Ikertzaileen Soldatak Negoziazio Mahaian

Ekainaren 10ean, mahai negoziatzailea bildu zen, batez ere, doktoretza aurreko ikertzaile (PreDok) eta 22. artikulupeko ikertzaileen (PostDok) soldatez hitz egiteko. Laburbilduz:

Formazio Ikertzaile Pertsonalaren Estatutuaren (EPIF) ondorioetan zentratu zen bilera. Argi geratu zen, EPIF delakoa arautzen duen Errege Dekretuak ez duela behar besteko neurriak zehazten,  doktore aurreko ikertzaile guztien, egungo zein etorkizunekoen, soldatak gaurkotzeko. Izan ere, zenbait unibertsitatek errekurritu dute dekretu hori. UPV/EHUko administrazioak erabaki du EPIFen araberako soldatak soilik ordainduko diela deialdi berrietako ikertzaileei, kanpoan utziz gainerako guztiak. Erabaki horren aurrean, LABek bere desadostasuna adierazi zuen,  kolektibo berdinaren baitan bi soldata desberdinak egotea diskriminatzaile eta, beraz, onartezina  dela esateaz gain, soldata guztiak estatutu horrek ezartzen duenaren arabera, gutxienez, izan behar direla defenditu zuen. Administrazioaren jarrera mugitu ezina ematen bazuen ere, LABek eskatu zuen proposamen birformulatu batekin negoziatzen jarraitzea, eta horrela onartu zen. Irakaskuntza orduei dagokionez, ildo beretik joan zen administrazioak ekarritako planteamendua etorkizuneko kontratuetan gehienez 180 ordu izatea eta gaur egungo PreDokei 240 ordu mantentzea.

Bestalde, 22. artikulupeko ikertzaileen gaiari dagokionez, Ikerkuntza errektoreordeak deialdi desberdinetako soldaten aldeak mahai gainean jarri zituen. Kolektibo honetarako ere LABek eskatu zuen soldatak berdinak lan berdina egiten duten ikertzaileentzat. Gure ustez, UPV/EHUko deialdiko soldatak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza legeak ezartzen duena betetzen dute, hitzez hitz: “22. d La retribución de este contrato no podrá ser inferior a la que corresponda al personal investigador que realice actividades análogas”, UPV/EHUren kasuan, ikertzaile horiek Kontratupeko ikertzaile doktoreak (PIC) dira. Beraz, gure iritziz beste deialditako (Eusko Jaurlaritza, RyC,…) ikertzaileen soldatak aipatu figura horren soldatarekiko parekatu (igo) beharko lirateke. Tamalez, badirudi hori ez dela izango Administrazioaren asmoa.

LABentzat bistan da, ikerkuntza bikaina egiteko ikertzaileek lan-baldintza duinak izan behar dituztela, eta horiek lortze aldera gure aldarrikapen taula berresten dugu. Halaber, lan baldintza duinak bermatzeko finantziazio nahikoa izatea ezinbestekoa da. LABek urtero legez, aurten ere, Eusko Jaurlaritzak, finantziazio urria esleituz, unibertsitate publikoarekiko erakusten duen mesfidantza eta  utzikeria salatu zuen Gobernu Kontseiluan eta unibertsitate komunitatearen aurrean. Aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu!!

Informatzen jarraituko dizuegu. Zalantzak edo ekarpenak baldin badituzu jarri LABekin kontaktuan.