Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko negoziatzeko batzorde intersektorialean UPV/EHUko kontziliazio-neurriak hobetzeko akordio bat adostu genuen Martxoaren 10ean sindikatuok eta zuzendaritzak. LABek gaur, akordio bera sinatuko du langileek bizitza pertsonala eta laborala uztartzeko noranzkoan aurrerapausoa baita; hala ere, azaldu behar dugu bide luzea dagoela unibertsitatean benetako politika feministak ezarri ahal izateko. Gure ustez, aukera galdua izan da UPV/EHUri gizarteak eskatzen dion aitzindaritasuna, berdintasun-politiketan ere, erakusteko.
2020ean UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzak unibertsitateko langile-kolektiboei (AZP funtzionario eta laboralak, IRI funtzionario eta laboralak) zegozkien eta indarrean ziren kontziliazio-neurriak jaso zituen Kontziliazio Gida batean, III. Berdintasun Planaren 4.3.3. puntuan jasotzen zen bezala. Horrekin batera, eta planaren 4.3.4. puntuan idatzitakoari eutsiz, neurri horiek hobetzeko negoziazioa ireki zen batzorde intersektorialaren barruan, non sindikatu guztiok ordezkatuta gauden.
Negoziazio horren bidez, alde batetik, indarrean zeuden eta Lan Hitzarmenetan edo Funtzionarioen Lan-Baldintzak Arautzen dituen Akordioan jasotako neurrietan 2019ko martxoaren 6/2019 Erret Dekretuak lehen eta 2021eko LPGE delakoak ondoren baimen eta kontziliazio neurrietan eragindako aldaketak jasotzeaz gainera, LABetik sakoneko gogoeta eta unibertsitatean benetako berdintasun-politika ezartzeko bidean, hainbat ekarpen aurkeztu genituen, horietako asko, afiliatuekiko hartu-eman zuzenetik jasotakoak.
Sinaturiko akordioan, horietako neurri batzuk jaso dira, esaterako, guraso bakarreko familientzako seme-alaben zaintzarako baimena handitzea, IRIen baimenek epealdiak derrigorrezko etenaldiak borondatezko bihurtzea edo eszedentzia eta baimen batzuk langile-kolektibo guztiei berdin aplikatzea… Hala ere, beste proposamen batzuk, kontziliazio eta berdintasun-politiketan benetako aurrerapausoak izango zirenak, ez dira aurrera joan, gizarteak eskatzen duen arren, are gehiago Pandemiak zaintzarik gabeko lan-bizitza sostengarria ez dela agerian utzi eta gero. Esaterako, ez dugu onartzen zuzendaritzak telelanaren inguruan egiten duen interpretazioa, langilearen eskubidea kopuruen diskrezionalitatearen arabera murriztuz. Ildo berean, neurri horiek batzorde intersektorialaren mahaitik atera izana salatu dugu.
LABek, akordioa sinatu eta aldi berean konpromiso irmoa eskatu dio zuzendaritzari telelana eta eszedentzien inguruko negoziazioak indartzeko, epe motzean arlo horietan ere hobekuntzak izan ditzagun. Era berean, LABetik gizonen eta emakumeen artean dagoen genero-arrakala desagerrarazi arte neurri sendoak eskatzen eta UPV/EHUn politika feministak ezartzearen alde lan egiten jarraituko dugu.
Gehigarriak: