- Urriak 26, 13:30etan Mikel Laboa plazan, UPV/EHUko Leioako campusean
- Urriak 26, 9:00etan aulariopean, UPV/EHUko Donostiako campusean
Ikastetxe eta unibertsitateko garbiketa enpresen hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi ginenetik bi urte t’erdi igaro dira jada; eta egoerak hasieran bezain blokeatuta jarraitzen du. Ez dago hitzarmenik, eta ez dirudi hurrengo hilabetetan akordiorik lortuko denik ere. Patronalak egoera erabat blokeatuta dauka eta gainera, jarrera probokatzailea mantentzen du, bere langilegoarenganako erabateko errespetu falta erakutsiz.
Urteetan zehar, garbiketako langileok behargin ikusezinak izan gara; uniformeak jantzi eta gela, jolastoki, komun eta jangelak garbitu ditugu, betiere ,ahalik eta zarata gutxien eginez. Langile nekaezinak, urtez urte gure lan-eskubideen murrizketa jasan behar izan dugu, Hezkuntza Saila eta kontraten onespenaz. Azken bi urteetan, garbiketako zerbitzuen enpresa esleipendunek plieguak %20ra arte jaitsi dituzte, eta beherakada hori langileen eskubideak murriztearen kontu baino ez dute gauzatu: gure soldatak izozteaz gain, ez dituzte bajan dauden langileak ordezkatzen gutariko bakoitzak jasaten dugun lan karga handituz, gero eta lan gehiago egin behar dugu kaleratzeen ondorioz gero eta gutxiago garelako, behin behineko kontratuak bata bestearen atzetik kateatzen ditugu, lanaldi partzialak jasan behar ditugu, langileon %40ak lanaldi partzialak ditu, eta ozta-ozta 600 eurotara heltzen diren soldatak. Gutako askok, gainera, egunerokotasun honi ondoezak jota aurre egin behar izaten dio: bizkarreko mina, artritisa, herniak edo lunbalgiak. Horiek guztiak gurea bezalako lan fisikoetan gaitz komunak diren arren, oraindik ere, gaixotasun profesional gisa ez dituzte errekonozitu nahi.
Hitzarmena izoztuta dago, KPI goraka doa, %10a 2010. urtetik eta dagoeneko zazpi urte igaro dira gure soldatak eguneratu behar izan zituztenetik, baina enpresak, ez daude horretarako prest. Eta hau guztia gutxi balitz, soldataren edozein igoera, absentismo-indizearekin lotetsi nahi dute. Soldaten eguneratzea absentzia indizeari lotzea onartzen baldin badugu, gure osasuna zaintzeko eskubidearen aurkako eraso gordina baimentzen ariko ginateke. Gure gorputza zaintzeko eskubidea dugu, are gehiago mediku batek hala agintzen duenean. Osasunaren eta soldata duinaren arteko hautua egitera behartuko gintuzkete.
Ez dugu astakeria honen aurrean amore emango! Horregatik irmo jarraitzen dugu eta ez diogu guretzat eta gure familientzat duina izango den bizitzari uko egiten. Taula-joko honen fitxarik ahulenentzat hartu gaituzte, lan-erreformak oraindik eta botere gehiago eman dielako, baina zeinen oker dauden erakutsiko diegu. Nekatuta gaude eta ez dugu onartuko, inondik inora, gure eskubideak murrizten jarraitzerik. Ikastetxeetako garbiketa burutzen dugu, hauen garapen egokirako ezinbestekoa den funtzioa, eta ez dugu etengabeko prekarizazio prozesu honen aurrean sorgor egingo. Horregatik, urrian, zenbait mobilizaziori hasiera emango diegu, patronalak bere asmoetan atzera egiten ez badu, mobilizazio segida hau greban buka daiteke.
Hitzarmen duin baten alde borrokan, elkarrekin geldiezinak izango gara!
ELA – UGT – LAB – ESK – CCOO