Irakaskuntza esleitzeko araudi berria onartuta, LABen balorazioa

Abenduaren 17an izandako Gobernu Kontseiluan irakaskuntza esleitzeko araudi berria onartu da. Hara eraman baino lehen, ibilbide luzeegia izan du testu honen eztabaidak sindikatuekin. Izan ere, urte bat baino gehiago igaro da eztabaida hasi zenetik behin betiko bertsiora izan arte. 2019ko urrian, ekarpenak egiteko gonbidapena LABen irakasle eta ikertzaile afiliatuei luzatu ostean, hainbat izan dira buruturiko bileretara LABetik eramandako proposamenak. Horietako batzuk gehitu dira, araudia hobetzea bideratuz. Onartu berri den araudia guk nahi izango genukeena ez bada ere, hainbat alderditan hobekuntzak baditu:

  • Sail barruan irakasgaiak banatzeko adostasuna ez egotekotan, banaketarako irizpideak egokitu dira. Aukeraketa-lehentasunak mantentzen badira ere (kontratuaren iraunkortasun-mota, doktore izatea/ez izatea, kategoria akademikoa, antzinatasuna), sortutako zerrendaren kide bakoitzak bere kreditu guztiak hartzen zituen aurreko araudiarekin, zerrendako azken irakasleek irakasgaiak aukeratzeko tarte minimoa izanez. Hemendik aurrera bi txandaren bidez banatuko da, non irakasle bakoitzak, ezarritako ordenan, bere enkarguaren erdia lehenengo txandan aukeratuko duen eta, jarraian, kredituen gainontzeko erdia bigarren txandan. Modu honetan, banaketa ez da hain hierarkikoa izango.
  • Irakasle elkartuei lotutako irakaskuntza banaketatik kanpo geratuko da orain. Izan ere, irakasle horiek unibertsitatetik kanpo lan egiten duten profesionalak dira, eta unibertsitateak adituak diren irakasgai zehatzak emateko kontratatzen ditu. Ezin da, beraz, irakasgai horiek irakasle guztien arteko banaketan sartu. Irakasle elkartuen figurarekin kasu gehiegitan gauzatzen den erabilera okerra mugatzeko pausu bat da, baita benetako irakasle elkartuak babesteko neurria.
  • Irakaskuntzaren kalitateari begira eta irakasleen arteko irakasgaien banaketa orekatuago bat egite aldera, araudi berrian irakasleak lauhilekoan graduko 2 irakasgai baino gehiago eta ikasturtean graduko 4 irakasgai baino gehiago ez ematea jasotzen da, irakasleak kontrakoa eskatzen ez badu behintzat.
  • Hizkuntzaren ratioa euskara-gaztelania plaza elebidunen kasuan plaza elebakarrena baino handiagoa izatekotan, plaza elebidunak okupatzen dituzten irakasleek enkargua “nahitaez” euskaraz aukeratu behar izatetik “nagusiki” euskaraz aukeratu behar izatera pasatzen da, irakaskuntza “beste hizkuntzetan aukeratu ahal izatea eragotzi gabe”.
  • Salbuespeneko egoeretan, irakasle batek bere irakats ahalmenetik gorako irakaskuntza esleitzen zaionean, urte anitzeko plangintzaren barruan orekatzea jasotzen zen aurreko araudian. Oraingoan, orekatze hori hurrengo bi ikasturteetan gauzatuko dela espresuki jasotzen da, baita, gehienez, gehiegizko kredituak 3tik ez direla pasatuko ikasturtean, behintzat irakaslearekin beste adostasun batera ez bada heltzen.
  • Irakasle bati irakasgai berriak esleitzen bazaizkio, gutxienez 3 ikasturtez ematea ziurtatuko zaiola jasotzen da araudi berrian, berak horrela eskatzen badu.
  • Masterren irakaskuntzari dagokionez, tituluaren proposamenean agertzen diren irakasle eta ikertzaileei esleitzen jarraituko bada ere, oraingo araudian jasotzen da espresuki master arduradunek prozedura eta protokoloak ezarriko dituztela gaitasunak eta baldintzak betetzen dituzten sailaren beste irakasle eta ikertzaileek masterrean irakaskuntza eskatu eta eman ahal izateko.
  • Familiako bizitza eta laneko bizitza bateragarri egiteko ordutegia malgutzeari dagokionez, araudian gehitu da irakasleen eguneko irakaskuntza lanaldia (lehenengo eskolatik azkeneko eskolaraino) ez dela luzatuko 7 ordu baino gehiago, hastetik bukatzeraino.

Beste alderdi batzuetan aurrerapauso nabarmenagoak ematea beharrezko ikusten genuen. Adibidez, euskarazko eskaintza bermatze aldera, batez ere hautazko irakasgaien kasuan. Sailak irakats-eskaintza osoari aurre egiteko gaitasun nahikorik ez duenean, hautazko irakasgaiak eskaintzeari uko behar izatekotan, irakasgaiak hizkuntza ezberdinetan ematen badira hizkuntzen arteko oreka mantentzen saiatuko dela jasotzen da oraingo araudian. Alderdi hau jasotzea positiboa bada ere, ez da nahikoa. Izan ere, ez du behartzen euskarazko eskaintza mantentzera eta, beste alde batetik, aurrekariak daude non, hautazko irakasgai baten talde bat kendu behar izatekotan, kendu dena euskarazkoa izan den, nahiz eta gaztelaniazkoa baino matrikulatutako ikasle gehiago izan.

Tutoretzak dira hankamotz geratu den beste puntua. Izan ere, matrikulatutako ikaslerik (gradu, master, zein GrAL edo MALekoak) ez dagoen tarteetan ere irakasleak tutoretza orduetan bulegoan presentzialki egotera behartuta jarraitzen du.

Edozein kasutan, aipatu bezala, araudi berria, bere osotasunean eta aurrekoarekin alderatuta, positiboki baloratzen dugu. Egindako lan-inbertsioak balio izan du irakasle guztien baldintzak hobetzeko baita beste gai batzuk babesteko ere (euskara, irakaskuntza-figuren erabilera, irakaskuntza kalitatea…). Bide horretan jarraituko dugu lan egiten eta borrokatzen,baita langileen parte-hartzea bultzatuz ere.