Denbora luzez eskatzen aritu ondoren uztailaren 7an izan genuen, azkenik, Errektoretza talde berriarekin ikertzaileen inguruko gaiak lantzen hasteko lehen aukera. Aldi baterako ikertzaileen kontrataziorako araudi proposamen bat helarazi ziguten sindikatuoi. Baina EHUko ikerlarien egoeraren ikuspegi partziala da aurkeztu zigutena, araudi horrek inondik ere ez baititu jasotzen gaur gaurkoz EHUn lan egiten duten ikerlarien figura guztiak. Ez lirateke hor sartuko, besteak beste, kanpo-finantziazioarekin kontratatutako ikertzaileak (PIC). Arazoa partzialki baino kontsideratzen ez duten araudietatik harago, Lan Hitzarmenean jasotako ikerlarien atalak berrikustetik eta moldatzetik abiatzea da LABen proposamena.
Edozein kasutan, eta luzatu zitzaigun aldi baterako ikerlarien kontrataziorako araudi proposamenaren xehetasunetara etorriz, zenbait puntu azpimarratu nahiko genituzke.
Araudi horrek doktoretza aurreko eta doktoretza osteko ikerlarien kolektiboak bereizten ditu. Doktoretza aurreko ikerlariei dagokienean, LABetik gure betiko proposamenari eusten diogu: kontratatutako urte bakoitzean ikerlari hauen soldata irakasle laguntzaileen soldatarekin bat etortzea, urteen araberako portzentaiak aplikatu beharrean.
Bide batez, erabat salagarria iruditzen zaigu, eta halaxe egin genuen, beste behin, batzordean ere, EHUk, gaur-gaurkoz, kolektibo honetako hainbat ikertzaileren soldatak EPIPFak ezarritakoetara ez egokitu izana. Beste komunikatu batzuetan adierazi izan dugun moduan gatazka hau epaitegietara eramatera behartu gaituzte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aldeko 6 epai jaso ditugun arren EHUk eskubide hau aitortu gabe jarraitzen du, epai hauen aurkako helegiteak jarriz Estatuko Epaitegi Gorenean. Ulertezina eta onartezina iruditzen zaigu EHUk bere langileen eskubideen aurka mantentzen duen jarrera hau eta helegite hauek lehenbailehen bertan behera uzteko exijitzen dugu.
Doktoretza osteko ikerlariak kontratatzeko proposamenaren inguruan ere baditugu zalantza batzuk. Kolektibo hau hiru mailatan sailkatzea proposatzen da: inkorporaziokoa, kontsolidaziokoa eta berezia edo singularra. Maila hauen arteko bereizketa, bakoitzean ikerlariek beteko dituzten funtzioen araberakoa izatea nahi da, eta soldatak ere mailaren arabera bereiztuko lirateke.
Mailarik apalena inkorporaziokoa litzateke doktore berriek ikerketa esperientzia eta heldutasuna lortzeko bideratuta, beren soldata irakasle atxikien parekoa izanik; bigarren maila kontsolidaziokoa litzateke, heldutasuna eta lidergo gaitasuna erakusten duten ikertzaileentzat, beren soldata irakasle agregatuen parekoa izanik; eta, azkenik, maila berezia, eskarmentu eta lidergo ahalmen handikoentzat (Marie Curie programa etab.).
Batetik, egia da doktoretza osteko ikerlarien kolektiboan, deialdi desberdinetako (EHU, EJ, Ministerioa) ikerlarien soldatak parekatzeko balioko lukeela, nahiz eta, bi mailatan bereizitakoak izan. Bestetik, ordea, LABetik zalantzak dauzkagu aipatutako funtzioak modu objektiboan baloratzeko irizpideen aurrean. Ez zaigu iruditzen hau erraz egiteko gauza bat denik eta ondo aztertu beharreko kontua izango da.
Ez genuke aipatu gabe utzi nahi, beste behin, 2018ko (eta hortik aurrerako urteetako) EPEari lotuta, deialdi hauetan Ramon y Cajal kontratudun ikerlarientzat gordetako plazak (%15), I3 akreditazioa daukaten eta Bikaintasun Programetan diharduten ikerlariekin osatzeko aukera alferrik galtzen uzteko arriskua. Epeak agortzear direnean ez dago batere argi zein izango den EHUren irizpidea zentzu honetan, eta praktikan plaza finkoak galtzen uztea litzateke EHUn dagoen behin-behinekotasun tasa handituz. Kanpoko talentuak erakartzeaz dihardute, etxean dauzkagunak zaintzeko gauza ez direnean! Halaxe salatu genuen LABetik uztailaren 7ko batzordean.
Ikerketa eta IRI Errektoreordetzetatik esan zitzaigunez araudi zirriborro hau uztailaren 20ko Gobernu Kontseiluan aurkezteko asmoa dute. Ez zen hau sindikatuon gustuoko erabakia izan. Ez zaigu egokia iruditzen aldez aurretik sindikatuok ekarpenak egin eta testu bat adosteko negoziazio prozesu bat abian jarri gabe, besterik gabe, beren proposamena Gobernu Kontseiluan aurkeztea. LAB irmo agertzen da honen aurka. Esan bezala, LABen proposamena lan-hitzarmenean jasotako ikerlarien atala moldatzea da. Beraz, orain alde sozialarekin negoziatzeko unea da. Horretarako zuzendaritzari eskatzen diogu prestasuna azaltzea eta behar den denbora hartzea.