Ikertzaileak, soldata egokitzapena, kontratuen luzapenak eta plaza iraunkorrak

Doktoretza aurreko ikertzaileen soldaten egokitzapenaren auziak aurrera jarraitzen du. Doktoretza aurreko ikerlarien soldatak 2019ko martxoaren 16tik Estatuan indarrean dagoen EPIPFak (doktoretza aurreko ikertzaileen estatutuak) ezarritako gutxienekoetara egokitu ez zituztenez, LABek dei egin zuen jaso ez zituzten zenbatekoak erreklamatzera eta halaxe egin zuten hainbat ikertzailek. Harrezkero, erreklamatzaileen aldeko hainbat sententzia egon dira EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aldetik. Hala ere, UPV/EHUk sententzia hauek errekurritu ditu Madrilgo Auzitegi Gorenean. Bere langileen aldeko neurriak hartzeko oinarri juridikoa falta duela izan ohi da UPV/EHUren ohiko argumentua beste gatazka batzuetan. Justizia Auzitegi Nagusiaren aldeko epaiak ez dira, nonbait, ikerlari hauei legez dagozkien diruak ordaintzeko nahikoa oinarri juridiko. Ikusten denez, aurreko errektoretza taldeen praktika oker berarekin jarraitzeko hautua egin du honako taldeak ere: langileek lortutakoaren kontra jo, beren interes eta eskubideen aurka eginez.

Kontua ez da hor amaitzen, ordea. Izan ere, komunikatu berean esaten genizuen moduan, EHUko eta Eusko Jaurlaritzako deialdietako formazioan dauden ikertzaileen soldatak euren kontratuak berritzean EPIPFera egokituko diren arren, ez da horrelakorik gertatu Ministerioko deialdietako pertsonekin, ez behintzat Ministerioak konpentsazio hori finantzatzen ez duen bitartean. Eta honen aurrean sortzen zaigun galdera oso sinplea da: noiz arte jasan beharko dute diskriminazio hau? Noizko egokituko dira Ministerioko kontratu guztiak EPIPFera?

Pandemiaren eraginez beste kontu bat ere pil-pilean dago egun hauetan epe laburrean kontratuak amaitzen zaizkien ikerlarien kolektiboan. Izan ere, Ministerioak, Covid-19aren pandemiak sortutako egoerak arintzeko, doktoretza aurreko eta osteko ikerlarien kontratuak luzatzeko prestutasuna erakutsi baitu, “Plan de Choque para la Ciencia y la Innovación” delakoaren bitartez. Oraindik Senatuan tramitatzen ari omen da, baina, kontratuaren luzapena eskatzeko prozedura lehenbailehen argitzea beharrezkoa eta premiazkoa da. Eta, bide batez, Ministerioko kontratuen luzapenerako aukeraren aurrean, EHUko eta Jaurlaritzako deialdietako kontratuei ere aukera berdina zabaldu behar litzaiekeela aldarrikatzen dugu LABetik.

Ikertzaileekin jarraituz, galdera bat luzatu dugu momentu ezberdinetan I3 akreditazioa daukaten ikertzaileen etorkizunari buruz. Aurreko ikerkuntza errektoreordeak esaten zigun, legez erretserbatutako plaza iraunkor berrien %15a RyC izandako ikertzaileekin ez bazen betetzen, I3 akreditazioa zeukaten, bikaintasun programetan egondako ikertzaileekin betetzeko aukera egongo zela. Baina ez zitzaigun argitzen zein ziren “bikaintasun programa” zehatzak. 2020ko azaroaren 4ko Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak argitaratutako ebazpenean zehazten dira programa horiek. Beraz, orain, galdera honako hau da: eskainiko al zaizkie ikertzaile hauei bete gabe geratzen diren ikertzaile iraunkor plazak? Gogora dezagun 2018ko LEPeko plaza batzuk betetzeko geratzen direla oraindik, eta zer esanik ez 2019ko eta 2020ko LEPetakoak.

Ikertzaile eragiten dieten gai ezberdinak daude argitzeko, negoziatzeko eta irtenbide bat bilatzeko zain. Horregatik, Ikerkuntza errektoreordeari biltzeko eskaera luzatzen diogu berriz ere, kolektibo honek pairatzen dituen egoera hauei erantzuna emateko.

Erantzun bat “Ikertzaileak, soldata egokitzapena, kontratuen luzapenak eta plaza iraunkorrak” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.