EUNEIZ unibertsitate pribatuaren lege-proiektua bertan behera uzteko aldarrikatu du LABek EAEko Parlamentuko Hezkuntza Batzordean

Ikusi LABen agerraldia [1] [2],
Irakurri LABen adierazpena [3]

Jaurlaritzak onartu nahi duen lege-proiektuaren bidez, EAEko Unibertsitate Sistemaren baitan irabazi-asmoa duen beste unibertsitate bat txertatzeko urrats kualitatiboa eman nahi du, Europan University Gasteiz, EUNEIZ. LABen ustez, kosta ahala kosta, merkatuaren logika neoliberalei eta sistemaren interesei erantzuten dien unibertsitate klasista eta elitista baimendu nahi da, globalizazioaren mesedetara dagoena, eta segregazioak areagotuko dituena.

Baskonia saski-baloi taldeari zein Gasteizi loturiko unibertsitatetzat aurkeztu nahi den arren, EUNEIZ unibertsitatea sustatzen duen EUSTEIZ 2018 S.A. enpresaren baitan ULENI 30 Elkarte Mugatuak %90ko partizipazioa du, eta aipaturiko kirol taldeak, aldiz, %10ekoa.

Beste aldetik, esku artean izan dugun dokumentazioan diotenez, EUNEIZen ”negozio-planak ez du finantzaketa-arazorik planteatzen”. Besteak beste, gradu eta masterreko ikasturte bakoitzeko 8.000 euroko matrikula-prezioa aurreikusten baitu, eta etekin ekonomikoak hirugarren ikasturtetik aurrera (ia 700.000 €ko etekina eskaintza akademiko osoa indarrean egongo den ikasturterako). Sustatzaileek diote 29 miloi euroko ekarpena egingo diola urteko Arabako BPGri, baita 400 lanpostu berri baino gehiago sortuko dituela ere. Dakiguna da, aldiz, aurreikustitako 205 ikasleei zerbitzu emateko 5 AZP eta zehaztu gabeko irakasle eta ikertzaile plantilla azaltzen dela, azken honi dagokionez araudiak zehazten duen lanaldi- osoko dedikazio-erregimenean lan egingo dutenen kopurua (%60) bermatu barik.

Ez da inon agertzen nola bermatuko den EUNEIZ-en ez dela diskriminaziorik onartuko “jatorri-soziala dela-eta” unibertsitatean sartzeko eta bertan jarraitzeko, ezta ere ikasteko beka eta laguntzak emateko ze araudi edukiko duen, izango badu, eta nork edo nola finantzatua izango den. Aitzitik, EUNEIZ unibertsitate elitista baten egitasmoa dela zalantza izpirik ez dago, non, martxan jartzekotan, hemengo balizko ikasle askok ezin izango luketen ikasi baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik.

EUNEIZeko eskaintza akademikoaren zati handi bat badago honezkero Euskal Unibertsitate Sisteman. Gainera, gaur egun eskaintzen ez diren ikasketak martxan jarri ahal izango lirateke UPV/EHUtik bertatik, EUNEIZ-en egitasmoari bide eman nahi dion Administrazioak baliabide nahikorik jarriz gero. Ikerketan ere, ez du gauza handirik ekartzen, eta, esaterako, ez du aurreikusten oinarrizkoa den eta araudiak eskatzen duen unibertsitate liburutegirik, gutxienez lehen bi urteetan, eta hitzartuko du zerbitzu hori.

Euskarari dagokionez, ez dakigu zein izango den eskaintza, ezta aipatutako graduak eta masterrak euskaraz ikasteko aukerarik ere egongo ote den. Ez dakigun bezala nola bermatuko zaien balizko ikasleei zein herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea.

LABen ustez, Lege-proiektu hau zenbait gauzaren adierazle da:

  • Prozesu osoan zehar sumatu dugun Unibertsitate publikoaren zein Euskal Unibertsitate Sistemaren beraren defentsa argiaren gabeziarena. Ekimen pribatu honek lehia ezarriko du jada eskaintzen diren zenbait ikasketa ezarrita duten unibertsitateekin, batez ere UPV/EHU kaltetuz eta goi-hezkuntza sistemaren merkantilizazioan eta pribatizazioan urrats kualitatibo bat emanez, euskal gizartearen behar eta kohesioaren kaltetan.
  • Euskarazko irakaskuntza, ikerketa eta arreta inolaz ere bermatuta egon ez izanarena. EUNEIZen izaera eta lehentasunak ikusita, ekimen honek aurrera egitekotan, euskara galtzaileetako bat izango delakoan gaude. Globalizazioaren eskutik, homogeneizazioa etorriko da, hizkuntz eskakizunik gabeko kontratazioekin.
  • Lan-talde urriarekin eta lan baldintza eskasekin jardungo duen “unibertsitate pribatua” izango da EUNEIZ, lan-harremanen esparru propioa guztiz alboratzen duena.
  • Estatuko oinarrizko Legeek eta Errege-Dekretuek Goi Hezkuntza sistema duala bedeinkatzen dute, norbanakoek zein enpresek “unibertsitate” pribatuak martxan jartzeko eskubidea aitortuz eta erraztasun guztiak emanez, finean, kapital eta funts handien mesedetan dauden “unibertsitateei” sarbidea erraztuz.
  • Globalizazioa ardatz, burujabetzaren kontrako eraso zuzena da. Euskal Herrian eraiki eta behar dugun Euskal Unibertsitate Sistema Publiko Propioa inoiz baino beharrezkoagoa dugu, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekin batera, euskal unibertsitate barrutia eraikitzeko bidean. Tamalez, bide horretan EAEn lege propioaren urratsa ere 2030era arte atzeratu nahi dute batzuek, unibertsitatea espainiar legeen menpe utziz.

Horrenbestez, LABek ez du Lege-proiektu hau begi onez ikusten, eta bertan behera uzteko aldarrikatzen du. Ildo horretan, horrekin bat egiten dutenekin mobilizatzeko beharra azpimarratzen du, ekimenak adostuz eta aurrera eramanez.