Planto egiteko 7.680 arrazoi baino gehiago
Emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasunei buruzko datuak irakurtzean, soldata arrakala deritzona, pertsona asko harritu egiten da, “lan berdina, soldata berdina” printzipioa betetzen ez dela ikusten dutenean. Gaur egun, ezberdintasun handia dago ordea, lan bati ematen zaion balioA lan hori nork egiten duenaren arabera neurtzen baita, eta ondorioz, horrek ezberdintasunak dakartza soldatetan, aitortza sozialean eta ardura (edota ardura faltan) sozial eta instituzionalean; lan ba-tzuek jendarteari egiten dioten ekarpena gutxietsiz (adibidez, zaintza lanak).
Soldata arrakala, sistema kapitalistak emakumeok egindako lanak bigarren mailan kokatzeko tresna garrantzitsua da, nahiz eta bakarra ez izan. Datu garrantzitsu honek, argi uzten du, gure lana ez dagoela dagokion bezala baloratua, ez aitortua, ezta berdin ordaindua ere nahiz eta gizon batek egiten duen lan bera egin. Horrela, argi utzi nahi digute, gure presentzia lan munduan eta produkzioan ez dela gustukoa, bigarren mailakoak garela. Eta gure espazioa pribatua dela, zaintza lanak egin behar ditugula eta doanik gainera.
Beraz, soldata arrakala ez da kasualitatea eta helburu argia dauka: gure lana gutxiestea eta lan produktiboaren balioa indartzea; eta noski, zaintza lanak ikusezin, ezkutuko eta eremu pribatuko bihurtuz.
Guzti honekin, gure lana ez dela garrantzitsua eta beharrezkoa azalarazi nahi dute, gure etsipena nahi dute, zaintza lanetara bueltatzea nahi dute eta gure lana mespretxatu nahi dute.
Azpimarragarria da, aitortza gutxien duten lan horiek direla sistemari gutxien interesatzen zaizkionak baina, era berean, beharrezkoenak dira pertsonon ongizaterako eta bizirauterako.
Beraz, aipatu ez arren, eta kuantifikatzeko borondaterik ere ez egon arren, dagoen soldata arrakala handiena soldata truke lan egiten duenaren eta aitortzarik ez duelako lana doanik egin behar dutenen artekoa da. Edota, gure artean, emakumeon artean dauden soldata bereizketak adinaren, egoera administratiboaren, jatorriaren, klase sozialaren edota aniztasun funtzionalaren arabera.
Nazkatuta gaude! Gure lanek balioa dute eta, horregatik, planto egingo dugu:
Soldata arrakalak, jazarpen sexuala, gure lanen aitortza (soldatapekoak izan edo ez), gure esplotazio eta prekarizazioa onar-tzen duten politika instituzional neoliberalak, soldatapeko lanetatik urruntzen gaituzten kontziliazio neurri iruzurtiak, ardura partekaturako politika erreal falta, jaiotza sustatzeko politika atzerakoiak eta, gainera, zaintza lanetarako erantzukizun sozialarekin loturarik gabekoa, soldatapeko lanari zuzenean loturiko eskubideak, lanaren banaketan dagoen bidegabekeria eta ondoriozko prekarizazioa eta gure egoera administratibo edo jatorriagatik herritartasun edo naziotasun aitortza falta, soldatapeko lana eduki behar izana sistemak inposatutako baldintza negargarrietan eskubideak aitortuak izateko…
Martxoaren 8an kalera aterako gara mugimendu feministaren deialdiarekin bat eginez, eta salatuko ditugu:
Zaintza lanen eta lan horien banaketa ez justuaren arduragabekeria soziala, etxeko langileen lan eskubide gabezia, sexuaren eta etniaren araberako lan banaketa, zaintza lanetara “derrigortzen” gaituzten murrizketak: osasun zerbitzuetan, hezkun-tzan, gizarte eta dependentzia zerbitzuetan, kristalezko sabai eta paretak edota soldatapeko lanetan ditugun baldintza okerragoak: kontratuen behin behinekotasuna, lanaldi partzialak, baldintza prekarioak, kontratatzailearen arabera “lan berdinagatik, soldata ezberdinak”… Eta guzti horrek gure soldatetan duen eragina, gure ibilbide profesionalean sortutako mugak, osasunean, pentsioetan, eta finean, gure bizi baldintzetan.
Arrazoi hauengatik eta beste askogatik, martxoaren 8an planto!
Kalera aterako gara, gure arteko ezberdintasunak errespetatuz, sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka borrokatzeko!
Kartela (pdf)
Eskuorria (pdf)