Hezkuntza akordioaren inguruko eztabaida ireki da EAEn eta, era berean, gogoeta Euskal Herri osora zabaltzeko ekimenak abian jarri dira. Horren aurrean LABek egiten duen irakurketa eta plazaratzen dituen proposamenak biltzen dira dokumentu honetan.
EAEko hezkuntza akordioa: baliatu dezagun aukera
Euskal Herriko hezkuntza eremuan antzematen ziren arazo, blokeo eta ika-miken aurrean ekarpen eraikitzailea egin asmoz, “Euskal Eskola Publiko Komunitarioa”ren proposamena plazaratu zuen LABek duela hiru urte. Labur bilduz, Euskal Herriko hezkuntza sistema burujabe eta propioa lortze bidean honako oinarri hauek biltzen ziren bertan:
- Hezkuntza sistema duala, hizkuntza ereduak eta segregazio aldagai oro gainditzeko beharra.
- Ortzimuga: euskal eskola publiko komunitarioa. Autonomian eta parte hartzean oinarritutako herri eta auzo eskolaz osatutako sare bakarra, konfluentziatik sortua. Titularitate publikoa eta parte hartze komunitarioa (hezkuntza komunitatearena nahiz inguruko jendartearena) uztartuko duena. Euskal curriculumean oinarrituta egongo dena.
- Tarteko eskenatokia: segregazio ororekin amaitu eta herritar guztiei hezkuntza euskaldun, feminista, laikoa, inklusiboa eta berdinzalea bermatzeko neurriak. Udala edo mankomunitatea izatea 0-18 bitarteko hezkuntzaren kudeaketaren eskumena duena, ikastetxeen titularra; eta hezkuntza komunitatea, berriz, hezkuntza-egitasmoaren subjektua.
Garai horretan bazirudien aldarrikatzen genuena ez zela posible. Eta gaur entzuten ditugu EAEko instituzio eta alderdi politikoak tarteko eszenatokian zehazten genituen antzeko neurriez hitz egiten. Positiboki baloratzen dugu eztabaida ireki izana, nahiz eta badiren ñabardura esanguratsuak eragile batzuen eta besteen artean. Garbi ikusten dugu aipatzen ari diren kontzeptuak norabide desberdinean erabili daitezkeela. Esaterako, baliabide ekonomikoen deszentralizazioaren aldeko apustua egin liteke ikuspegi eraldatzaile batetik, (horizontaltasuna, parte hartzea eta gardentasuna sustatzeko) ala ikuspegi neoliberal batetik (kalitate estandarren araberako lehia eta kudeaketa eredu gerentziala).
Honela, EAEko hezkuntza akordioaren inguruko eztabaida ireki izana aukera gisa dakusagu hezkuntza eraldatu nahi dugunontzat. Baina era berean jakin badakigu hezkuntza akordioa, neurri handi batean, hezkuntza ikuspegi desberdinen arteko indar harremanen ondorio izango dela.
0-18 urte bitarteko hezkuntza sistema ez-unibertsitarioaren eredu eta antolaketa eraldatzeko aukera dago jokoan. Bereziki, jaiotze-tasa eta matrikulazioaren beherakada dagoen testuinguru batean. Horregatik, eztabaida ireki izanaren aukera pultsu gisa ulertzen dugu guk, borroka eremu gisa, eta hor, langileon interesak defendatzen dituen akordioa erdiestea dagokigu. Beste inork ez baitu egingo.
Gure helburua, beraz, indar euskaltzale, feminista, ezkertiar, antiarrazista eta eraldatzaileak aktibatzea da, hezkuntza akordioa ahalik eta gehien gerturatu dadin euskal eskola publiko komunitarioaren ortzimuga horretara. Egungo egoera iraunaraztearekin ez gara konformatuko.
Ildo honetan, garrantzia handia ematen diogu hezkuntza komunitateak oro har eta zehazki hezkuntzako langileek eztabaida honetan izan behar duten rolari. Parte hartze espazioak eskatu eta baliatuko ditugu, gure proposamenak plazaratzeko. Era berean, gainontzeko hezkuntza eragile eta sindikatuekin harremanetan jarriko gara, adostasunak bilatu eta norabide berean borrokatzeko. Betiere gure autonomia oinarri izanik.
Hezkuntza antolaketari dagokionez, honako hauek dira gure eskakizun nagusienak:
- Segregazio oro gainditzeko neurriak hartu, besteak beste, kontrol publikoa bermatuko duen udal mailako planifikazioa eta eskolaratze prozedura bateratua ezarri; non udal horretan dauden eta finantziazio publikoa jasotzen duten eta titularitate ezberdinekoak diren eskoletako haur eta ikasleen matrikulazio eta eskolaratzea planifikatuko den. Doakotasun erreala bermatu, kuotak desagerraraziz eta euskararen murgiltze eta mantentze eredua garatu.
- Eskola eta ikastetxe guztietan udal mailatik kudeatuko den deszentralizazio orekatzailea aplikatu. Boterea eta baliabideak deszentralizatzeaz ari gara, ikastetxeetarako baliabideak era orekatuan banatzeaz. Zentzu horretan, egun, eskola publikoa baliabidez hornitu eta langile kolektibo ezberdinen plantillak egonkortzea lehentasunezkoa da. Deszentralizazioa, eskolek hezkuntza egitasmo iraunkor, autonomo, parte hartzaile eta eraginkorrak garatu ahal izateko; hezkuntza egitasmoaren subjektua bertako hezkuntza komunitatea izanik.
- Ituntze unibertsalarekin amaitu, egungo ituntze sistemaren arabera, finantziazio publikoak ez dauka inolako mugarik. Finantziazio publikoa jasotzen duten eskola guztietan bete beharreko irizpideak zehaztu eta horien inguruko jarraipena egin: euskalduntzea (hala egiten ez dutenei D eredurako ibilbide tasatua ezarriz), hezkidetza, laikotasuna, inklusioa, euskal curriculuma eta aukera berdintasuna. Haur eta ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak (eremu sozialari, ongizate fisiko eta psikikoari eta akademikoari erantzuten diotenak eta hauei lotuta, garapeneko autonomia, jolasa, emozioak, segurtasun afektiboa, natura, esperimentazioa, hizkuntza, jakintza, elikadura, gorputza, harremanak eta pentsamendu kritikoa) -eta soilik horiek- %100 finantzatuko dira, irizpide orekatzaileen arabera, sozialki baldintza zailagoetan daudenak gehiago lagunduz. Ezin izango da finantziazio iturri osagarririk erabili, desberdintasun aldagai izan daitekeelako. Sistema honen parte diren ikastetxeen baliabide gehigarriak udal horretako gainerako ikastetxeentzat eskuragarri jarriz.
- Finantziazio publikoa jasotzen duten ikastetxeen titularitatean esku hartze publikoa bermatu, udalak edo mankomunitateak ere parte hartu dezan ikastetxeen titularitatean, ikastetxearen jabetzaren parte izanik. Honela, sare bakarreranzko bidean, trantsizio gisa, bi titularitate mota leudeke: batetik, eskola publiko autonomoak; eta bestetik, titularitate mistoko eskolak (udala/mankomunitatea ikastetxeen jabetzaren parte izanik). Era berean, finantziazio publikoa jasotzen duten eskola mistoen jarduera amaituko balitz, klausula zehatzak ezarriz, bere azpiegiturak hezkuntza ondasun publikoen parte bilakatu beharko lirateke, espekulazio aukerari atea itxiz.
- Hezkuntzan inbertsioa handitu eta ratioak zein lan zamak jaitsi langile kolektibo guztietan. Inbertsioak hezkuntza prozesuen kalitatea handitzeko izan behar du, ez soilik lan zamak arintzeko. pedagogikoa kritikoetan oinarrituriko berrikuntzetan zein arlo estrategikoei dagokion (murgiltze eredua-pedagogia feminista-inklusioa) prestakuntzan eta baliabide materialetan inbertitu behar da.
Langileriari dagokionez, berriz:
- Hezkuntza lan guztien aitortza. Hezkuntza lan guztien (irakasle, haur hezitzaile, heziketa bereziko hezitzaile, sukaldari, garbitzaile, atezain, administrari, jantokiko begirale eta abar) eta etapa guztien (0-3 ziklotik hasita Batxilergoraino) balioa aitortu beharra dago, bi norabidetan. Batetik, jendartearen eta hezkuntza langileriaren arteko konpromisoa berritu beharra dago, estrategikoa den hezkuntza lanean bidelagun aritzeko. Bestetik, hezkuntza langile kolektiboen arteko desberdintasun eta desorekak zuzendu beharra dago, ikusezinak diren lanak aitortzeko ahalegina eginez.
- Hezkuntza lana eraginkortasunez garatu ahal izateko, ezinbesteko tresnak bermatu behar dituzte instituzioek, besteak beste, langileon egonkortasuna eta kontsolidazioa, azpikontratazioarekin bukatzea, ratioen jaitsiera, etengabeko prestakuntza (lehentasunez: euskalduntze eraginkorrerako estrategiak, ikasle etorkinak eskolan murgiltzeko programak, inklusioa eta aniztasunaren trataera, hezkidetza, berrikuntza pedagogiak) eta kontziliaziorako neurriak.
- Hezkuntza langile guztientzat prestakuntza, sarbide eta lan baldintza berberak izango dituen sistema diseinatu beharra dago. Sarbideari dagokionez, gaitasun eta merituetan oinarrituriko hautagai guztien arteko aukera berdintasuna, prozesuaren gardentasuna nahiz kontratazioaren gaineko kontrol publikoa (hezkuntza komunitatearena) eta gainbegiratze sindikala ziurtatu beharra dago. Sarbidea bakarra izan behar da eta kontratazioa administrazioak egingo du era deszentralizatuan. Hezkuntza komunitateak erabakitako hezkuntza egitasmoa garatzeko profilak zehaztuko ditu.
- Eremu publikoari begirako lehentasunezko neurri laboralak:
– Batetik, langile kolektibo ezberdinetan beharrezkoak ditugun LZak (lanpostu zerrendak) handitzea eta egokitzea, hauek euskarazko perfila dutela bermatuz. Norabide horretan, premiazkoa da behin-behinekotasunarekin amaitzea, kontsolidazio prozesuak burutzea eta EPE ereduak guztiz aldatzea.
– Bestetik, zaharkituta geratu diren lan hitzarmenak adostasunez berritzea, non aurretiaz aipaturiko neurriez gain (ratio eta lan zamen jaitsiera, kontziliaziorako neurriak, pribatizazioarekin bukatzeko neurriak, etengabeko formakuntza) gazteberritze planak, hezitzaile guztien lanaren aitortza (bereziki feminizaturik eta prekarizaturik dauden horiena), soldaten ekiparazioa (lan berdina, soldata berdina) zein lan arriskuen ebaluazioak eta egokitzapenak gauzatuko diren. - Konfluentziaren bidez hezkuntza sistema berrian integratuko diren itunpeko eskolak diren ikastolak eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileekiko lehentasunezko neurri laboralak:
– Ikastoletako zein gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileentzat, eremu publikoko langileen lan-baldintzen homologazio eta ekiparazioa lortzeko neurriak. Horrekin batera, kontratazioetan gardentasuna, langileen prestakuntza, euskara gaitasuna eta laikotasuna.