Hauek ez dira UPV/EHU-k merezi eta behar dituen Aurrekontuak

Gaur UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2017ko Aurrekontuak onartu ditu. LABek aurrekontu hauek errefusatzen ditu Unibertsitate publikoak dituen behar eta konpromisoei aurre egiteko guztiz ez nahikoak direlako eta Gobernu espainiarrak eta Eusko Jaurlaritzak inposatutako mugak, eta ondorioz, 2012tik aurrera ezarritako murrizketak mantendu eta onartzen jarraitzen direlako.
Jaurlaritzak EHUrako aurreikusi duen aurtengo 303,97 milioiko diru ekarpena iazkoa baino 4 milioi € gutxiago izatea larria da. Aipatu jaitsieraren eragina ez da koiunturala, hain zuzen ere unibertsitatearen egiturazkoak diren elementuei eragiten die, defizit estrukturalak gero eta handiagoak izatea eragiten duelarik. Horregatik, larria da:

  •  langileekin onartutako konpromisoak ez betetzea eta langile guztion beharrei ez erantzutea, horren ondorioz, prekarietatea, soldatetan jasandako murrizketak, izozketak… mantentzen dira eta lan-baldintzak okertzen dira.
  • irakaskuntza zein funtzionamendu arruntean emandako murrizketek bere horretan segitzea (-%40): ikastegi eta sailetan, zerbitzuetan, laborategietan …
  • Jaurlaritzak ikerkuntzara bideratzen dituen aurrekontu-partidetan UPV/EHUk lehentasuna ez izatea, nahiz eta bera den alor horretako eragile nagusia Erkidegoan. Irrigarria da Jaurlaritzak 2017ko bere Aurrekontuetan EHUri egingo dion diru ekarpena BPG-ren % 0,42koa izatea, Jaurlaritzak berak 2020rako Unibertsitate Sistemara BPG-ren %1,2 bideratuko zuela agindu bazuen ere.
  • eraikinen zein azpiegituren mantenu eta hobekuntzarako aurrekontua ezin eskasagoa izatea.
  • unibertsitate pribatu bat bere Medikuntza Fakultatea zabaltzeko lanak burutzen ari den bitartean, EHUko Medikuntza Fakultate berria Bilbon eraikitzeko inbertsiorik ez aurreikustea. Hau da, Unibertsitate Planaren arabera Jaurlaritzak egin beharko lukeen 1,2 milioi €-ko ekarpena ez jasotzea eta proiektua beste urte betez atzeratzea. Onartezina den bezala Unibertsitate Planean jasotakoa, hots, Fakultate berriaren eraikuntza-gastuen %30a unibertsitate publikoak finantzatzeko modua bilatu behar izatea.
  • Eusko Jaurlaritzari akordioak betetzea eskatu beharrean, unibertsitateak bere gain hartzea nahikoa ez den finantziazio publikoa osatzeko ardura, horretarako aurreko urteetako soberakinak erabiliz, hau da, funts propioak xahutuz eta berezko diru-sarrera ezberdinen aurreikuspenak handitzera behartuz.
  • Unibertsitate Planaren bidez behin behineko finantziazioa erabiltzea unibertsitate publiko baten egitura sostengatzeko.

2012tik hona EHU Jaurlaritzaren aldetik jasaten ari den etengabeko aurrekontu-murrizketen aurrean, egoeraren larritasunari heltzeko eta EHUk, Euskal Unibertsitate Sistemaren baitan duen funtsezko papera aintzat hartua izateko unibertsitate komunitate osoak publikoki aldarrikatzeko unea heldu da.
Ez dago denbora galtzerik. Errektoregoari dagozkigun eskubideak errespetatzeko exijitu behar diogu. Eta Eusko Jaurlaritzari murrizketekin bukatu eta EHUri bere eginkizun guztiak eta bere langileekiko konpromisoak bete ahal izateko behar besteko finantziazioa bermatu behar diola.
Azken honetan Errektore taldeak hartu beharko luke aitzindaritza, ekimen berriak planteatuz. Bide horretan LAB, beste eragile sindikal, sozial eta politikoekin batera, bidaide izateko prest legoke. Eta edozein kasutan, gure esku dauden tresnak erabiliko ditugu 2018an egoera honi buelta emateko. Ez da besoak gurutzatuta geratzeko unea, Gasteizetik eta Madriletik zer datorkigun zai. LAB ez da geldirik geratuko unibertsitate publikoaren egoera urterik urte larriagotzen ikusten dugun bitartean.