Komunikatu honek ikertzaile kolektibo desberdinentzako intereseko informazioa biltzen du.
- Doktorego aurreko ikerlariak
LAB sindikatuak EHUn langile kolektibo batzuk jasaten ari diren lan baldintza prekarioak aldatzeko pausoak ematen jarraitzen du. Bide horretan mugarri garrantzitsu bat 2021eko abenduan sinatutako Aldi baterako kontratatutako ikertzaileen hitzarmena izan zen.
Azken hileetan doktoretza aurreko ikerlariei lotutako arazo berri bat detektatu dugu. Izan ere, EHUn PFEZa (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, gazteleraz IRPFa) aplikatzen zaio kolektibo honi, EAEko Foru Ogasunetan errenta horiek salbuetsita egon arren (LABek Foru Aldundien araudietan konprobatu du gai hau). Horrela, ikertzaileek ez dute dagokien hileroko soldata osorik jasotzen eta errenta-aitorpena berrikusteko eskatu behar dute, atxikitako dirua berreskuratzeko. EAEko ogasunen foru arauetan (azpian estekak probintziaka) argi agertzen da: 9.artikuluaren 9.puntuak dioela salbuetsita egon behar direla erakunde publikoen EPIPF (103/2019 dekretua) motako laguntzak:
- Araba. Euskaraz.
- Araba. Gazteleraz.
- Bizkaia. Euskaraz.
- Bizkaia. Gazteleraz.
- Gipuzkoa. Euskaraz.
- Gipuzkoa. Gazteleraz.
Hala jasotzen da, adibidez, Bizkaiko kasuan (eta besteetan ere antzera dator):“Honako hauek ere salbuetsita egongo dira: batetik, administrazio publikoek eta aurreko paragrafoan aipatutako irabazi-asmorik gabeko entitateek eta banku-fundazioek martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak definitzen duen alorreko ikerketetarako emandako bekak (errege-dekretu horrek ikertzaile bekadunaren Estatutua onartzen du); bestetik, entitate horiek administrazio publikoetako funtzionarioei eta gainerako langileei nahiz unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileei ikerketak egiteko emandakoak.”
EHUn ordea, erretentzio bat ezartzen zaizue nominetan, % 8, 9 edo 12koa urtearen arabera (urteko gordina eta seme-alaba kopuruaren arabera desberdina izan daiteke). Ondoren, PFEZ egitean Foru Ogasunetan ez dira adi ibili zuen nomina EPIPF motako kontratu bati dagokiona aztertzean.
LABetik harremanetan jarri gara EHUko Administrazioarekin eta Foru Aldundien Ogasunekin egoera erregularizatzeko: batetik, EHUk erretentzioa burutu ez dezan, eta, bestetik, Foru Ogasunetan zuen kontratuen ordainketa salbuespena era automatikoan burutu dezaten. Baina oraindik ez dugu Ogasunaren idatzizko erantzunik jaso. Hala ere, egoeraren larritasuna ikusiaz eta orain arte atxikipen batzuk itzultzen hasi direnez, erreklamazio prozesuekin hasteko unea dela uste dugu, eta LABetik gomendatzen dizuegu doktorego aurreko ikertzaileei:
- Ogasunean azken urteetan PFEZa atxiki bazaizue, dirua dagokizun Foru Ogasunean itzultzea eskatzeko,
- Aurtengo errenta aitorpenean salbuetsita zaudetela adierazteko zuen EHUko kontratua eta 9.9 artikuluaren testua eramanez.
Azkenik, zure soldata ulertzeko zailtasunak badituzu gurekin kontaktuan jar zaitez, eta azalduko dizugu soldata berrien igoeren jatorriak.
- Margarita Salas doktoretza ondoko ikerlariak
“Margarita Salas” kontratuei dagokienez, LABek ere sinatu zuen akordioari esker urtean 31.874,03 euroko soldata gordin minimoa izatea lortu zen (EHUtik eskaintzen zen 25.570,78 euroko soldata nabari hobetuz), irakasle atxikien soldatarekin berdinduz. Baina, dekretuaren arabera Estatutik kanpo dauden ikertzaileek hilero dauzkaten gastuei aurre egiteko hilero 700 euro gordin gehiago jaso beharko lituzkete. Tamalez, EHUn lortu zen minimoak ez dio hobekuntzarik ekarri alderdi honetan. Ondorioz, Estatutik kanpo lanean dauden ikertzaileen urteko soldata gordina 31.963,47 eurotan mantentzen da, EHUn ezarri den minimotik oso gertu. Horregatik, EHUko estatu mailako zein atzerriko kontratuek pareko soldata dute, eta ulertzen dugu zailtasunak egotea atzerrian eguneroko gastuei aurre egiteko. Egoera hau mahai gainean jarriko dugu ikertzaileen akordioaren jarraipen batzordean.
- Kanpo finantziazioaren bidez (proiektuetarako) ikertzaileak kontratatzeko araudi berria
Kanpo finantziazioaren bidez kontratatutako ikertzaileei dagokienez, 2022ko martxoaren 31ko Gobernu Kontseiluan aurkeztu da kontratazioak egiteko prozedura berria. Abenduan Madrilen onartu zen Lan erreformaren 32/21 Errege Lege-Dekretuak 2022ko martxotik aurrera lan eta zerbitzu baterako kontraturik ezingo zela egin ezarri ostean, ezinbestekoa zen orain arte indarrean egon den kontratazio-arautegia aldatzea eta halaxe egingo da. Ikerketa proiektuak aurrera eramateko erabili izan da kontratazio-mota hau orain arte. Apiriletik aurrera bi kontratu mota egin ahal izango dira ikertzaile hauentzat: kontratu mugagabeak eta denbora baterako kontratuak (azken hauek Europako funtsekin finantziatutako estatuko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean kokatutako proiektuetan lan egiteko). Arautegi berrian aipatutako bi modalitateak erregulatzen badira ere, LABetik kontratu mugagabeak lehenestearen aldekoak gara. Esan beharra dago, gainera, negoziazio mahaira eramandako araudiaren lehenbiziko bertsioetan doktore diren ikertzaileentzat bi azpimodalitate bereizten zirela. LABen partetik horrek oinarririk ez zuela salatu ostean lortu zen azpimodalitate horiek baztertzea.
Aipatzekoa da baita ere, urte hasieran unibertsitateak lan eta zerbitzu baterako kontratuak gaizki egin zizkiela ikertzaile batzuei, sei hilabetekoak baino luzeagokoak zirelako lan erreformak ezarritakoaren aurka. Are okerrago, kontratua gaizki egin ondoren jakinarazpen bat bidali zien ikertzaile hauei kontratua sei hilabetera murrizten zuen eranskin bat sina zezatela eskatuz. Sindikatuen eskaeren aurrean Errektoreordeak beraien akatsa onartu eta kontratu horiek mugagabeak bilakatuko dira, ikertzaileek eranskina sinatu izana kontutan hartu gabe.
Kanpo finantziazioaren bidez kontratatutako ikertzaileena oso kolektibo prekarizatua da orokorrean. Baldintzak -dedikazioa eta iraupena- ikerketa taldeek jasotzen duten finantziazio ez-nahikora egokitu behar dira. Kasu askotan lanpostu hauek estrukturalak izan arren orain arte kontratuak bata bestearen atzetik kateatuz bete dira. Horrelako lanpostuak egonkortzeko moduak bilatu beharko lirateke. Kolektibo honen lan-baldintzen negoziazioa hurrengo hilabeteetarako programatuta geneukan, baina estatuko Zientzia Lege berria lantzen ari direnez, prozesua bukatu arte itxaron beharko dugu seguruenez.
Gai hauen inguruko argibideren bat behar baduzu, jar zaitezte kontaktuan LABeko bulegoekin:
Gasteizen
945 014 374
lab.gasteiz@ehu.eus
Leioan
946 012 436 | 946 015 288
lab.leioa@ehu.eus
Donostian
943 018 435 | 943 018 469
lab.donostia@ehu.eus
2 erantzun “Ikerlarien intereseko informazioa” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.