Bilboko Ingeniaritza Eskolak ikasle eta graduatuentzako jardunaldi bat antolatu du San Mames estadioan. Jardunaldian ikasleek aukera izan dute enpresak ezagutzeko eta haiekin lehenengo kontaktu bat izateko. Bada, enpresen artean armagintzan aritzen direnak badaude ere. Hala, elkarretaratzea egin dugu Euskal Herriko Unibertsitateak armagintzarekin dauzkan kolaborazioak salatzeko, “UPV/EHU moztu kolaborazioa” plataformak deituta. Plataforma honen baitan dago LAB, hainbat eragilerekin batera.
“UPV/EHU, moztu kolaborazioa” plataformaren komunikatua:
Gaur, otsailaren 6a, San Mameseko atarian kontzentratu gara barruan garatzen ari den lan jardunaldia eta enpresen aurkezpenaren harira, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak antolatuta. Izan ere, ikasleei lanbide posibleak erakusten zaizkien ekimen honetan armagintzan aritzen diren enpresa batzuk daude.
Jardunaldi mota hauek ez dira berriak, ezta UPV/EHUtik eta, bereziki, Bilboko Ingeniaritza Eskolatik armagintzarekiko eta militarismoarekin izandako kolaborazioak ere. Hain zuzen ere, azken urteetan UPV/EHUk hainbat ikastaro eta mintegi antolatu ditu Defentsa Ministerioarekin batera1, 2019ko uztailean Elkano goraipatzeko estropadan parte hartu zuen El Saltillo itsasontziaren bidez Armadaren gerraontziaren alboan2, Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialaren parte da armagintza eta Defentsa Ministerioaren entitate batzuekin batera3, edota armagintzan parte hartzen duten zenbait euskal enpresekin hitzarmen eta kolaborazioak ditu, ikasleek praktikak egiteko baita ikerketa garatzeko ere.
Oraingo ekimen honetan, ikasleek eta graduatuek aukera izango dute armagintzari lotutako aktibitateak dauzkaten enpresetara hurbiltzeko, Sener ala ITP kasu. Modu honetan, era zuzenago edo ez hain zuzenago beste herrien suntsiketaren erantzuleak diren enpresetan lan egitea eta enpresa hauekiko kolaborazioak izatea normaltzat agertzen da. Honen aurrean esan nahi dugu lanaren, ikerketaren edota garapenaren aitzakiapean dena ez dela zilegia. UPV/EHUko zuzendaritzatik ohikoak dira aipamenak balioei, etikari, jasangarritasunari, begiruneari… baina ez omen dago arazo handirik hemendik milaka kilometrotara heriotza eta suntsiketa eragiten dituzten jardueretan parte hartzeko, unibertsitate publikoan garatutako ezagutzaren parte bat horretara bideratuz. Izan ere, zuzendaritzaren jarrera itxuratia da, dokumentatuta eta eskuragarri dauden harreman hauek ukatuz (edozein kasutan, kontuan hartu behar da kontratu eta kolaborazio gehienak ez direla publikoak; bestela, zerrenda luzeagoa izango litzateke), legalitatearen barruan daudela argudiatuz edota gerra aktibitateetara ez daudela bideratuta esanez.
Adibide bat jartzeagatik, 2019ko azaroan egindako klaustroan galdera bat igorri zitzaion Gobernu taldeari, haiek beraiek iragarritako ikerketa eta berrikuntza politika eta praktika arduratsuei buruz, praktika arduratsu horien artean armagintzari lotutako enpresa eta entitateekin ez kolaboratzea ezarriko zen galdetuz. Erantzuna ukazio biribila izan zen: “Gaurdaino ez da horrelako neurririk ezartzeko beharrik sumatu, ez baita gauzatu armagintzan eragina duen kolaboraziorik UPV/EHUren eta bestelako erakundeen artean”. Baina ukazioak ezin du errealitatea ezabatu.
Horregatik guztiagatik kontzentratu gara gaur hemen, beste herrien suntsiketarekin eta pertsonen heriotzarekin aberasten diren enpresak ongi etorriak ez direla esateko, UPV/EHUren zuzendaritzak beste aldera begiratze eta justifikazio jarrerak alboratzeko eskatzeko eta unibertsitate publikoak armagintza eta militarismoari lotutako enpresa zein entitateekin dauzkan harremanak bertan behera uzteko exijitzeko.
“Gerra eman eta zabal zazu” ez dadila izan UPV/EHUko leloa.
“UPV/EHU, moztu kolaborazioa” plataforma
Bilbo, 2020ko otsailaren 6a
1 2013an ikasleei zuzendutako bakea, segurtasuna eta defentsari buruzko mintegia (420/38153/2013 ebazpena, Defentsa Ministerioarena; BOE 286, 2013ko azaroaren 29koa), 2016ko uztailean UPV/EHUko Ingeniaritza Eskola egindako Structural Health Monitoring of Military Vehicles adituen topaketa (NATOko zientzia eta teknologiaren erakundearekin eta Defentsa Ministerioaren Arma eta Materialen Zuzendaritza orokorrarekin batera antolatuta; http://www.tecnologiaeinnovacion.defensa.gob.es/es-es/Contenido/Paginas/detalleevento.aspx?eventoID=285) edota 2017ko uztailean Donostian egindako La seguridad y la defensa de Europa uda ikastaroa (https://www.uik.eus/eu/la-seguridad-y-defensa-de-europa), Ejertzitoaren lau ofizialen parte-hartzearekin.
3 UPV/EHUren parte-hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean (https://plataforma-aeroespacial.es/pae/miembros/universidades/), 2017ko urtarrilaren 26ko Gobernu kontseiluan onartua. Plataforma honen bazkideen artean honako hauek daude: TEDAE (Estatuko armagintza enpresen patronala, bere egoitza Plataforma honekin konpartitzen), INTA (Defentsa Ministerioaren ikerketa organismoa), DGAM (Defentsa Ministerioaren Arma eta Material Zuzendaritza Orokorra) eta armagintzan aritzen diren enpresa batzuk.