Erretiro partzialaren plana luzatzeko akordioa onartu da Mahai Negoziatzailean

Atzo, ekainaren 16an, UPV/EHUko Lan Kontratadunen AZP eta IRIren negoziazio batzordean 2018ko abenduaren 5ean onartutako lan kontratadunen erretiro partzialerako planaren indarraldia luzatzeko akordioa onartu zen.

Araudiari egokitzeko bigarren akordio hau CCOO, UGT eta Madrilgo Gobernuak 2011n sinaturiko eta lan-eskubideen murrizketa ekarritako pentsio-erreformaren ondorioa da. 2018an, indarrean zegoen planaren lehenengo “egokitzapena” egin behar izan genuen; alde batetik, erretiro partzialera heltzeko adina urtez urte igo eta, bestetik, erretiroa eskatzen duen langileak egin beharreko lan-jarduna handitu baita (jardunaren %25etik %50era). Lan-erreformaren aurka bageunden ere, LABek akordio hori sinatu zuen, egonkortasuna aitortuta edo 6 urteko antzinakotasuna duten langileei aplikagarria izatea lortu baikenuen. Hildo berean, LABek ez ditu ez 2015eko eta 2019ko erretiroaren pizgarrien akordioak sinatu, horietan eskubide hori ez baitzaie behin behineko langileei aitortzen.

Gaurko akordioarekin, planaren indarraldia 2022ko abenduaren 31ra arte luzatzen da eta honako adinak ezartzen ditu erretiroa eskatu ahal izateko:

Erretiroa gertatuko den urtea Erretiroa gertatuko den unean izan beharreko adina, kotizazio aldien arabera Erretiroa gertatuko den unean izan beharreko adina, 33 urte kotizatuta izanez gero
2021 62 urte | 35 urte eta 3 hilabete edo gehiago 63 urte
2022 62 urte eta 2 hilabete | 35 urte eta 6 hilabete edo gehiago 63 urte eta 4 hilabete

Beste aldetik, negoziazio mahaian, EH Bilduk Espainiar gobernuko alderdiekin adostu bezala, erreforma laborala bertan behera geldituz gero, eta LABek mahaira eraman duen eskaerari erantzunez, erretiroari buruzko eskubideak birnegoziatzeko konpromisoa hartu du administrazioak. Era berean, COVID-19ren ondorioz sortu daitekeen egoera aintzat hartuko da beharreko egokitzapenak egiteko langileak egin beharreko lan-jarduna bete dezan.

Bi konpromiso horiek ez dira sartu akordioan, bere tramitazioa ez atzeratzeko, baina idatziz jasoko dira gaurko batzordearen aktan. Orain, gaurko akordioa irailean egingo den ohiko Gobernu Kontseiluan onartuko da eta 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean indarrean egongo da.