Erretiroen akordioaren negoziaketa: LAB eta STEILAS sindikatuon jarrera

2022an Errektore taldeak aldebakarrez erabaki zuen 2015ean EHUren eta langileen artean erretiroaren inguruko akordioa bertan behera utzi eta haren ordez balizko Giza Baliabideak arrazionalizatzeko Plan baten I. Fasea ezartzea. Erretiroagatiko kalteordainekin amaitzea omen zen asmoa, baina errealitatean, erretiroak sustatzeko neurri eta pizgarrien murrizketa handia ekarri zuen Plan berriak, langile guztion kaltetan.

Eta Plana bera, indarrean egon den urte bitan, porrot izugarria izan da, oso langile gutxik eskatu baitu baldintza berrietara lotzea. Are gehiago, TEKAZEL arloan ezinegon handia sortarazi die 2015eko akordio haren arabera ordu murrizketak eskatuak zituzten langileei, haiek baimenekin uztartzea galarazita.

Sindikatuok Plan berriaren kontra jo genuen, baita hura epaitegietan salatu ere. Horren ondorioz, 2023an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpena eman zuen kalteordainak ordaintzera ez baina 2015eko akordioaren bestelako neurriak indarrean behar zirela ebatzi zuen. EHUk, ordea, ebazpenari helegitea jartzea erabaki zuen. Horrek ezinezkoa egiten du haien berrezarpena epai irmoa izan arte.

Testuinguru honetan eta langileon aldarrikapenen eta mobilizazioen ondorioz, negoziazio prozesu berri bat irekitzea lortu dugu Errektoretzarekin. Eta EHUren Zuzendaritzak aurkeztutako zirriborroari LAB eta STEILAS sindikatuok zuzenketa proposamen  bateratua aurkeztu genion. Beste sindikatuek, aitzitik, esan zuten ez zirela Errektoretzaren negoziaketarako borondate onaz fido eta ez zutela ekarpenik aurkeztuko. Halaber mediazio eskaera egin zioten Administrazioari, emaitzarik gabe. Azkenik, gehiengo sindikalen jokoa medio, negoziaketa modu bateratuan baino esparruetan banatuta egitea eskatu dute: TEKAZEL futzionarioak, IRI funtzionarioak, lan kontratuko TEKAZELak eta lan-kontratuko IRIak, bakoitza bere aldetik, Batzorde Tekniko bateratuaren ordez.

LAB eta STEILAS sindikatuok langile funtzionarioen Akordio Erregulatzailearen, lan-kontratuko langileen Lan Hitzarmenen (Lan-kontratuko TEKAZEL eta IRI), eta 2015eko Batzorde Teknikoak garatutako akordioko baldintzetan oinarritutako negoziazio bateratua irekitzearen aldeko apustua egin dugu, beti ere minimoetako akordio bat lortze aldera, eta etorkizunean etor litezkeen mediazio eta epaitegietako ebazpen edo lege aldaketen menpe geratuko litzakeena.  Eta horretarako sindikatu bion artean adostu eta Errektoretzari bidalitako proposamena beste sindikatuei ere luzatu diegu, elkarlanerako prest.

Gaur bilerak izan ditugu Administrazioaren eta sindikatuen artean eta prozesuari segida ematea erabaki dugu. Administrazioak bihar edo etzi bere proposamena bidaliko duela adierazi du, sektoreka, eta apirilaren 17ra arte luzatu digu sindikatuoi proposamen berriak egiteko epea. Hurrengo bilerak apirilaren 19an izango dira.

LAB eta STEILAS sindikatuok lanean jarraituko dugu EHUn berriro erretiro akordio on bat izate aldera.