Gezur, demagogia eta interes partidistak giroa lokazten ari diren hauteskunde sindikalen aurreko garai honetan, LABek langileen aldeko negoziazioa aldarrikatzen du. EHUren azken aldebakarreko erabakien aurrean, erretiroaren akordioak puskatzea esaterako, LABek jarrera argia du: alde batetik kalean eta epaitegietan salatu du erabaki hau; eta bestetik ikertzaileen prekarizazioaren bezalako gaiak bertan behera ez geratzeko negoziazio prozesuekin jarraitzeko erabaki irmoa hartu du. Hau zen momentua ikertzaileentzako soldaten hobekuntzak lotzeko, 2023ko EHUko aurrekontuak egiten ari direnean, bestela ez zen aukerarik izango aurten hobekuntzarik izateko. Harritzen gaitu interes elektoralengatik sindikatu batzuek honen aurka egitea. Minoria batek ezin du betatu horrelako langileentzako hobekuntzak.
Testuinguru honetan, ikertzaileei dagokienez urteak daramatzagu soldatak duintzeko borrokan, bide judiziala eta negoziazioarekin uztartuta. EPIPFa indarrean sartu zenean eta EHUk doktoretza aurreko soldatak estatutuan jasotzen denari egokitu ez zituenean, borroka judizial sutsuari ekin genion eta irabazi ere. 2021eko abenduan behin-behineko ikertzaileen soldaten akordioa sinatzea lortu genuen sindikatuen ordezkaritzaren % 81,5ek babestuta. Baina, esan genuen moduan, borroka ez zen horrekin bukatzen. Akordioak 2023an doktoretza aurreko ikertzaileen soldata igotzeko aukera irekitzen zuen eta hori eta beste hobekuntza batzuk negoziatzea eskatu genuen iazko uztailean, besteak beste: doktoretza aurreko ikertzaileen soldata igoera eta gainerako ikertzaileei soldataren egokitzea berehala gauzatzea; beren egoera ekonomiko larriaz konturatuta Estatutik kanpo dauden Margarita Salas ikertzaileentzako soldata osagarri unibertsala onartzea; PFEZa ez atxikitzea (EAEko foru arauek ezarritakoa betetzeko). Kostata, baina lortu genuen Administrazioa negoziazio horretan sartzea. Eduki ditugun azken negoziazio bileretan Administraziotik lortu ditugun konpromisoak ondorengoak dira:
- Doktoretza aurreko ikertzaileak: 2023ko urtarriletik bere soldata % 1,5 igotzea, langile publikoen soldata igoeraz aparte, eta 2024ko uztailean, beranduenez, beste % 3,5. Ondorioz, 2024an doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak kalkulatzeko irakasle atxikiaren soldataren % 100 izango da (ondoren, Estatutuan ezartzen diren portzentajeak aplikatuko dira).
- Estatutik kanpo dauden doktoretza osteko ikertzaileentzako soldata osagarri bat.
- Berehalako soldata egokitzapena EPIPF aurreko Ministerioko doktoretza aurreko ikertzaileentzat (2019ko martxoaren 1a baino lehenagoko kontratuak).
- Maria Zambrano doktoretza osteko ikertzaileen soldatarako, irakasle agregatuena ezartzea.
Behin Administrazioak aipatutako konpromisoak hartuta eta negoziazio mahaian gauden sindikatuek IRI laboralen gehiengoa ordezkatzen dugula kontuan hartuta (% 66,6), erabaki dugu hobekuntza hauek jasoko dituen akordioa hauteskunde sindikalen ostean egitea, une honetan negoziazio mahaietatik kanpo dauden beste sindikatuek akordioaren azken idazketan parte hartzeko aukera izan dezaten egokia iruditzen bazaie.
LABek jarraituko du lanean ondorengo urteetan ikerkuntza ibilbide osoaren defentsan, eta behin-behineko ikertzaileen lan-baldintzak hobetzen saiatzen, besteak beste, doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak duintzeko, hau da, egungo laguntzaile soldatara iritsi arte.
Aitzakiarik gabe, lan baldintza duinak EHUko ikertzaile guztientzat!
2 erantzun “Hau da momentua ikertzaileen lan-baldintzak lortzeko! Administrazioak hartutako konpromisoak” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.