Estatalizazioa: Prekarietate gehiago dakarren izurritea

Ezagutu eta borrokatzeko sei gako

   1. Zer da estatalizazioa?

Hemengo langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko ireki duten bidea, hala eremu pribatuan nola langile publikoei dagokienean. Gure lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak betetzeari utzi eta gureak baino merkeagoak eta okerragoak diren lan baldintzak inposatzeko helburua du.
Patronalak, izan bertakoa edo estatukoa, lan baldintzen prekarizazioa eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bilatzen du eta asmo horri guztiz lotua dago estatalizazioa.

2. Noiz hasi da?

2008ko krisiaren aitzakian, estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia eman zioten. Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: PSOEk ezarri eta EAJk onartutako Negoziazio Kolektiboaren erreforma, PPk eta UPNk ezarritako Lan Erreforma eta PSOEk nahiz PPk ezarritako austeritate neurriak (Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua).
Esan behar da, hala ere, 2008a aurretik ere ez genuela aukerarik Euskal Herrian lan harremanak arautzeko: Estatu mailan erabaki eta ezartzen zen lan legedia. Zailtasunak zailtasun, hemengo lan hitzarmenen bidez lortu izan dugu negoziazio eremu propio bat mantendu eta lan baldintzak duintzea. Baina baziren, eta badira hainbat sektore bertako hitzarmenik gabe.

3. Zer helburu eta ondorio ditu?

Alde batetik, langileon lan baldintzak okertzeak dakarren merkatzearekin, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzea. Hau da, patronalaren poltsikoak betetzen jarraitzea langileen kontura.
Bestetik, hemengo langileok eta sindikatuak gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea ukatzea. Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatzea, hau da, bertoko sindikatuei langileok eman diegun ordezkaritza baliogabetzea, hemen langileok dugun indar korrelazioa neutralizatuz.

4. Nola ari da garatzen?

Lau modu daude:
Zentralizatuz. Azken lan erreformek erabilitako baliabideak erabiliz, estatu mailan adosten diren lan hitzarmenetan, gurean negoziazio eremuak debekatuz (hainbat estatu lan hitzarmenetan jasota dago herrialde mailan sektorean negoziazioak egiteko debekua) edo estatu mailako lan hitzarmenetan hainbat gai bereganatuz, bertako lan hitzarmenetan negoziatu ezin daitezkeen gaiak, gure lan hitzarmenak edukiz hustuz.
Honetarako patronal estatalek CCOO eta UGTren laguntza osoa dute, nahiz eta jakin hemengo langileen lan baldintzak okertzen eta prekarizatzen ari direla.
Eraso honi aurre egiteko sortu zen EAEn Akordio Interprofesionala, hemen indarrean dauden hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna emateko estatu mailakoen aurrean, eta gure lan hitzarmenak, indarrean egonez gero, babestu eta aplikatzen jarraitzeko ahalbidetzen duenez, inpugnatu egin dute. Lortu dugu inpugnazioa erretiratzea baina mehatxuak hor jarraitzen du. Nafarroan ere saiatu ginen Akordio Interprofesional bat egiten, baina CEN patronalak eta CCOO eta UGTk sindikatuek ez zuten nahi izan, estatalizazioari aurre egiten ziolako.
Gure lan baldintzak hemen arautzeko dugun erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso argia.
Negoziazio kolektiboa blokeatuz. Hemengo patronalek (Confebask, ADEGI, CEBEK, SEA eta CEN) erabiltzen duten estrategia, nagusiki EAEn (Nafarroan UGT eta CCOO prest baitaude lan hitzarmen merkeak sinatzeko). Hitzarmen bat ez bada berritzen, bere ultraktibitatea amaituta, estatu mailako hitzarmen bat aplikatzeko aukera ematen du. Gauzak horrela patronala negoziazioak blokeatzen ditu, estatu mailako lan baldintzak aplikatzeak sortzen duen presioa bere alde izateko. Dualidadea sortzen du, langile “zaharrei” lehengo soldata aplikatzen jarraitzen zaielako, eta kontratazio berriei estatu mailako soldata, askoz baxuagoa dena.
Negoziazio eremu berriak irekitzea blokeatuz. Badaude hainbat eremu beti aplikatu izan zaizkienak estatu mailako lan hitzarmenak, adibidez telemarketing, saltoki handiak, banka, aseguroak, kimikak… Nafarroan areago eta gehiago: zahar egoitzak, interbentzio soziala, zabor bilketa…. Hemengo patronala ukatu egiten du eremu hauek irekitzea, hemen negoziatzeko eremu hauetako lan baldintzak, badakitelako horrek, lan baldintzen hobekuntza bat ekarriko duela, eta nahiago dute lan baldintza prekarioak aplikatzen jarraitu.
Legeak inposatuz langile publikoei eta arlo publikoko azpikantratutako langileei.
a)Langile publikoen lan baldintzak estatuko lege eta dekretuen bitartez arautzen dituzte (soldata igoera, 37’5 orduko lanastea inposatzen saiatzea, erreposizio tasa, ITaren ordainketa, ordezkapenak, …), estatuko aurrekontuen legeen bidez negoziazio kolektiboko eskubidea guztiz ukatuz eta bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea erasotuz. Ondorioz, langile hauen lan baldintzak estatu mailako gobernuek inposatzen dituzte, eta bertoko erakundeek orokorrean, nahiz eta hitzez kontran azaldu, aplikatu, oso ondo baitatorkie langileen lan baldintzak merketzea, beraien izaera neoliberalarekin lerrokatuz. Gainera, sektore publikoaren garapenari mugak jartzea, pribatizazioak bultzatzeko estrategia argi bat da.
b)EAEko azpikontratatutako langileei dagokionez, estatuko lege baten bitartez arautu dute pleguak zalantzan jartzea subrogazioa bermatzeko bitarteko moduan, horrek azpikontrataturiko langileen lanpostua eta lan baldintzak mantentzean izan dezakeen ondorioekin. Nafarroan, eta langileok egin dugun presioaren eraginez, bertako lege bat egin da, subrogazioa pleguetan txertatzea derrigortzen duena. Eusko Jaurlaritzak uko egiten dio EAEn Nafarroan egin duten moduko lege bat egiteari, bere izaera neoliberalari jarraituz.

5. Zer egin dezakegu estatalizazioari aurre egiteko?

Mobilizatu. Estatalizazioaren kontra eta langileok Euskal Herrian gure lan baldintzak arautzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko. Horretarako aukera izango dugu maiatzaren 30ean LABek deitu duen mobilizazio eta lanuzte egunean.
Lantokian borrokak antolatu. Prekarietatearen kontra eta lan baldintza duinen alde. Ekintza sindikal iraunkorraren bidez, hemengo patronalak eragindako blokeoa pitzatu behar dugu. Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileak tokian toki antolatu eta aktibatu behar gara.
Negoziazio eremu berriak ireki daitezen borrokatu. Sektore zein enpresetan borrokatu, gure lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izan dezagun.
Arlo publikoan ere eragin. Legen inposaketaren aurka eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen alde borrokatuz, estatuaren zentralizazio eta pribatizazio dinamikari aurre eginez, baita bertako erakundeen konplizitateari ere.

6. Zein da behin betiko konponbidea estatalizazioaren aurrean?

Behin betiko konponbideak izen bat du: Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua. Aurrez aipatutako borroken bidez, hemengo negoziazio esparrua defendatzea eta prekarizazio prozesuari muga jartzea da erronka. Alabaina, sakoneko arazoa da, lan arloko eskumenak Estatuaren esku daudela.
Estatus berriaren inguruko eztabaida irekita dago. Estatus berri horretan Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua jaso beharra dago. Alegia, Euskal Herrian bertan hartu behar direlako gure lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dugu, hori bultzatzeko erabaki estrategikoa hartu baitu Espainiako Estatuak. Honela bada, lan eremuan borroka sindikala egitearekin batera, aldaketa politiko eta sozial orokor baterako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa da.