Gerra guztien lehenengo biktima egia dela esan omen zuen Eskilok. Hori dela eta, kazetarien lana ezinbestekoa da gatazka armatuetan gertatzen dena ezagutarazteko. Hori dela eta, Ukraniako gerraren kontakizuna ez ezik Munduan dauden gainerako 83 guden kronika zintzoa egiteko profesional zintzoak behar ditugu, eta horretan ari dira Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzietan ikasitako hainbeste kazetari. Pablo Gonzalez Yague berri-emailea Polonian atxilotu zutela hilabete bete delarik, oraindik ez EHUk ez Fakultateak ezer ez esatea ulergaitza egiten zaigu Pablo bertako doktoregaia dela jakinda.
Ukrainako herritarrei elkartasuna adieraztea ondo egon arren, keinu hori hipokrita bilakatzen da, aldi berean, gertatzen ari diren giza-eskubideen urraketak salatzen eta beste gerren aurkako adierazpen publikorik egiten ez baditugu EHUtik. Hilabete honetan, jakin izan dugu Pablo Gonzalez inkomunikazio-egoeran dagoela, eta ez dituela beharreko babes juridikoa eta pertsonala. Egia bilatzea, inposaturiko diskurtsotik harago, alegia, kazetaritza egitea. izan omen da atxilotzeko eta isolatzeko arrazoia.
Hori dela eta, LABen sail sindikalak eskatzen dio UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Fakultateko Dekanotzari, eta Errektoreari berari ere babes publikoa adieraz diezaiotela Pablori, adierazpen eta kazetaritza askatasunaren aldeko aldarria egin dezatela, baita gerra garaian ere, eta Pablo Gonzalez ikaslearen familiarekin harremanetan jar daitezela, unibertsitate-komunitatearen laguntza senti dezan.
Era berean, martxoaren 31ko Gobernu Kontseiluari Pablo Gonzalezen berehalako askatasuna eskatzeko adierazpena egin dezan eskatzen diogu.