Borroka sindikala, egonkortasuna lortzeko ezinbestekoa
Gaur, martxoaren 19an, Europako Justizia Epaitegiak argitaratu berri du administrazioko langile interinoei dagokien sententzia. Lehenengo irakurketa batek berresten du UPV/EHUko LABek behin eta berriz esan duena: unibertsitateko behin-behinekotasun arazoaren irtenbidea ez da etorriko berez epaitegietatik, ekintza sindikalak orain arte bezala eragin eta eragingo duen borrokaren bidez baizik.
Europako epaitegiak argitaratu berri duen sententzia honen lehenengo irakurketa batetik honakoa ondorioztatzen dugu:
- Sententziak argi uzten du estatuan indarrean dagoen legediak behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera ahalbideratzen duela. Zeharka bada ere, agintari publikoei administrazio ezberdinetan dagoen prekarietate mota honekin amaitzeko legedia aldatzea eskatzen die.
- Hori horrela izanda ere Estatuko epaitegiek ebatzi beharko dutela zein den “neurriko” zigorra abusua egonda hori konpontzeko: Lan Eskaintza Publikoak egin, Mugagabe ez finko izendatu edota kalte-ordainaren kopuruak zehaztu.
- Sententziak beraz ez du finkatze «automatikoa» onartzen. Ondorioz, estatuak bertako legeak betetzera behartzen dituenez, LEP/OPEek gaur-gaurkoz derrigorrezkoak izaten jarraitzen dute.
- «Mugagabe Ez Finko» figurak ez du neurri egokitzat hartzen finkotasuna lortzeko, eta zeseak ahalbidetzen ditu.
- Kalte ordaina jasotzeko aukera irekitzen du, eraginkorra eta disuasorioa izan beharko lukeena gainera.
Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko zuzendaritza taldea ohituegiak daude erantzukizuna Madrilen menpe uzten. Horren aurrean, LABek berresten du premiazkoa dela behin-behinekotasunean ari diren langileen egonkortasunaren aitortza, eta aldi berean egiturazko lanak egiteko Lanpostuen Zerrendatik kanpoko behin-behineko kontratazioak behin betiko lanpostu bilakatzea. Horretarako, eta UPV/EHUn ematen den behin-behinekotasun kopuru handia kontuan hartuta (ia %70 AZPren kasuan, beste administrazioetan baino askoz altuagoa) borroka eta ekintza sindikala ezinbestekotzat jotzen ditugu egonkortasuna eta finkotasuna lortzeko.
Azkenik, kontsolidazio eta egonkortasunaren lege propioak ezinbestekoak direla aldarrikatzen dugu, euskal administrazioetan bizi dugun egoerari irtenbidea eman nahi badiogu. Ez dugu etsiko!!!
Behin-behinekotasuna prekarietatea da!!!
Egonkortasuna orain!!!!