakasleek plaza hori uztean (laguntzaile doktore lanpostu bat lortzeagatik, unibertsitatetik kanpoko beste lanpostura joateagatik…), sartuko diren ordezko berriek arduraldi partzialean kontratatuko dituztelako. Horri gehitu behar diogu beste elementu bat: orain arte, sail/arlo batean 2 ordezko partzial egotekotan, 3. ordezkapen partzial bat sortzekotan, bietako batekin uztartzen zen, arduraldi osoko ordezkapena egoteko. Jada, ez dute prozedura hori aplikatzen. Honek, gainera, EHUko irakasle-ikertzaileon II. Lan-hitzarmenean jasotakoaren kontra doa.

Baina, asko edo gutxi izanda ere, kontratu hauek langile ahulenetan gauzatzen dira: ordezko irakasleak. USLOk ez du esaten ordezkapenak kontratu partzialen bidez egin behar direnik. Are gehiago, USLOren 11. artikuluan unibertsitateko irakasleek ikertzeko daukaten eskubidea aitortzen da. Ulertzen dugu EHUko gobernu taldeak legearen interpretazio estua eta interesatua egiten duela.

Ordezkapen motak

Zalantzan jartzen dugu ordezkapen gehienak plaza hutsak betetzeko direla. Izan ere, aipaturiko 616 ordezkapen horietako gehienak ez dira bakanteak. Horrela izatekotan, EHUn 87 sail badira, batez bestekoan, 4 plaza bakante edo gehiago tokatuko litzaioke sail bakoitzari…

Ordezkapenen iraunaldia eta lan-poltsen “irakasle-harrobi” izaera

Ordezkapenak arrazoi ezberdin askorengatik sortzen dira: bajak, lizentziak, liberazioak, eszedentziak, karguengatik irakaskuntzatik salbuetsita egotea (partzialki edo osoz) …  Denbora txikirako bajak sailetatik betetzen dira, nahiz eta sailak, kasu askotan, kredituz gainezka egon. Beste kasu askotan, ordezkapenak hilabete edo urteak luza daitezke. Beste lanpostu bat ez lortzekotan, ordezko irakasle horiek urteak emango dituzte 800 euro kobratzen, irakaskuntza gauzatzeko ezinbesteko beste aktibitateak ez aitortuta. Are gehiago, ikerketa ukatuko zaie, nahiz eta lan-poltsak osatzeko ikerketa-merituei berebiziko garrantzia eman…

Doktoretza egin ostean, ikertzaile gehienek ez dute aukera irakasle laguntzaile doktore (ayudante doctor) lanpostu bat lortzeko. Lanpostu berrien sorrera sailen behar eta EHUko baliabideen menpean dago. Argi dago unibertsitateak ez daukala ahalmena sortzen dituen doktore guztiak bere egituran kokatzeko (ez da hori bere helburua ere, jendartearen beste eremu askok doktoreak behar baitituzte), baina argi dago etorkizunean EHUko irakasleak izango diren pertsona askok lan-poltsak osatzen dituztela. Atzo, gaur eta, ziurrenez hemendik aurrera ere, lan-poltsek EHUko irakasleen harrobia izaten jarraituko dute. Izan ere, lan-poltsa horietan daude, kasu askotan, oraindik doktoretza egiten ari diren ikertzaileak, baita doktoretza bukatu baina oraindik lanbidea topatu ez duten pertsona asko. Ez da haien kapritxo bat egoera horretan urteetan zehar mantentzea. Zergatik ukatu errealitate hori? Egun iraunkorrak garen irakasle asko ordezko moduan aritu ginen…

EHUko emendakinak ez zuen bilatzen ordezkoen ikerketa onartzea edota arduraldi osoko kontratuak izatea

EHUk USLOren 80.b artikulari aurkeztu zion emendakinak honakoa izan zen (letra lodian proposatutako gehiketa): ““b.- El contrato comprenderá la actividad docente lectiva y no lectiva prevista en el artículo 75, y no podrá superar la asignada a la profesora o profesor sustituidos, excepto en el caso de sustituciones de duración superior a un año y que impliquen la impartición de 240 horas lectivas; ni podrá extenderse a actividades universitarias de otra naturaleza en la universidad de contratación, como las de investigación o desempeño de funciones estructurales de gestión y coordinación, salvo que tengan directa relación con la actividad docente”.

Eta gehitu zuten justifikazioa, honako hau: “JUSTIFICACIÓN: Si a un catedrático con asignación de menos de 240 horas lo sustituye una persona durante 4 años, esta persona debería poder impartir 240 horas.”

Ikus daitekeenez, beren kezka bakarra ordezkoek ordu “gutxiegi” emateko aukera zen. 

Elkartu faltsuak

Elkartu faltsuena aspaldidanik datorren errealitate bat da. Alde batetik, unibertsitatetik kanpo lan egiten ez duten irakasleak baina elkartu moduan kontratatuak izan diren irakasleak daude (unibertsitatetik kanpoko aktibitatea frogatzeko modu batean edo bestean dokumentu bat aurkeztu zutenak kontratatuak izateko, baina, benetako kanpo lan-jarduera izan gabe). Beste alde batetik, badaude elkartu lanpostuak lan-poltsetatik ordezko irakasleekin beteta. Ez da ez ohikoa irakasle elkartuek oinarrizko irakasgaiak ematea eta, kasu batzuetan, irakasgai baten ikasle-talde batzuei elkartuek ematen dieten klase eta irakasgai bereko beste ikasle-taldeei elkartua ez den beste irakasle batek/batzuek. Edo hizkuntza baten ikasle-taldeei elkartuak klasea eman eta irakasgai bereko beste hizkuntzaren ikasle-taldeei elkartua ez den irakasleak klasea eman… Estatu espainiarreko unibertsitate askotan elkartu figura erabili da modu masiboan irakasleak era merkean kontratatzeko. EHUko kasuan erabilera hau askoz txikiagoa izan da, baina egon, egon dira eta badaude.

EHUko irakasleen soldatak

Ezin da ukatu EHUko irakasle eta ikertzaileon oinarrizko soldatak EAEko hezkuntzako irakasleen soldatak baino baxuagoak direla. Zer esanik ez, irakasle ordezko partzialen oinarrizko soldataren kasua, gehienez hilean 800 eurokoa delarik eta ezinbesteko lanak ordaintzen ez zaizkienean (eskolak prestatzea, lanak eta azterketak zuzentzea, lankideekin koordinazioa, …). Gainera, ez dugu ahaztu behar unibertsitatean lanpostu iraunkorra (edo irakasle laguntzaile aldi baterako lanpostua) lortzeko doktore izatea betebeharra dela.

EHUn prekarizaziorik ez!
EHUko langile guztientzako lan-baldintza duinak!
Urriaren 11n, EHUko irakasle eta ikertzaile guztiok grebara

LAB – CCOO – Steilas – ELA