Gobernu Kontseiluak AZPren 2016ko Lan Eskaintza Publikoa onartu du

Deialdiei dagozkien oinarrien gutxieneko irizpideei buruzko bermeen Akordioa  ere berretsi du
2016ko uztailaren 7an, Gobernu Kontseiluak, aurtengo Lan Eskaintza Publikoaren deialdiarekin batera, UPV/EHUko AZPren Lan Eskaintza Publikoen oinarri orokor eta espezifikoak lantzeko gutxieneko irizpideei buruzko bermeen Akordioa berretsi du, ia aho batez.
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek sinaturiko Akordio honek Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalari enplegu finkoa lortzea eragozten zion blokeo egoera bati amaiera ematen dio.
AURREKARIAK: AZPren EGONKORTASUNA
Enplegu publikoan behin-betiko lanpostua lortzeko oztopoak etengabeak izan dira UPV/EHUn. Unibertsitateko zuzendaritzaren utzikeriari eta Eusko Jaurlaritzaren axolagabekeriari, ordezkaritza sindikalaren sektore batek AZPren egonkortasunari eginiko boikota eta azkenaldian, lan eskaintza publiko osoak egiteko PP-ren gobernu neoliberalak ezarritako debekua gehitu behar zaizkie.
2006ko Egonkortasun Akordioak -LABek babesturiko lege-ekimen bati esker erdietsi zena- AZPrentzako bermeak zituen LEP bat deitzea ahalbidetu zuen. Aitzitik, 2011ko PPren gobernuaren debekuak prozesua zapuztu zuen eta funtzionariei zegozkien plazen deialdiak soilik gauzatu ziren.
2015ean, AZPn eman ziren jubilazioen %50eko erreposizio-tasaren ondorioz 10 plaza jasoko zituen LEP deialdi bat egitea ahalbidetzen zen, baina UPV/EHUk irakaslegoaren egonkortasuna bultzatzea hautatu zuen eta AZPri zegokiokeena IIPrentzat erabilia izan zen.
PROZESU NEGOZIATZAILEA
Otsailean, jadanik %100aren erreposizio-tasarekin eta 2015ean IIPri “utzitako” 10 plazak kontutan hartuz, AZPren 44 plazen  Lan Eskaintza Publikoaren negoziazioak hasi ziren.
Ondorengo hiru hilabeteetan berme gehien eta hobeak eskaintzen zituen bidea 2006ko Egonkortasun Akordioaren eta 2004ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Legean jasotako 4. aldi baterako xedapenaren babesean deituriko deialdia izango zela egiaztatu zen. Hots, modu esplizituan oposaketa-lehiaketa hautatze sisteman oinarrituriko bidea, alegia.
EBEPek baimentzen duen enpleguaren kontsolidazioaren bideak, jadanik UPV/EHUko AZPk aitortua duenaren aldean, ez duela ezer hoberik eskaintzen ere aitortu zen. Eta ildo beretik ondorioztatu zen Euskal Enplegu Publikoaren proiektuan jasotako kontsolidazio aurreikuspenak ere ez direla aplikagarriak izango AZPko kide guztientzat.
Aitzitik, negoziaketetan egiaztatu zen unibertsitateko zuzendaritzak egindako proposamenak, hau da, 2016ko Lan Eskaintza Publikoan eskainiko ziren plazak egonkortasuna aitortuta duten langileenak eta hain zuzen ere plantilla gabeziak dituzten arlokoak izatearenak, egungo egonkortasunari bermeak erantsiko lizkiokeela kaleratzeak ekiditze aldera.
Aldi berean, 2016, 2017 eta 2018ko LEPak deialdi bakar batean egiteko aukera mahai-gaineratu zen.
AZP laboralen artean behin-behinekotasun tasa %80tik gorakoa denean eta funtzionarioetan %50tik gorakoa, 2016ko LEPari zegozkiokeen 44 plazak galtzea luxua izateaz gain arduragabekeria galanta litzateke. Aldiz, eta nahiz eta 3/2001 Unibertsitateen Lege Organikoak (LOU) 75. artikuluan, unibertsitate publikoetan AZPren hautaketa, sarrerarako hautaketa-probak gainditzearen bitartez izan behar dela ezarri arren, unibertsitateko zuzendaritzak 2016ko maiatzaren 17ko bileran, LEP deialdia meritu lehiaketa bitartez deitzeko aukera berria proposatu zuen.
Ordezkaritza sindikalari eginiko AHO BATEZKO exijentziaren aurrean, LABek lehiaketaren bideragarritasunaren inguruan zerbitzu juridikoen bermea eskatu zuen, bide hau erabiltzearen porrotak egonkortasunaren eta lanpoltsetako lehentasunaren eskubideak galtzea ekar lezakeelako.
Hala ere, egoera honen aurrean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuak lehiaketa bidezko LEParen bidea onartzeko prest agertu ziren, baldin eta UPV/EHUk bere aldetik egonkortasun akordioan jasotako eskubideak mantentzea, proposaturiko hautaketa sistema deialdi guztietan erabiltzea eta oinarriak eta deitutako plazak negoziatzeko bermeak eskaintzen bazituen.
Unibertsitate zuzendaritzak eskatutako konpromisoak betetzeko ezintasuna onartuz proposamena baztertu zuen eta negoziaketak zeuden puntutik berriz hartzea hobetsi zuen.
2016KO LAN ESKAINTZA PUBLIKOA ETA DEIALDIEN OINARRIEN GUTXIENEKO IRIZPIDEEN BERMEEN AKORDIOA
UPV/EHUn Lan Eskaintza Publikoa onartzeko eskumena Gobernu Kontseiluarena bada ere -PPren gobernuak administrazio publikoei inposaturiko parametroetan- ordezkaritza sindikalarena deialdien oinarrien negoziaziora mugatzen da.
Aipatu negoziazio prozesu horren barruan, ekainaren 9an 2016an eskainiko ziren lanpostuak zehazteko aldez aurretiko akordioa lortu zen eta aldi berean, 2016ko zein etorkizuneko LEPen oinarri orokor eta espezifikoen gutxieneko irizpideak adosteko unibertsitate zuzendaritzaren konpromisoa ere lortu zen.
2016ko LEParen edukia
Gobernu Kontseiluan 2016ko uztailaren 7an onarturiko deialdian, eskaintza publikoa osatuko duten plazekin batera deialdiaren eduki formalak jasotzen dira.
Hain zuzen ere, AZPko pertsonal laboralari dagozkion kategoria eta espezialitateetan sailkaturiko 44 lanpostu dira. Gaur egun lanpostu guzti hauek 3. LEPa burutu arte enpleguaren mantentzea aitortua duten langileek betetzen dituzte eta plantillaren arlo defizitarioetakoak dira, horrela LEParen ondorengo birkokapenak erraztuko direlakoan.
Gobernu Kontseiluak onarturiko Lan Eskaintza Publikoaren zehaztasunak I ERANSKINEAN ikus daitezke.
2016ko Ekainaren 30eko Akordioaren edukia, LEPen oinarri orokor eta espezifikoek errespetatu beharreko gutxieneko irizpideen bermeei buruzkoa.
Gobernu Kontseiluak berretsitako eta LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek sinatutako Akordio hau, hitzaurrea eta sei atalek osatzen dute.
Hitzaurrean 2016, 2017 eta 2018 urteei dagozkien LEPak DEIALDI BAKARREAN egiteko aukera jasotzen da. Era berean, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen 4. aldi baterako xedapenean jasotzen denaren arabera, oposaketa-lehiaketa hautaketa sistemak, 2006ko Egonkortasun akordioan aitortutako bermeak izango ditu.
Hala ere, aipatutako 2006ko akordioan AZPko kideei aitorturiko eskubideak espreski bermatzen dituen beste xedapen legeren bitartez babesturiko edozein sarbide sistema erabiltzeari,  atea zabalik uzten zaio.
Lehenengo atalean hautaketa epaimahaien osaketari buruzkoa da eta bertan ziurtatzen da epaimahai bakoitza gehienbat UPV/EHUko AZPko kideez osatua egongo dela.
Bigarren atalean oposaketa-lehiaketaren 2 faseak zehazten dira. Oposaketa faserako froga teoriko-praktikoa  jasotzen da, derrigorrez egin behar diren eta BAZTERTZAILEAK EZ diren bi zatiz osatua. Lehenengo zatian aurretiaz ezagutuko diren multzo zabalago batetatik ateratako test motako galdetegiari erantzun beharko zaio; erantzun gabekoak edo erantzun okerrak ez dira zigortuko. Bigarren zatia, akordioan jasotako ariketa ereduen artetik bat egitean datza; beti ere test motako ariketa praktiko bat egiteko aukera egongo da, lanpostuarekin zerikusia duten galdera multzo batetik aterako direnak. Lehiaketa faserako bermatuta dago UPV/EHUn emandako zerbitzuekin bakarrik lortu daitekeela oposaketa fasearen %45a -baimenduta dagoen gehiengoa- eta era berean beste titulazioei, hizkuntzei eta euskarari emandako balorazioak jasotzen dira.
Hirugarren atalean berdinketak hausteko gainditutakoen hurrenkeraren irizpideak zehazten dira.
Laugarren atalean behin-behineko pertsonalaren egonkortasuna bermatzen da; hain zuzen ere 2006ko Akordioaren bitartez aitortuta dutenei eta aldi berean lan poltsetan egonik UPV/EHUn zerbitzuak eman dituztenen lehentasuna zehazten da.
Bosgarren eta seigarren atalek 2016ko Lan Eskaintza Publikoko plazak zehazteaz gain etorkizuneko eskaintza publikoei akordio honen aplikagarritasuna jasotzen da.
2016ko ekainaren 30eko Akordioa osorik dago II ERANSKINEAN.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude