Euskararen IV Planaren zirriborroaren aurrean, LABeko EHUko sail sindikalaren iritzia

Urte bateko atzerapenarekin garatzen eta eztabaidatzen hasi berri den EHUko Euskararen IV Planaren inguruan LABen hasierako irakurketa eta eskaera helarazi nahi dizuegu.

Kezka handiz ikusten dugu euskalduntze prozesua zein egoeratan dagoen. EHU sortu zenetik aurrerapen handiak egin badira ere, ezin dugu esan gaur egun EHUn ikasketak euskaraz erabateko normaltasunez egin daitezkeenik, ezta langile, ikasle zein unibertsitatetik kanpoko hiritarrek EHUko esparru ezberdinetan euskara normaltasunez erabil dezaketenik. Zentzu horretan, ardura handiz ikusten dugu nola, arlo eta gai batzuetan, aurrerapausoak eman baino, edo dauden bezala mantendu baino, atzerapausoak ematen hasi diren.

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzea Errektoreordetzak aurkeztutako UPV/EHUren IV Planaren lehenengo proposamena irakurrita gure kezkak areagotu egin dira. Izan ere, ez dugu uste plan honek euskalduntzean aurrera egitea bermatuko duenik, ezta euskalduntzeari lotuta identifikatutako arazo batzuei erantzun egokirik emango dienik. Aurkeztutako proposamena anbiziorik gabekoa da. Orokorrean, dagoena kudeatzera mugatzen da, helburu oso apalak jasota, eta ustez arantzatsuak izan zitezkeen proposamen eta neurrietatik ihes eginda. Asmo gutxiko plana da eta hankamotz geratzen da esparru askotan.

Zirriborroaren ezaugarri bat nabaritu behar bada, zehaztugabetasuna da. Izan ere, gai gehienen aurrean ez ditu proposamen zehatzik egiten. Definitutako helburu bakoitzerako planteatu behar dira helburuen betetze-maila neurtzeko adierazleak, eta, gutxi egoteaz gain, kasu batzuetan ez dira batere zehatzak. Horrez gain, helburu bakoitza betetzeko, zehaztu behar dira hartzeko neurri zehatz bakoitzari lotutako alderdiak (zer, non, nola, noizko, nor…):

  • Helburua
  • Azpihelburuak
  • Ekintza zehatzak
  • Ekintzen deskribapena
  • Ekintzen hartzaileak
  • Ekintzen arduradunak
  • Epeak (noiz hasi, noiz bukatu, egutegia)
  • Ekintzen adierazleak
  • Ekintzen betetzearen jarraipena egiteko mekanismoak (eta adierazleak)
  • Aurreikusitako bitartekoak (giza baliabideak, materialak…)
  • Aurrekontua
  • Bestelakoak

Beharrezkoak diren alderdi horiek ez ditugu topatzen zirriborroan. Zehaztugabetasun horretan murgilduta, zaila izango da Planaren betekizun maila neurtzea alderdi askotan.

Zehaztasun falta horrek, gainera, plana goitik behera zeharkatzen du. Puntu asko jar zitezkeen, baina “ekintzak” ataleko gutxi batzuk gehitu ditugu beherago, adibide moduan.

Beste alde batetik, aipatutako helburuak betetzeko neurriak gauzatzeko aurrekonturik ez da aipatzen. Ez dakigu kalkulua eginda ez dagoen, baina ezinbestekoa iruditzen zaigu helburuak betetzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak zehaztea, EHUko aurrekontuetan txertatzeko.

Azaldutakoagatik, uste dugu Planaren zirriborroa ez dela ondo egituratutako eta osatutako plan bat, eta eskatzen dugu prozesuari ekitea berriz, aipatutako guztia kontuan hartuta. Plan bat garatzeko zailtasunaz kontziente gara, baina euskalduna den eta euskaldunagoa izan nahi duen unibertsitate baterako zehaztasun gehiagoz aritzea ezinbestekoa da.

Hala ere, LABetik ekarpen zehatzak lantzen ari gara, EHUko euskalduntze prozesuan ikusten ditugun hutsune nagusietan arreta jartzeko eta proposamenak egiteko.

Zehaztasun-faltaren adibide batzuk, ekintzei dagokienez:

1.1.2 Irakas-materialen eta ikasliburuen sorkuntzarako eta itzulpenetarako plangintzak egin eta gauzatu.

Plangintzak Planaren barruan zehaztuta egon beharko lirateke. Ez dakigu zein/zenbat plangintza, noiz, nork egingo dituen…

1.1.4 Irakasleen eta euskaraz ikasten ari diren ikasleen komunikazio-gaitasuna hobetzeko proiektuak sustatu.

Zein proiektu? Nola? Zein aurrekontu izango dute?

1.2.1 Masterretan euskarazko eskaintza sustatzeko estrategiak landu.

Zenbat masterretan? Zein masterretan? Zein estrategia?

1.2.2 Master amaierako lanak euskaraz egitea sustatu.

Nola sustatuko dira?

1.2.3 Berezko ikasketetako euskarazko eskaintza zein den aztertu, handitzeko aukerak identifikatzeko.

Identifikazio hori ez litzateke eginda egon beharko Plan honetan eskaintza handitzeko neurri zehatzak proposatzeko?

1.2.4 Esperientzia Geletako ikasleek euskaraz ikas dezaten estrategiak landu eta euskarazko eskaintza handitu.

Zer da estrategiak lantzea? Nola handituko da euskarako eskaintza? Zein irakasgaitan?

1.3.1. Graduan euskarazko eskaintza osoa ez duten ikastegiek osatzeko plangintza egin (ikus I.eta II. eranskinak).

1.3.3. Ikastegiek hautazko irakasgaietan euskararen presentzia handitzeko estrategiak landu eta partekatu.

Planaren helburua da plangintza egitea edo estrategiak lantzea? Ez litzateke izan behar (identifikatuta egonda) euskaratzeko dauden irakasgaietarako neurri zehatzak ezarri?: zein irakasgai? Noizko euskaraz eskaini? nola?

2.1.1. Doktorego-tesiak euskaraz egiteko beka-deialdia egin.

Zenbat beka? Igoeraren bat aurreko urteekin alderatuta edi beka-deialdia egite hutsa?

2.1.3. Doktorego-tesien defentsarako interpretazio-zerbitzuak eskaintzen jarraitu.

Eginbehar ohikoetan kokatzen da ekintza hori.

3.1.5. Euskaraz ikertzeko datuak, baliabideak eta zerbitzuak komunitateari eta gizarteari eskaini

Nola? Zein ekimenen bitartez?

3.3.2. Ikastegi eta zerbitzu guztietan euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatzeko estrategiak landu.

2024. urtean euskarazko zerbitzua bermatzeko estrategiak landu behar dira ala zerbitzua bermatu behar da eta horretarako neurri zehatzak definitu?

3.3.3. Baldintza egokiak dituzten ikastegi eta zerbitzu-ataletan euskara lan-hizkuntza bihurtu.

Zein dira baldintza egoki horiek? Nola bihurtzen da euskara lan-hizkuntza?

4.1.2. Kontratua duten ikertzaileen euskararen ezagutzaren egoera ezagutu eta hobetzeko ekimenak bultzatu.

Zein neurri zehatz? Zein ekimen?

4.2.3. UPV/EHUk jasotzen dituen euskararen erabilerari buruzko salaketak kudeatu, dagozkien ikastegi eta zerbitzu-ataleko arduradunen erantzuna jaso ondoren.

Eginbehar ohikoetan kokatzen da ekintza hori.

Erantzun bat “Euskararen IV Planaren zirriborroaren aurrean, LABeko EHUko sail sindikalaren iritzia” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.